→Galdakao

Indarra Topaguneak 16 eta 18 urte bitartekoentzako jarduerak antolatuko ditu lehen aldiz

Esperientzia pilotua izango da eta jarduerak sustatuko dituzte Indarra Topagunean ostiraletan eta larunbatetan 20:00etatik 22:00etara.

jarduerak sustatuko dituzte Indarra Topagunean, ostiraletan eta larunbatetan 20:00etatik 22:00etara // Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakaoko Udalak Gazte Topaguneen aldeko apustua egiten jarraituko du aurten eta 500.000 euro inbertituko ditu 2022ra arte gazteentzako jarduerak sustatzeko, genero ikuspegia eta euskara sustatuz.

Topaguneak martxan jarri zituztenetik zerbitzua 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zegoen zuzenduta, baina aurten esperientzia pilotua jarriko dute abian Udaleko Gazteria arlotik: 16 eta 18 urtera arteko gazteei ere lekua egitea Topaguneetan.

Esperientzia pilotu hori aurrera eramateko lizitazio-prozesua zabaldu Udalak eta bertan jasotako berrikuntzen artean jarduerak sustatzea dago, ostiraletan eta larunbatetan 20:00etatik 22:00etara, 16 eta 18 urtera arteko erabiltzaileei zuzenduta. Zerbitzu berri hau Indarra Topagunean jarriko dute martxan. “12 urtetatik 18 urtera arteko gazteriak beharrizan, interes eta nahi oso desberdinak adierazten ditu eta Topaguneek aniztasun hori izan behar dute kontuan”, diote udal ordezkariek.

Galdakaon guztira lau Gazte Topagune daude: Usansolo, Aperribai, Zabalik eta Indarra.

Balioak sustatzeko lekuak

“Gazte Topaguneak aisialdi hezitzailea lantzeko guneak dira, balioak sustatzeko tokiak”, diote Galdakaoko Gazteria arlotik. Zentzu horretan, aniztasunarekiko errespetua, aukeren ekitatea eta berdintasuna, naturarekiko errespetua, euskararen sustapena, adikzioen prebentzioa, kultur aniztasuna eta feminismoa lantzen dituzte.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak