→Galdakao

“Dena aprobetxatu, ezer alferrik ez galtzeko”, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako filosofia

Galdakaoko Ostalaritza Eskolak Ekonomia Zirkularraren Jardunaldia antolatu zuen atzo. Ildo horretan, ingurumenarekin sentsibilizatzeko kanpaina martxan jarri dute.

Produktuari bigarren bizitza emanez, "naturzarama" kontzeptuaren aurka borrokatzen dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolan // Argazkia: Geuria

Galdakaoko Ostalaritza Eskolak Ekonomia Zirkularraren Jardunaldia antolatu zuen atzo. Galdakaoko eskolak, Euskadiko Lanbide Heziketako beste hamabi zentrorekin batera, Ekonomia Zirkularraren Proiektuan parte hartu du 2017/2018 ikasturtean.

Ikastetxeek zirkulu bat osatu eta ixten dute, nork bere arlotik (nekazaritza, elikagaien industria, itsasoa eta arrantza, eta ostalaritza eta turismoa) lan eginez: Derio, Fraisoro eta Arkaute zentroek nekazaritzako elikagaiak ekoizten; Lea-Artibai eskola elikagaiak prezesatzen; Mutikuko Kardala Akuikultura Eskola arrainak biltzen; eta Galdakao, Leioa eta Artxanda (Bizkaia), Cebanc (Gipuzkoa), Egibide eta Gamarra (Araba) ostalaritza eskolek produktuak sukaldatzen eta kontsumitzen. Gutxi gorabehera, 3.000 ikaslek hartzen du parte ekimen horretan.

Zirkulu hori Ostalaritzako eskoletan batzen diren janari hondarrak era hondakinak aprobetxatuz ixten da: Nekazaritza Eskolek emandako jatorrizko produktuekin elikagaiak egitea (lurretik lehengaia hartzea, alegia), sukaldatzea, kontsumitu ondoren geratzen den hondakina konpost bihurtu eta berriro jatorrira -lurrera- bueltatzea. Hori da ekonomia zirkularraren adibideetako bat: produktuari bigarren bizitza emanez, “naturzarama” (naturan zaborra botatzea) kontzeptu hedatuaren aurka borrokatzeko helburuarekin. “Gure helburu nagusia da dena aprobetxatzea eta ezer alferrik ez galtzea”, dio Mikel Basabe Galdakao Ostalaritza Eskolako ikasleak.

Ingurumenarekin sentsibilizatzea

Irailetik ‘Ez dago beste planeta’ izenburupean bizitzaren-zikloaren kontzeptua ari dira lantzen Galdakaoko Ostalaritza Eskolan, eta Agenda 21eko ‘Stop plastikoak’ kanpainarekin bat egin dute bertako ikasle zein irakasleek. Helburua da ikasleak ingurumenarekin sentsibilizatzea, eta horretarako, hitzaldiak, tailerrak, bisitaldiak edota irteerak antolatu dituzte.

Ekonomia Zirkularra Jardunaldia atzo, Galdakaoko Ostalaritza Eskolan // Argazkia: Geuria

Esate baterako, Galdakaoko ostalaritza ikasleak jaboien inguruko tailer batean parte hartu zuten. “Sukaldean erabilitako olioa birziklatuz beste produktu batzuk sor daitezkeela ikasi genuen. Besteak beste, sukaldeko olioarekin jaboiak egin zitezkeela ikasi genuen”, dio Galdakaoko ikasle batek. Ikasleek sukaldeko 50 kilo olio birziklatu zituzten eta horrekin jaboiak egin zituzten.

Bestetik, irteera egin zuten Galdakaotik ostalaritzako ikasleek, “kalean egunero topa dezakegun zaborra aztertzeko”, diote. Hain zuzen ere, “plastiko gehiegi, zigarro-hondakinak eta txakurren gorotzat” dira gehien ikusi zituztenak Ostalaritza Eskolatik Maximo Moreno plazaraino egin zuten irteeran. “Plastikoari dagokionez, konturatu ginen gehiegizkoa dela bere erabilera eta zabor gehiena plastikoa dela”, dio Nadie Aquiles ikasleak: “Zazpi plastiko mota daude eta guztiak degradaezinak dira. Horregatik plastikoaren erabilera murriztu behar dugu ingurumena ez hondatzeko”, dio.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Fernando Izagirre Galdakaoko alkateordea Ekonomia Zirkularra Jardunaldian // Argazkia: Geuria

Galdakaoko Ostalaritza Eskolak eta gainontzeko hamabi zentroek Euskadiko Lanbide Heziketako Bioekonomia Aplikatuaren Sarea osatzen dute. Ekonomia Zirkularraren Jardunaldia Tknika zentroak koordinatuta izan da (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketako eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa). Jardunaldian gonbidatu izan dira Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea, baita Fernando Izagirre Galdakaoko alkateordea ere. Eduardo Alzola Galdakaoko Ostalaritza Eskolako zuzendaria anfitrio lanetan izan da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak