Sareak

☉ Galdakao

Galdakao-Usansolo Ospitaleak 300 paziente artatzen ditu urtero kolon-arazoekin

Galdakao-Usansolo Ospitaleak Koloproktologiaren IV. Jardunaldia hartuko du urtarrilaren 31n. Besteak beste, kolon eta ondoesteko kirurgia ardatz izango dute adituek.

|

Galdakao-Usansolo Ospitaleak Koloproktologiaren IV. Jardunaldia hartuko du urtarrilaren 31n, ostegunez, Kirurgia Orokorreko eta Digestio aparatuko Zerbitzuak antolatuta. Bertan, kolon eta ondoesteko kirurgia ardatz izango dute adituek, eta estatuko eta nazioarteko doktore eta hizlariek hartuko dute parte. Berrikuntza gisa, aurten zoru pelbikoko patologiak tratatzeko mahai inguru bat antolatu dute.

Heste lodiko edo kolon, ondoeste eta uzkiko arazoak konpontzen dituen kirurgia orokorreko alorra da kolon eta ondoesteko kirurgia. Urtero Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) 300 paziente inguru tratatzen ditu.

☉ Galdakao

Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon

Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

|

Atzo, urriak 28, egin zuen ikasturteko lehenengo bilera Galdakaoko Haurren Kontseiluak udaletxean // Galdakaoko Udala

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.

Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.

Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.

Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.

Haurren ideiak lehen lerrora

Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.

Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.

Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.

“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.

Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran

Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

|

Nerea Teruelo eta Victor Trimiño PSEko zinegotziak // Galdakaoko PSE

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.

Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.

“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.

“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.

PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

|

Jose Mari Argoitia // Argazkia: Athletic Club

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.

Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.

1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.

“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.

Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek

Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

|

Galdakao app-a // Galdakaoko Udala

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.

“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.

Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.

“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.

Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.

Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.

“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an

Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

|

2014an inauguratu zuten gaur egungo Batzokia Iturrondo plazan // Argazkia: EAJ

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.

Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.

Osorik irakurri