→Galdakao

Esne Beltza eta Xabi Aburruzaga arituko dira Musika Bizian jaialdian

galdakao musika bizian 2018 taldeak

Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak izango dira Musika Bizian jaialdiko V. edizioan, urriaren 26an eta 27an.

Esne Beltza, Xabi Aburruzaga, 47 Soul, Els Groullers eta Flats&Sharps // Argazkiak: Utzitakoak

Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak izango dira Musika Bizian jaialdiko V. edizioan, urriaren 26an eta 27an. Estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da

Estaturik gabeko herrialdeen arteko Musika Bizian jaialdia antolatuko dute beste urte batez Galdakaon. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta Palestina, Kornualles, Katalunia eta Euskal Herriko taldeak izango dira gonbidatu urriaren 26an eta 27an ospatuko den jaialdian. Euskal kulturaren ordezkari izango dira aurtengo egitarauan Esne Beltza eta Xabi Aburruzaga, Palestinatik 47 Soul musika elektronikoko laukotea etorri da, Els Groullers Kataluniatik eta Flats & Sharps Kornuallesetik. Kontzertuez gain, kalejirak, umeentzako tailerrak edota musika-tresnak nola egiten dituzten ikusteko luthier-azoka bat ere egongo dira. Iturriondo plaza jaialdiaren muin bilakatuko da urriaren 26an eta 27an. Bertan 120 metro karratuko eszenatokia eta 750 metroko karpa jarriko dituzte, publikoa eguraldi txarretik babesteko.

Jaialdi bakarra munduan

Musika Bizian Estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da eta hasieratik, 2014tik, bere izaerari eutsi dio: irabazi asmorik gabeko folk/rock jaialdia, estaturik gabeko nazioetako lehen mailako taldeak biltzen dituena eta kaleko musika eta familia guztiarentzako ekintzak uztartzen dituena.

5.000 pertsona urtero

Europako, Amerikako eta Afrikako hogei taldek parte hartu dute dagoeneko Musika Bizian jaialdian eta 5.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu urtero urriko azken asteburuan Galdakaon egiten den zitara.

Lau ediziotan, Musika Bizianek hainbat naziotako musikariak ekarri ditu: Galizia, Okzitania, Bretainia, Flandria, Korsika, Sardinia, Gales, Eskozia, Ipar Irlanda, Sahara eta Quebec. Euskal ordezkaritzarekin batera, beti ere: Kherau, Korrontzi, Kepa Junkera, Gozategi, Anje Duhalde, Ze Esatek!, Huntza eta Hesian.

Musika Bizian jaialdia Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak antolatzen du urtero, Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

MUSIKA BIZIAN 2018 – EGITARAUA

Urriak 26, ostirala

19:00-21:00 Kale-animazioa: Taberna Ibiltaria. Iturriondo plazatik
21:00 Kontzertuak Iturriondo plazan: Els Groullers (Països Catalans) + Xabi Aburruzaga (Euskal Herria)

Urriak 27, larunbata

12:00-14:00 Euskal musika tresnen erakusketa Iturriondo plazan
12:00-14:00 Haurrentzako tailerrak Iturriondo plazan
12:00-14:00 Luthier azoka Iturriondo plazan
19:00-21:00 Kale-animazioa: Marmara Musik Band. Iturriondo plazatik
21:00 Kontzertuak Iturriondo plazan: Flats & Sharps (Kornualles) + 47Soul (Palestina) + Esne Beltza (Euskal Herria)

Jarduera guztiak doan dira

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak