→Galdakao

Paz Losada: “Herri guztia deitzen dugu osteguneko protestara, Metro duin baten alde”

Metroaren 5. Linearen aldeko Galdakaoko plataformak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 24an. Era berean, osoko bilkuran agerraldia egingo dute.

Azaroan deitu zuten kontzentraziora 100 herritar batu ziren. Ezkerretik bigarrena da Paz Losada, kamiseta urdinarekin // Argazkia: Geuria

Metroaren 5. Linearen aldeko Galdakaoko plataformak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 24an, ostegunez, udaletxe aurrean, “berriki Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duten proiektuak zalantza asko sortzen dizkigulako”. Kontzentrazioa 19:00etan izango da udaletxe aurrean: “Galdakao eta galdakoztar guztiak deitzen ditugu osteguneko protestara, Metro duin bat behingoz merezi dugulako”, dio Paz Losada Metroaren 5. Linearen aldeko Galdakaoko plataformako kideak.

Hain zuzen ere, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea metro sarearekin eta Euskotrenen sarearekin lotuko dituen proposamen berria aurkeztu zuten joan den asteazkenean Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Proposamen horren arabera, bi fase burutuko dituzte: lehenengoa Usansolo, Ospitalea eta Galdakao erdigunea lur-azpitik lotuko dituena, eta bigarrena Galdakao eta Sarratu (Basauri) lotuko dituena, Metroaren 1., 2. eta 3. lineekin bat egiteko.

“Lehenengo faseko obrak 2021ean hasi eta hiru edo lau urteko epean burutuko dituztela adierazi dute. Lehenengo tarte hori Metroaren 5. Linea izango zenaren bigarren faseko bera da. Zergatik orain lehentasuna eman Durangaldearekin? Gure ustez, botoak jasotzeko marketing kanpaina baino ez da”, diote Galdakako plataformatik: “Bigarren faseari dagokionez, oraindik ez dute ezer ez zehaztu eta horrek zalantza gehien piztu du herritarrengan. Izan ere, bigarren fasea egin bitartean, erdigunetik aldenduago gauden herritarrak atzera egitera behartzen gaitu, Usansoloraino, Bilbora joateko”.

Ildo horretan, Aperribai eta Bengoetxeko geltokiak proiektu berritik kanpo geratu direla salatu dute plataformatik: “Erabat abandonatuta utzi gaituzte bertako herritarrak. Proiektu honen arabera, Aperribaitik Bilbo erdigunera joateko ordubeteko denbora behar izango da. Zentzu horretan ez dute hobekuntzarik adierazten”.

Osoko bilkurara azalpen eske

Urtarrilaren 24ko elkarretaratzeaz gain, Metroaren 5. Linearen aldeko Galdakaoko plataformatik adierazi dutenez, agerraldia egingo dute Galdakaoko osoko bilkuran urtarrilaren 31n. “Galdakaoko ordezkariei azalpenak eskatzera joango gara. Argi utzi nahi dugu ez garela bigarren mailako herritarrak eta proiektu honek sortzen dizkigun zalantzak argitzera joango gara osoko bilkurara”, dio Losadak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak