☉ Galdakao
Hautetsontziak ‘babes pantaila’ bezala ari dira ospitalean erabiltzen osasun langileak babesteko
Galdakaoko Udalak hautetsontziak utzi ditu Galdakao-Usansolo Ospitalearen eskura, osasun langileek ‘babes pantaila’ bezala erabil ditzaten.

Hautetsontziak ‘babes pantaila’ bezala ari dira Galdakao-Usansolo Ospitalean erabiltzen, osasun langileak babesteko eta ez kutsatzeko neurri gisa, baita birusaren hedapena gutxitzeko asmoz. Covid-19ak jota egoerarik larrienean dauden gaixoak artatzeak berekin dakarren kutsatze arriskua gutxitzea da hautetsontzien helburua. Izan ere, larrien dauden gaixoak birus gehien dituztenak dira, eta horrek areagotu egiten du osasun langileak zein ospitaleko gelak kutsatzeko arriskua.
Ospitaleko langileek eurek izan zuten hautetsontziak erabiltzeko ideia, “babeserako neurri eskasiak bultzaturik”, eta Galdakaoko Udalarekin jarri ziren harremanetan hautetsontziekin frogak egin ahal izateko. Orduan, Udalak eskaera onartu eta pare bat hautetsontzi utzi ditu ospitalaren esku, ‘babes pantaila’ gisa erabil ditzaten. Ospitaleko medikuek Udalari adierazi diotenez, froga funtzionatzen ari da eta momentuz nahikoa dute utzi dizkieten hautetsontziekin.
Larrien dauden pazienteekin ari dira neurri hau burutzen: arnasketan laguntzeko hodiak jarri behar dizkiete eztarrian -gaixoa lokartu ondoren-, eta hautetsontzien bitartez, gaixoaren burua inguratzen dute eta horrek birusak zabaltzea eragozten du, osasun langileak eta ospitaleko gelak ez kutsatzeko bermearekin. Hautetsontziei botopaperak sartzen diren goiko estalkia kendu eta albo batean bi zulo egin dituzte, horietatik pazientea artatzeko. Hautetsontzia gaixoaren buruan jarrita, pazientearen ahotik medikuaren aurpegira bitartean babes pantaila eraginkor bat jartzen da. Birusak sendagileri igortzea zein gelara zabaltzea oztopatzen dute metakrilatozko hesiek, kutxan itsatsita geratzen baitira gehienak. Ondoren garbitu egiten dituzte hautetsontziak, berriro erabiltzeko.
Metrakilatozko kutxa handiagoak
Osasun langileak sistema horretaz harro daude, baina Udalari adierazi diote kutxa handiagoekin lana askoz errazagoa izango litzatekeela. Zentzu horretan, metakrilatezko hautetsontzi handiagorik balego, Galdakaoko Udalarekin harremanetan jartzea eskatu dute udal ordezkariek, “guztion artean denon osasuna babesten lagun dezagun”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide klubeko Gaizka Carregal eta Amaia Alday pilotariek Nazioen Liga irabazi dute
Euskal selekzioarekin jokatu dute Adiskide klubeko bi pilotariek: Carregalek eskuz banakakoan zintzilikatu du urrezkoa eta Aldayk binakakoan

Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatu da azaroaren 23tik 30era bitartean Bilbon eta Barakaldon.
Mundu osoko pilotariek hartu dute parte txapelketan (Euskadi, Espainia, Frantzia, Mexiko, Txile, Estatu Batuak, Argentina, Kuba, Bolivia, Portugal). Tartean, Gaizka Carregal Aldanondo galdakoztarrak.
Eta, lan bikaina egin du pilotari galdakoztarrak. Izan ere, txapeldun da eskuz banakakoan eta urrezko domina zintzilikatu du.
Gizonezkoen eskuz banakakoan jokatu du Carregalek. Euskal selekzioarekin jokatu du eta taldekide izan du Eñaut Lizeaga Otaño. Biek jokatu dute txapelketa, tarteka, eta biek jantzi dute urrezkoa.
- Argazkiak: pilotanazioenliga.eus
Finalean Espainiaren aurka jokatu du Euskal selekzioak eta partida hiru setetan jokatuta, 2-1 irabazi dute.
Bestetik, Amaia Alday Goncalvesek emakumezkoen eskuz binakakoan aritu da txapelketan, eta hark ere urrezko domina irabazi du, Naroa Agirre Azpeitiarekin batera.
Mexikoren aurka lehiatu dira binakakoan eta 2-0 irabazi dute. Olatz Arrizabalaga Munduate eta Enara Gaminde Sertutxa pilotariak ordezko bezala jokatu dute binakakoan eta eurek ere zintzilikatu dute urrezko domina.
- Argazkiak: pilotanazioenliga.eus
☉ Galdakao
Euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak protagonista, Galdakaoko azaroko Barikupasan

Urteko azken Barikupasa antolatuko dute gaur, azaroak 28, Galdakaon. Jolasteaz gain, ekimenaren helburua da familietan euskararen erabilera handitzea, eta oraingo honetan, euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak izango dira protagonista.
Larraitz Artetxe Arrien galdakoztarrak eta Aiko Dantza Taldeko kideak gidatuko du tailerra, 17:15ean Urreta ikastetxeko arkupeetan.
“Azaroko Barikupasak modu ludiko eta hezitzailean hurbilduko ditu gazteak euskal dantza eta erritualen mundura. Era horretan, Galdakaoko Udalak euskal ondare kulturala sustatzeko konpromisoa berresten du, dantza tradizionalak herritarren eguneroko bizitzara hurbilduz eta helduen zein gazteen parte hartze aktiboaren bidez euskal ohituren etorkizuna bermatuz”, diote udal ordezkariek.
☉ Galdakao
Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon
‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.
Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.
Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).
Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria
James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.
Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].
Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.
Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.
Mugarik Gabe erresidentzia
Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.
Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.
“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.
Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.
Durangoko Azokan
‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.
Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.
Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.
☉ Galdakao
Bideoa | “Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea”

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon Momoak talde feministak manifestazioa deitu du eta Andere Fuente Balado kidearekin berba egin dugu. Manifestazioko argazkiak hemen ikus ditzakezu.
☉ Galdakao
Argazkiak | ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean manifestazioa egin dute azaroaren 25ean Galdakaon

Azaroak 25 indarkeria matxistan aurkako eguna da eta Galdakaon manifestazioa egin dute. ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean, eskuin muturraren eta erreakzioaren oldarraldiari erantzun irmoa eman diote. “Indarkeria matxistak aurpegiz aldatzen du zapalduak hala mantentzeko, eta argi esan nahi dugu: aurre egiteko prest gaude. Autodefentsa feminista izango dugu gure tresna eta aldarria, antola gaitezen!”, aldarrikatu dute.










































