→Galdakao

Galdakaoko gobernuak 150.000 euro aurreztuko ditu urtero politikari, liberatu eta dieta kostuetan

Iñigo Hernando, alkate izendatu aurreko momentuetan // Argazkia: Ander Arrieta

EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos alderdiek udal gobernu berria osatuta, zenbait neurri hartu dituzte. Besteak beste, Iñigo Hernando alkatearen soldata % 30ean murriztuko dute, baita politiko liberatuen soldata beste horrenbeste ere. Soldata kostuen, dieten eta asignazioen murrizketa horiei esker, 150.000 euro aurreztuko dituzte urtero (legegintzaldian 600.000 euro).

Gauzak horrela, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearen behin betiko soldata 52.800 eurokoa izango da, aurreko alkatearena baino 23.000 euro baxuagoa.

Izendapen libreko karguei dagokienez, hiru izatetik lau liberatu izango dira aurrerantzean: komunikazioko arduradura, hirigintzako arduraduna, idazkaria eta antolakuntza, azken hau liberatu berria da. Komunikazioko eta Hirigintzako liberatuen soldata % 30ean ere murriztu dute (47.535,40 euro urtean) eta Idazkariak aurreko soldata bera mantenduko du: 40.766,69 euro urtean.

EAJ izango da oposizioko buru eta alderdi jeltzaleak 42.781,85 euroko soldata izango du erabilgarri urtean, aurreko legegintzaldiko oposizio taldeak, EH Bilduk, zuena baino 25.125,80 euro gutxiago.

Dietak eta izendapenak

Dietetan ere dirua aurreztuko duela dio gobernu taldeak eta zenbakiak zehaztu dituzte: urtero dietetan 66.060 euro aurreikusten ditu Udalak; aurreko legegintzaldian, ostera, urtero 147.960 euro erabiltzen zirela zehaztu dute. Hortaz, murrizketa 81.900 euroko litzateke.

Talde politikoek dituzten diru-izendapenei dagokienean, murrizketa txikiagoa da: 94.668 eurotik 87.696 eurora izango da, urtero 6.972 euroko murrizketa, alegia.

Horiek horrela, politikarien eta liberatuen soldatak, dietak eta talde politikoen izendapenak kontutan hartzen baditugu, urtero 148.652,91 euroko murrizketa izango litzateke. Hortaz, legegintzaldiak lau urte dituenez, 594.611,649 euro aurreztuko lituzke Udalak. Datu hauek guztiak, Udalak jakinarazi ditu excel baten bitartez egindako alderaketa batean.

Gobernu ardurak, adostuta

EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria (UH) eta Elkarrekin Podemos alderdiek gobernu-ardura bakoitza nork kudeatuko duen ere zehaztu duteHamalau batzorde izatetik sei izatera pasako da Udala, eta honakoak izango dira: Alkatetza; Gizarte politikak; Hirigintza eta mugikortasuna; Ogasuna eta barne-erregimena; Gaztedia, Kirola, Kultura eta Euskara; eta Udaleko Lurralde Antolaketa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak