→Galdakao

Adin txikikoei zuzendutako jarduerak bultzatuko ditu hilero Galdakao Txirrindulari Elkarteak

Galdakao Txirrindulari Elkartearen zuzendaritza batzorde berriaren helburu nagusia izango da “harrobia eta zalego bikaina” sustatzea.

Argazkia: Galdakaoko Udala

Galdakao Txirrindulari Elkarteak zuzendaritza batzorde berria eratu du eta honek erronka berriak hartzeko ardura hartu du. Besteak beste, zuzendaritza batzorde berriaren helburu nagusia izango da “harrobia eta zalego bikaina” sustatzea, eta ildo horretan, adin txikikoei zuzendutako jarduerak bultzatzea eta txirrindularitza munduaren hastapenetan laguntzea bilatuko dute.

Gauzak horrela, hilero, igande batean, bi orduko saioak antolatzea da asmoa, 6 eta 12 urte bitartekoentzako. Gela pedagogikoaren bitartez, ginkanak egingo dituzte hilero, eta parte-hartzaileek euren bizikletak eraman beharko dituzte. Izen-emateak saioa izango den egunean bertan egin ahal izango dira, edo bestela asteazkenetan Galdakao Txirrindulari Elkartearen lokalean, Santi Brouard plazan, 20:00etatik aurrera.

Igor Antonen laguntza

Galdakao Txirrindulari Elkarteak dagoeneko lehenengo urratsak eman ditu adin txikikoen artean zaletasuna pizteko. Ekainaren 11n, asteartez, hainbat ariketa prestatu zituzten Urreta kiroldegian, eta aste honetan Urreta Ikastetxean ginkanak ere antolatu dituzte (ekainaren 12an eta 14an, 09:00etatik 11:00etara). Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko kideen aholkuak jasoko dituzte partaideek.

Era berean, Igor Anton txirrindulari profesional ohiak babesa adierazi dio ekimen honi, eta berau martxan jartzen laguntzen dabil. Anton Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskolatik atera zen eta ondoren profesionaletara egin zuen salto. “Modu bat da herriari nire esker ona itzultzeko beti eman didan laguntzagatik, eta adin txikikoekin lan egitea modurik onena da horretarako”, dio Antonek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak