→Galdakao

Maximo Moreno Musika Eskolak klaseak eskainiko ditu lehen aldiz Usansolon

Ikasturte berrirako prestatzen ari dira Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolan. Maiatzean matrikulazio epea zabalduko dute eta kultura musikala sustatzen jarraitzeko berrikuntza batzuk aurreikusi dituzte.

Urretako zentroan 17 espezialitate eskaintzen dituzte // Argazkia: Galdakaoko Udala

Ikasturte berrirako prestatzen ari dira Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolan. Maiatzean matrikulazio epea zabalduko dute eta kultura musikala sustatzen jarraitzeko berrikuntza batzuk aurreikusi dituzte. Alde batetik, proba pilotu bezala eta bi herritarrek proposatuta, aurten lehendabizikoz Musika Eskolak klaseak eskainiko ditu Urretatik kanpo: “Proba pilotua izango da eta lehen aldiz klaseak eskainiko ditu Musika Eskolak Usansolon”, dio Aintzane Urkiza Musika Eskolako presidenteak: “Ekimen honen helburua da, lehenik, beharrizanak ikusi eta, ondoren eskaintza hau beharrizan horietara egokituz joateko”.

Unkina ikastetxean emango dituzte eskolak astelehenetan eta asteazkenetan, ordutegia zehazteke. Hain zuzen ere, musika lengoaia klaseak eskainiko dituzte 7 urtetik gorako umeentzako. “Usansolo eta Unkina ikastetxea aukeratu ditugu batez ere ikastetxeak berak eskaintzen dituen espazio erraztasunengatik”, dio Urkizak. Udaletik aurreratu dutenez, proba pilotua ondo badoa, Galdakaoko beste auzoetara ere hedatuko dute Musika Eskolaren zerbitzua.

Aintzane Urkiza Musika Eskolako presidentea // Argazkia: Geuria

Beste berrikuntza bat izango da aurten ikasturte amaierako ikuskizuna kalera aterako dutela. “Orain arte Torrezabalen egin izan da ikasturte amaierako ikuskizuna, baina kultura musikala herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin, pentsatu dugu aukera ona dela aurten kalean egitea. Baliteke Urretan izatea, baina oraindik zehazteke dago”, dio Urkizak. Ikasturte amaierako ikuskizuna ekainaren 20an izango da.

Matrikulazio epea zabalik maiatzean

Maximo Moreno Udal Musika Eskolan 2019/2020 ikasturterako matrikulatzeko epea zabalduko dute maiatzaren 13an eta hilaren 31ra arte luzatuko dute. Matrikulazio epea lehendik Musika Eskolan daudenei zein ikasturte berria hasi nahi dutenei dago zuzenduta. Interesdunek astelehenetik ostegunera eman dezakete izena 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara. Matrikularen prezioak mantenduko dituzte. 2018/2019 ikasturtean 587 ikasle izan ditu Musika Eskolak, 5 urtetik gorakoak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak