→Galdakao

Zine estreinaldiak proiektatzen jarraituko du Torrezabal Kultur Etxeak

galdakao torrezabal areto nagusia 2015

Galdakaoko Udalak udalerriko prezio publikoak aldatu ditu. Era berean, kirol instalazioak erabiltzeko tasak aldatzea onartu du udalbatzak.

Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia // Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak udalerriko prezio publikoak aldatu ditu. Hain zuzen ere, Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusiko zerbitzuei dagokien prezio publikoak aldatzea onartu du. Alde batetik, zinemako sarreraren prezioa 50 zentimo igoko ditu, “inguruko errealitatera egokitzeko”: gaur egungo 4 eurotik 4,50 euroko prezioa izango dute zinemarako sarrerek (haurrentzako saioetan eta ikuslearen egunean 3,50 eurokoak izango dira sarrerak). Zinemako sarreraren prezioa igo arren, Bizkaiko baxuenetakoen artean jarraitzen du Galdakaok. “Igoera hau ezarri ezean, banatzaile zinematografikoek ez lukete Torrezabal Kultur Etxea zabalkunde-zirkuitu nagusiaren barruan kontsideratuko”, dio Ainhoa Agirregoikoa Kultura arloko zinegotziak: “Modu honetan, ziurtatuko dugu Galdakao estreinaldi zinematografikoen karteldegian egotea”.

Bestalde, Bonokultura sortzea adostu du udaltzak. Honekin bilatzen da galdakoztarrak Torrezabal Kultur Etxeko bazkide egin ahal izatea, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero egiten duen sustapenaren barruan, deskontu garrantzitsuak lortzeko. Bonokultura batengatik 30 euro ordaintzen da eta 40 euroko balioa duen kultur zerbitzuak lortzeko aukera ematen du.

Prezio publikoen eguneraketa uztaileko osoko bilkuran eztabaidatu du Galdakaoko udalbatzak. Aldaketa honek EAJ eta PSEren aldeko botoa izan du. Gainontzeko udaltaldeek (EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria, Galdakao Irabazi eta PP) kontran bozkatu dute.

Tasa berriak kirol abonuetan

Prezio publikoak eguneratzeaz gain, Galdakaoko Udalak kirol instalazioak erabiltzeko tasak aldatzea onartu du, EAJ eta PSEren aldeko botoekin (EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria, Galdakao Irabazi eta PPk kontran bozkatu dute). Berrikuspen honen ondorioz, hilero ia bi euro igoko dituzte kirol instalazioetan sartzeko familien abonuetan. “Inguruko udalerriekin konparatuta ere, Galdakaokoak prezio baxuagoak izaten jarraitzen du. Gaur egun 119 euro ordaindu behar dira urteko familia abonurako. Esate baterako, Etxebarrin 135 eurokoa da eta Basaurin 160 eurokoa”, dio Koldo Goioaga Kirol arloko zinegotziak.

Era berean, baliabide gutxiago daukaten pertsonentzako eta familientzako hobariak eskainiko dituzte: “Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera gutxiagoa daukaten herritarrentzat %70 arteko hobariak eskainiko ditugu”, dio Goioagak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak