→Galdakao

Galdakaoko Udalak Mercadona berriaren obrak eten ditu, beharrezko baimenak ez izateagatik

basauri mercadona lokala 2015
Aperribai auzotik gertu dagoen Mercadona, Basaurin // Geuria

Galdakaoko Udalak prentsa ohar bidez adierazi du Mercadona berriaren obrak eten dituela, Formica izandakoaren lursailetan, eraikitzeko lizentziarik ez dutelako. Gobernu-taldearen esanetan, eraikin berria egiten ari den VUSA enpresak ez du ezinbestekoa den eraikuntzarako lizentzia. Izan ere, hori lortzeko beharrezkoa da URA-Uraren Euskal Agentziaren eta Konfederazio Hidrografikoaren baimena.

Horiek horrela, Udaleko Hirigintzako arduradunek zehapen-espediente bat ireki dute. “Ez da enpresa honek (VUSA) obrak lizentziarik gabe egiten dituen lehen aldia. Izan ere, aurreko legealdian ere, Formicaren eraikin zaharrak eraitsi zituztenean, modu irregularrean jardun zuten”, dio Iñigo Hernando alkateak.

Formicako eraisketa lanak // Galdakaoko Udala

Gobernu-taldeak konpromisoa hartu du horrelakoetan dabiltzan enpresek mesede-traturik jaso ez dezaten eta beren lanak gauzatzeko baldintza guztiak bete ditzaten. Hortaz, VUSA enpresak UR Agentziaren eta Konfederazio Hidrografikoaren baimena lortu beharko du obrekin jarraitu ahal izateko. Galdakaon eraikitzen ari diren Mercadona eta Basauriko Urbi auzoan dagoenaren artean autoz 5 eta oinez 25 minutuko tartea dago.

“Kalitatezko enplegu egonkorrak”. Hego Uribe eskualdean dagoen lehen Mercadona Basaurin ireki zuen kate balentziarrak, Aperribaitik gertu, Urbi auzoan. 1.500 metro karratuko gunean eraikita dago eta 40 lanpostu sortu zituztela adierazi zuen enpresak. 2015eko azaroan egin zuten irekiera ekitaldia eta orduan, enpleguen prekarietateari buruz galdetuta, lanpostuen egonkortasuna, kontziliazio-familiarra eta etengabeko formakuntza aipatu zituen banaketa kate balentziarrak.

2 mercadona ez! kartela

2015ean Basauriko kaleetan agertutako kartelak

Egun haietan, Mercadona irekitzearen aurkako kartelak agertu ziren zonaldean “Mercadonaren irekitzeari ez!” lelopean. Mezuak honakoa zioen: “Basauriko eta Barakaldoko tal­deen kanpaina bertako herrie­tan Mercadonaren berehalako inaugurazioen kontra. Merkata­ritza txikiari kalte egiteko beste kolpe bat. Euren onurak, gure hondamena”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak