→Galdakao

Sabin Bikandi galdakoztarra irakasle izango da EHUko Euskal Dantza ikasketetan

galdakao sabin bikandi argazkia aikotaldea

Euskal Herriko Unibertsitateak beste ikasgai bat sartu du 2018-2019 ikasturtean bere master eta gradu-ostekoen eskaintzan: ‘Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara’.

Sabin Bikandi // Argazkia: Aiko

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) beste ikasgai bat sartu du 2018-2019 ikasturtean bere master eta gradu-osteko propioen eskaintzan. Hain zuzen ere, euskal dantza tradizionalari buruzko ikasketak hartuko ditu lehen aldiz EHUk. Modu horretan, dantza tradizional titulua eskaintzen duen Euskal Herriko lehenengo unibertsitatea izango da EHU. ‘Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara‘ da prestakuntza eskaintza berezi horren izenburua, eta irakasleak dantza maisu, ikerlari eta koreografo ezagunak izango dira. Besteak beste, irakasleen artean egongo da Sabin Bikandi galdakoztarra

Bikandi (Galdakao, 1965) Filosofian eta Etnomusikologian doktorea da eta gaur egun Aiko taldeko kidea izateaz gain, Bilboko Udaleko danbolinteroa ere bada. Hainbat talde eta erakundetan aritu da 1980tik irakasle edota jotzaile moduan. Hala nola, Musikeneko tradiziozko dantza irakasle aritu da eta Txistulari aldizkariko zuzendaria izan zen (1992-1995). Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musika inguruan hainbat musika-lan idatzi eta moldatu ditu. 2015ean ikusikizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria irabazi zuen.

‘Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara’ Unibertsitate Hedakuntza Diplomak teoria eta praktika uztartzen ditu, sorkuntza eta eraldaketa aztertuz, folkloretik abangoardiara. Bikandiz gain, irakasle lanetan arituko dira, besteak beste: Jon Maya dantzaria eta Kukai konpainiaren zuzendaria; Juan Antonio Urbeltz euskal folklorearen ikerlaria eta Argia taldearen zuzendaria; Iñaki Irigoien dantzaria eta euskal dantzaren ikerlari aktiboa (Basauriko Dantza Agerketan antolatzaile lanetan izan da hainbat urtez); Ana Urrutia EHUko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko irakasleaMiren Gabantxo EHUn Ikusentzuneko eta Publizitateko departamentuko kidea; Patxi Laborda Aiko Taldeko musikari eta dantza maisua; Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohia eta Amilotx dantza taldeko zuzendaria; edo Baionako Maritzuli konpainiako Claude eta Jon Iruretagoyena.

Dantzariei eta dantza ikasleei zuzenduta

Euskal Dantza ikasketak Leioako Campuseko Hezkuntza Fakultatean emango dituzte, euskaraz, urritik ekainera bitartean, astearte eta ostegunetan, 15:30etik 20:30era. Ikasketa hau dantzariei, dantza tradizional eta musika eskoletako irakasleei eta ikasleei dago zuzenduta, eta euren gaitasunetan sakontzeko eta ezagutza eta espezializazio handiagoak emateko helburua du.

Ikasturtea hiru modulutan banatzen da: “Euskal Dantzaren teoria eta historia”; “Tradiziotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen berriak”; eta “Musika, dantza eta pedagogia”. Modulu horietako bakoitza modu independentean egin ahal izango da, ikastaro osagarri kalifikazioa du eta 10 kreditu emango ditu. Hori dela eta, Diploma osatzeak 30 kreditu emango ditu guztira.

Matrikulazio epea dagoeneko zabalik dago eta 20 plaza baino ez dituzte eskainiko. Prezioa 900 eurokoa izango da (hiru moduluetako bakoitza, 300 euro). Ikasketa hauek Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak