→Galdakao

1.363 langabetu erregistratu ditu ekainean Lanbidek Galdakaon

Lanbidek ekainean publikatutako azken txostenaren arabera, 1.363 langabetu daude Galdakaon (% 9,2). Generoaren arabera, 810 dira emakumeak (% 11,3) eta 553 gizonezkoak (% 7,2).

Adin tarteari erreparatuta, 45 urtetik gorakoen tartea da langabetuen kopururik handiena bai emakumezkoetan (445) zein gizonezkoetan (300). Ondoren, 25 eta 44 urte bitartekoen tartea dator: 323 emakume eta 210 gizonezko. 25 urtetik beherakoen tartea txikiena da langabetu kopuruari dagokionez: 42 emakume eta 43 gizonezko.

Sektoreka, zerbitzuen sektorean daude langabetu gehien (952). Industria (211), eraikuntza (78) eta nekazaritza (13) datoz ondoren, hurrenez hurren. Aurretik enplegurik ez dutenen langabetuen kopurua da 109.

Udal enplegu aholku zerbitzua

Udal enplegu aholku zerbitzuak 446 pertsonari eman dio arreta eta 1.166 aldiz erabili dute galdakoztarrek. Generoaren arabera, 256 emakumeak izan dira (% 54,94) eta 210 gizonezkoak (% 45,06). Adinari dagokionez, 25 urtetik beherakoak 47 izan dira, 25 eta 44 urte artekoak 187, eta 45 urtetik gorakoak 232 (% 28,54).

“Aholku zerbitzua, enplegu eskatzaileei eskaintzen zaien zerbitzua da eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua du. Bertan tresnak erabiltzen dira, lan-mundura hurbiltzeko ekintzak etengabe diseinatuz, pertsona bakotzari egokiturik”, dio Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak. Besteak beste, autokontsultarako tresnak, lan-merkatuko informazio-tresnak, enpleguarekin lotutako aldizkari espezializatuak, ordenagailuak, eta aholkulari baten laguntza du zerbitzuak.

Galdakaoko Udalak Lanbideren baimena du 2021. urtera arte lanbide aholkuko ekintzak eta zerbitzu-prestazioak eskaintzeko. Aholku zerbitzua udaletxeko beheko solairuan dago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak