→Galdakao

Mr Pongo taldea eraberrituta itzuli eta disko berria prestatzen ari da

galdakao mr pongo 2019 promo argazkia Kanttuenea Ekintzak

Taldekide berrien etorrerarekin batera, kanta berriak sortzen ari da Mr Pongo taldea. Aurreikuspenen arabera, 2019 urte amaierarako kaleratuko dute bigarren diskoa.

Mr Pongo taldea // Argazkia: Kanttuenea Ekintzak

Urte berriarekin batera Mr Pongo taldea lanean hasi da eta zenbait berrikuntza ditu esku artean. Taldekide berriak sartzeaz gain (Efe -saxoa- eta Urtzi -baxu elektrikoa-), taldearen izenak aldaketa txiki bat jasan du: “Band abizena galdu egin dugu eta aurrerantzean Mr Pongo izango gara”, dio Kimok, taldeko Dj-ak. Kimorekin batera Mr Pongo osatzen dute: Markel (ahotsa eta teklatuak), Arana (gitarra), Bittor (bateria) eta taldera azkenak batutakoak, Efe (saxoa) eta Urtzi (baxu elektrikoa).

“Taldekide berrien etorrerarekin batera, kanta berriak sortzen gabiltza”, dio Kimok: “Oraingoz bost kanta berri amaitu ditugu. Horietako bi dagoeneko zuzenekoetan aurkeztu genituen iazko udan, eta baditugu beste hiruzpalau zirriborro”. Adierazitakoaren arabera, taldeak asmoa du 2019ko udan zehar kantu berri hauek zuzenekoetan aurkeztea, “probatzea eta hobekuntzak egitea, eta iraila-urria bitartean horiek grabatzea”, dio Kimok: “Dena nahi bezala badoa, diska berriak hamar bat kanta izango ditu”. 2019 urte amaierarako bigarren diskoa kaleratzea aurreikusten du taldeak.

Zuzenekoak

Disko berria prestatu bitartean, Mr Pongo taldeak “zuzeneko borobila” prestatzen dabil, “Funky-hop estiloa mantenduz eta gure testuak Estatu eta kapitalari zuzenduz”, diote. Oraindik ez dute datarik lotu, baina “gogoz” daudela adierazi dute. “Gure emanaldia antolatu nahi duena, Taupaka Elkartearen bitartez gurekin eta baita beste artista askorekin jar daiteke harremanetan”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak