→Galdakao

Doako bost kontzertuk Galdakaoko kaleak girotuko dituzte azarora bitartean

galdakao kontzertu ibiltariak 2017 aurkezpena

Herriko kaleak eta saltoki-ingurua alaitzeko helburuarekin kontzertu ibiltariak antolatu ditu Galdakaoko Udalak urriaren 21etik azaroaren 18ra bitartean, larunbatetan.

Baxter Trio taldearen emanaldia taberna batean // Galdakaoko Udala

Herriko kaleak eta saltoki-ingurua alaitzeko helburuarekin kontzertu ibiltariak antolatu ditu Galdakaoko Udalak, Ekonomia Sustapen arloaren bitartez, urria eta azaroa bitartean. Estilo ezberdinetako taldeak hautatu ditu Udalak -besteak beste, folk, jazz, country, afroamerikarra edota folk-rock- eta herriko hainbat tokitan zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte.

Kontzertu ibiltariak 2017 Galdakao – Egitaraua

Urriak 21, larunbata
19:30-21:00 The Loozzies. Lehendakari Agirre plazako arkupeak
Paul San Martin pianista eta abeslariak zuzendutako taldea, Nando Neirak (baxua) eta Carlos Sagik (bateria) osatzen dute. Ibilaldi luzea duten musikariak dira eta, besteak beste, Kim Weston, Measha Brueggergosman, Billy Boy Arnold, William Prince, Nico Wayne Toussaint eta Ruper Ordorikarekin lan egin dute. Esperientzia handiko taldea, pasa den mendeko musika popularrean oinarritutako afroamerikar musika dibertigarrieanarekin kaleak alaituko dituena.

Urriak 28, larunbata
19:30-21:00 Baxter Trio. Santi Brouard plaza
Edu Basterrak (ahotsa eta gitarra), Edu Lazurteguik (bateria eta koroak) eta Dabid Martinek (baxua eta koroak) osatzen dute taldea eta 60-70 hamarkadako abesti ospetsuekin girotuko dituzte Galdakaoko kaleak. Bilbon aspalditik ezagunak diren musikariak dira hirurak eta Fito&Fitipaldis, Gontzal Mendibil, El Consorcio, Basin Street Band eta hainbat jazz taldeekin, kolaborazio ugari egin dituzte. Beraien abestien artean, Beatles, Stones, Billy Joel, Elton John, Credence Clearwater Revival, Slade, Led Zeppelin, Deep Purple, T. Rex, Albert Hammond, James Brown, Bob Marley, Mamas and the Papas, Procol Harum, Eagles, Chuck Berry etabarren abestiak aurki daitezke; baita Soul eta Rythm&Blueseko abesti arrakastatsuak ere.

Azaroak 4, larunbata
19:30-21:00 Mamagigi’s. Urreta
Orain dela oso gutxi argitaratutako bere azken diska aurkeztuko du Bizkaiko taldeak: “Psychobear”. Martin (gitarra elektrika eta ahotsa), Guille (gitarra akustikoa eta ahotsa), Mario (baxua eta koruak) eta Jonpa (bateria eta koruak) dira talde honetako kideak. Mamagigi’s iaz jarri zuten martxan eta harez geroztik, kontzertu ugari eskaini dituzte Bizkaian eta Estatu osoko hiri eta herrialde ezberdinetan. Batez ere, country musika lantzen dute, baina bere aurreko taldeen metal, rock, punk eta ska-ren eragina nabarmena da.

Azaroak 11, larunbata
19:30-21:00 Cloverwind. Gipuzkoa kalea
2012ko bukaeran sortu zen taldea eta bere musikaren bitartez, bertakoak Irlandako lurraldeetara hurbiltzen direlaren sentsazioa izango dute. Zeltiar erroak isladatzen duen Irlandako zein Euskal Herriko folk tradizionalarekin, ikusleek Irlandako historia ezagutzeko aukera izango dute, ingelesez, euskaraz zein gaelez abestutako abestien bitartez.

Azaroak 18, larunbata
19:30-21:00 Arrolinton. Lehendakari Agirre plazako arkupeak
Oscar Arroyok (ahotsa), José Ochoak (bateria) eta Tista Torrek (baxua), Neil Young zein Fleet Foxes gogorarazten duten beraiek sortutako folk rock estilozko abestiak ekarriko dituzte Galdakaora. Kantabriako taldearen gertutasuna eta zuzeneko emanaldi ezinhobea azpimagarriak dira. Horregatik, besteak beste, iaz Pop Rock Villa de Laredo lehiaketan, talde hoberenaren saria jaso zuten.

Gora