→Galdakao

Perretxikoen unibertsitate bihurtuko da Galdakao Jardunaldi Mikologikoetan

Lehiaketa gastronomikoak, Show-cooking, mendi irteera, mahai-inguru mikologikoa eta eraskusketak izango dira Galdakaon urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean.

Perretxiko-erakusketa Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoetan // Argazkia: Galdakaoko Udala, Youtube

Lehiaketa gastronomikoak, Show-cooking, mendi irteera, mahai-inguru mikologikoa eta eraskusketak izango dira urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean

Galdakao Bizkaiko hiriburu mikologikoa izango da egun hauetan. Hain zuzen ere, Usansolon Umore Onak antolatutako jardunaldi mikologikoak eta tabernetako Pintxo Lanperna txapelketa ospatzeaz gain, Peña Santa Cruz elkarteak bultzatutako Jardunaldi Mikologikoak izango dira urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean.

Besteak beste, argazki-erakusketa, lehiaketa gastronomikoak, zuzeneko sukaldaritza saioa (Show-cooking), mendi irteera perretxikotan, mahai-inguru mikologikoa eta perretxiko-erakusketa antolatu dituzte. Era berean, Jardunaldi hauekin bat eginez, azaroaren 3an, larunbatez, Nekazaritza eta Artisautza Azoka tradizionala egongo da Kurtzeko plazan, 10:00etatik 15:00etara. Bertan, 30 postu jarriko dituzte.

Galdakaoko 51. Jardunaldi Mikologikoen aurkezpenean // Argazkia: Geuria

Aurten, aurrekoetan bezala, kutsu solidarioa izango dute jardunaldiek. Azaroaren 4an, igandez, pintxo solidarioa banatuko dute Kurtzeko plazan. Pintxo bakoitza txakolinarekin lagunduta emango dute 2 euroren trukean. Bildutako dirua Acambi elkartearentzako izango da, bular minbizia eta gaitz ginekologikoak ikertzearen alde.

Jarduerek Galdakaoko Udalaren eta BBKren babesa dute, baita Fungipedia elkarte mikologikoaren, Adiskide klubaren eta Andra Mari Dantza Taldearen laguntza ere.

Estatuko zaharrenak

Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoak Bizkaiko eta Estatuko zaharrenak dira. Iaz 50. urteurrena bete zituzten jardunaldiek eta aurten 51. edizioari ekingo diote. “51 urte asko dira Galdakaon mikologiaren zaletasunari bide egiteko gogo biziz hasi zen ekimen honentzat. Orain dela 51 urte, talde gogotsu batek frogatu gura izan zuen Peña Santa Cruz kartetan jokatzeko txoko bat izateaz gain, lapiko usaintsuen inguruan batzen zen jendea baino gehiago zela. Perretxiko txapelketa xume batekin hasi ziren eta urteak aurrera egin ahala, Jardunaldi Mikologiko oso aberatsa antolatzen dugu”, dio Alfonso Requero Peña Santa Cruz taldeko kideak.

Galdakaoko Jardunaldi Mikologikoaz gain, Galdakaoko San Silvestre lasterketa ere bada Estatuko zaharrena.

Galdakaoko 51. Jardunaldi Mikologikoak 2018 – Egitaraua

Urriak 28-Azaroak 4
Argazki erakusketa Urreta kiroldegian

Urriak 28, igandea
10:00 Lehiaketa gastronomikoa Iturriondo plazan. Ostalaritza eskola, txoko edo elkarte eta partikularrei zuzenduta. Lehiakideek jendaurrean perretxiko platerrak egingo dituzte eta ondoren, sukaldari ospetsuek (tartean, Aizian jatetxeko Jose Miguel Olazabalaga eta Galdakaoko sukaldariak) osatutako epaimahaiak baloratuko ditu

Urriak 31, asteazkena
19:00-21:00 Show-cooking (zuzeneko sukaldaritza) sukaldari entzutetsuekin Torrezabal Kultur Etxean. Sukaldariek perretxikoekin egindako plater batzuk egingo dituzte, prozesua eta ezaugarriak zinemako pantailan azalduz

Azaroak 3, larunbata
08:30-13:30 Perretxikotan basora. Mendi irteera Sarriako parketxera (Gorbeia) Galdakaoko ikastetxeetako ikasle-irakasleekin
19:00-21:00 Solasaldia eta mahai-ingurua Santa Cruz txokoan: Galdakaoko Lanperna (Amanita Rubescens)

Azaroak 4, igandea
10:00 Bizkaiko Jardunaldi Mikologikoak Kurtzeko plazan: perretxiko-erakusketa, eskolarteko perretxiko lehiaketa, Pintxo Solidarioa eta esku pilota partiduak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak