→Galdakao

Sei ludoteka izango ditu Galdakaok, Bengoetxe eta San Inazio auzoetara hedatuz

galdakao ludoteka urreta argazkia galdakaoko udala

Udalak 500.000 euro inbertituko ditu bi ludoteka berrietan eta dagoeneko adjudikazio-prozesua hasi du ludoteka berriak hornitzeko eta instalatzeko.

Urretako ludotekan hainbat ume jolasean // Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaok gaur egun lau ludoteka ditu, baina Udalak udal zerbitzu hau beste bi auzoetara hedatzeko asmoa agertu du. Alegia, ludoteka-sarea Bengoetxera eta Loiolako San Inazio kalera zabalduko du Udalak aurtengo ikasturtean. Modu horretan, Galdakaok sei ludoteka izango ditu: Plazakoetxen, Usansolon, Aperribain, Urretan, Bengoetxen eta San Inazion.

Udalak 500.000 euro inbertituko ditu bi ludoteka berrietan eta dagoeneko adjudikazio-prozesua hasi du ludoteka berriak hornitzeko eta instalatzeko, hiru modulu aurrefabrikatu bidez. Era berean, Urretan espazio berri bat emango diote ludotekari, gaur egun duen kokalekua itxiz. Aurten hasiko dira hiru kokalekuetan hiru modulu aurrefabrikatu hornitzen eta instalatzen. Modulu bakoitzak 95 metro kuadro inguru izango ditu.

Ludoteka zerbitzua 3 eta 11 urte bitarteko haurrentzat dago zuzenduta. Gaur egun, 800 haur daude izena emanda udal zerbitzu honetan. Hala ere, antolatzen dituzten jarduerak adin-tarte horretako ume guztientzat daude zabalik. Euskara Zerbitzuak bultzatzen du ludoteka-zerbitzua.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak