Sareak

☉ Galdakao

Lanzadera zerbitzua Baskonia zubitik Etxebarrira joateko proposamena luzatu dio Galdakaoko Udalak Aldundiari

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak bi markesina jarriko dituela iragarri du: bata Bizkai kaleko 94. zenbakian eta bestea Boluetan.

|

Galdakaoko Udalaren proposamen berria lanzadera zerbitzuaren ibilbideaz // Argazkia: Galdakaoko Udala

Bizkaiko Garraio eta Mugikortasunerako foru zuzendariarekin bildu zen atzo Galdakaoko Udala. Iñigo Hernando alkatea eta Mari Paz Losada alkateordea ordezkari gisa, Vidal Martinezekin bildu ziren atzo Bilbon. Besteak beste, lanzadera zerbitzuari eta markesinei irtenbidea emango liokeen proposamena  luzatu diote Hernandok eta Losadak Martinezi.

Lanzadera zerbitzuari dagokionez, Galdakaoko Udalak proposatu du autobusa Baskonia zubitik sartzea Etxebarrirako bidean, Arcelor enpresako lurren ertz batetik igarota. Galdakaoko udal ordezkarien arabera, “proposamen honeko berehala leudeke autobusak Etxebarriko metro geltokian, herritarrei kalterik sortu gabe”, diote Galdakaoko Udaletik: “Etxebarriko Udalak badu proposamen horren berri, baita Arcelorrek ere. Eta ez dute aterik itxi“. Ildo horretan, aukera hori baliatu dezala eskatu dio Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari: Arcelorrekin bide-zor bat adostu dezala autobusak bertatik igaro ahal izateko, eta azken urteetan “liskar iturri” izan den auzia konpontzeko. “Erraza da konponbidea; merkea, egingarria, eta guztientzat onurak ekarriko lituzkeena”, diote Galdakaoko udal ordezkariek.

Autobus geltokietan markesinak jartzeko beharraren inguruan ere aritu ziren atzo Hernando eta Losada Martinezekin. Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak bi gunetan jarriko ditu markesinak: Bizkai kaleko 94. zenbakiko geralekuan eta Boluetan. Urtea amaitu baino lehen Boluetako geralekuak markesina izango duela agindu du Martinezek, eta Bizkai kaleko markesina “berehala” ipiniko duela ere iragarri du.

Hala eta guztiz ere, esku-hartze horiek “nahikoak ez direla” diote Udaletik, eta bitartean, gainontzeko geralekuetako gabezien aurrean, konponbidea Udalak berak bere kasa ematea erabaki du: “Aldundiaren betebeharra den arren, Udalak berak jarriko ditu Galdakaon beharrezkoak diren gainontzeko markesinak, herritarrek gutxieneko babes bat izan dezaten. 2020ko aurrekontuetan horretarako partida bat gordeko dugu”, diote. Udalak zortzi markesina gehiagoren beharra luzatu dio Aldundiari, “baina, zailtasunak dituela argudiatu, eta herrian estalki bakarra jartzeko konpromisoa soilik hartu du”, diote.

Metroaren auziaz

Metroa Galdakaora iristeko eskaerari dagokionean, Euskal Trenbide Sarearen eskariz Sener enpresa egiten ari den azterketan bi alor kontutan hartzearen garrantziaz ohartarazi du Galdakaoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundia. Batetik, egiten ari den azterketa osoa fase bakarrean egin dadila eskatu du Udalak, eta azterketa horrek Aperribai eta Bengoetxeko geltokiak ere barne bildu ditzala, “gaur egun aurreikusitako azterketak kanpoan uzten baititu”, diote. Bestetik, prozesu parte hartzaile bat ere eskatu du Udalak: “Herritarrek hitza eman ahalko duten prozesua”, diote. Eskaera hauek Euskal Trenbide Sareari aurkeztuko dizkio Galdakaoko Udalak.

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

|

Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean iznago da elkarretaratzea // HU Kontseilu Sozialista

Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.

Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.

“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan

Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek

|

Maiatzaren 17an, ostiralez, izango da bigarren eskuko merkatua Galdakaon, herriko institutuek antolatuta // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.

“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.

Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Burdin Hesitik ibilaldi gidatua antolatu dute Galdakaon, bonbardeketen 87. urteurrenean

Ibilbide gidatuaz gain, maiatzaren 19an bertan ekitaldi nagusia antolatu dute Plazakoetxen. Gainera, maiatzaren 15ean Gurseko errefuxiatuen kanpamenduaren inguruko hitzaldia emango du Jabi Bilbaok

|

Maiatzaren 19an Oroimen Ekitaldia antolatu dute Plazakoetxen // Geuria

Maiatzaren 19an 87 urte beteko dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, eta urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora elkarteak.

Ekitaldi nagusia Plazakoetxen izango da 13:00etan. Ohi bezala sirena hotsak entzungo dira eta lore-sortak utziko dituzte bonbardaketen memorialean.

Aurretik, 09:00etan ibilbide giudatua izango da Burdin Hesitik. Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da basotik, bertako lubaki, babesleku eta metrailadoreen habiak ikusiz eta horien inguruko azalpenak entzunaz.

Bestetik, maiatzak 15ean ‘Gurs: camp des basques’ hitzaldia eskainiko du Jabi Bilbao irakasle eta adituak. Hitzaldia 19:00etan izango da Torrezabalen.

Egitaraua / Galdakaoko bonbardaketak – 87 urte

Maiatzak 15, asteazkena
Hitzaldia: ‘Gurs: camp des basques’, Jabi Bilbao
19:00 Torrezabaleko erakusketa gela

Maiatzak 19, igandea
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua: 7 kilometroko ibilbidea basotik
09:00 Kurtzeko plazatik

Oroimen ekitaldia
13:00 Plazakoetxe

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Erlauntza handi bat agertu da Galdakaoko herrigunean

|

Hainbat erle erlauntza bat egiten agertu dira Galdakaon. Inocencio Goikuria Iturriotz galdakoztarrak Lapurdi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko zuhaitz batean erlauntza egiten zeuden momentuko irudiak publikatu ditu bere sare sozialetan.

Bideoarekin batera honakoa publikatu du Goikuriak: “Udaberriaren amaieran eta udan, erleen koloniak banatu egiten dira erlauntza berriak sortzeko. Jatorrizko erlauntza erle erregina gazte baten ardurapean geratuko da, eta kolonia berriro jendeztatu beharko du. Erle erregina zaharrena, berriz, erle langileen laguntzarekin leku berri baten bila aterako da. Erle erreginak, erle langileek eta zenbait zantarrek osatzen duten talde migratzaile honi erlauntza deitzen diogu”.

Osorik irakurri