→Galdakao

Memoriaren Plaza erakusketak “gogoeta kritikoa eta transmisioa” bilatuko du Galdakaon

galdakao memoriaren plaza 2018 erakusketa aurkezpena ok

Galdakaok Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria hartuko du maiatzaren 14tik 20ra bitartean. Helburua da biktima direnen lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Ibon Uribe Galdakaoko alkatea // Geuria

Galdakaok Memoriaren Plaza erakusketa ibiltaria hartuko du maiatzaren 14tik 20ra bitartean. Erakusketa honen bitartez, memoria gizarteratzea eta partekatzea, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea bilatuko du ekimen honek. Helburua da Euskal Herrian azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz. Zentzu horretan, biktima izan direnei eta herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazioa eskaini eta memoria horiek udalerrietan landuko dituzte etorkizunari begira.

Erakusketa Muguru kalean egongo da eta hainbat espazio izango ditu: testigantzak grabatzeko eremua, testigantzen bideoak ikusteko eremua (Gerra Zibilaren, frankismoaren zein terrorismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dira), proiekzio eta debate eremua eta mezuen horma-irudia. Erakusketaren irekiera-ekitaldia maiatzaren 14an izango da 18:00etan eta zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 09:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandean 10:00etatik 20:00etara. Maiatzaren 16an 19:00etan biktimen mahai-ingurua izango da. Era berean, Memoria Plaza erakusketak astean zehar goizez, hezkuntza tailerrak antolatuko ditu DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Galdakaoko ikasleez gain, inguruko udalerrietako ikastetxeek ere bisitatuko dute erakusketa (besteak beste, Arrigorriaga eta Basauri).

“Terrorismoaren edota indarkeria polizialaren biktima direnei errekonozimendua egitea bilatzen dugu ekimen honekin. Biktima guztien testigantzak beharrezkoak dira gizartean aurrera egiteko. Gogoeta kritikoa egin behar dugu eta datozen belaunaldiei gertaera eta gogoeta horiek transmititu”, dio Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen aldeko Gogora Institutuko zuzendariak. Hain zuzen ere, Memoriaren Plaza ekimenak bi helburu nagusi ditu: alde batetik gogoeta kritikoa egitea eta bestetik, gazteei eta datozen belaunaldiei transmisioa egitea: “Gertaerak objektiboak dira, baina gogoetak erabat pertsonalak dira, subjektiboak. Hori dela eta biktima eta herritar guztien pentsamenduak hartu behar ditugu kontuan. Memoria balorazio etikoa eginez osatu behar da”, dio Ezenarrok.

“Gatazka-kate luze honetan murgilduta gauden heinean ezin dugu bakegintzaz berbarik egin, autokritika egiten ez badugu. Alegia, autokritika zintzoa egiteak sinesgarritasuna eta zilegitasuna bermatzen digu”, dio Ibon Uribe Galdakaoko alkateak: “Udalerriko biktima guztiak erreparatzeko pauso bateratuak eman behar ditugu Udaleko talde politiko guztiek. Eta, Memoriaren Plaza beste urrats bat da eginkizun horretan”.

Dokumentalen emanaldiak

Erakusketa-gunean memoria berreskuratzearen aldeko ikus-entzunezkoak ere proiektatuko dituzte maiatzaren 14tik 20ra bitartean, arratsaldez. Dokumental hauek egongo dira ikusgai: lanegunetan La última trinchera (16:00), El valor de la autocrítica (17:00) eta Yoyes (18:00), eta asteburuan García Gorena. Caso abierto (12:00), Reconciliación (13:00) eta Oinatz galduak (15:00).

Memoriaren Plaza Gogora Institutuak sustatzen du 2016tik, Euskal Herriko Udalen laguntzarekin. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon, Barakaldon, Irunen eta Beasainen egon da. “33.000 lagunek hartu dute parte egin diren 17 erakusketetan eta bertan programatu diren ekitaldietan eta hauetatik 5.000 inguru ikasleak izan dira”, dio Ezenarrok.

Ekintza paralelo gisa, Galdakao Gogora elkarteak Oroimen Astea antolatu du zazpigarren urtez maiatzaren 12tik 19ra bitartean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak