→Galdakao

Galdakaoko Booktuberrek irakurketa eta teknologia berriak uztartu dituzte

galdakao booktube bideoak 2015 ARGAZKIAK Galtzagorri

Euskarazko Booktube lehiaketa urrian jarri da martxan eta abendura arte luzatuko da. GEURIA Galtzagorri Elkartearekin izan da fenomeno hau hizpide hartuta


Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Galdakaoko Udalaren eta Zuztarretatik Ahora proiektuaren laguntzarekin, euskarazko lehen Booktube lehiaketa jarri du martxan. Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina egitean datza ekimena.

Galdakaoko Udaleko Euskara Zerbitzuak herriko gazteen artean euskarazko gazte literaturarekin lotutako ekimen bat jarri nahi zuen martxan, bereziki, abenduaren 17tik 20ra egingo den Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokaren harira”, dio Lore Agirrezabal Galtzagorri Elkarteko Liburu Gazteako arduradunak. “Une honetan, gazteak eta irakurketa uztartzen dituen baliabiderik interesgarriena eta euskaraz batere erabili gabea booktubeena iruditu zitzaigun eta lehiaketa martxan jartzea erabaki genuen”.

Agirrezabalek dioenez, “azken urteetan argi izan dugu gaztetxoen artean irakurketa sustatzeko teknologia berriekin batera datozela une honetan aukera berriak”. Horiek horrela, arrakasta izaten ari den fenomeno kultural hau Euskal Herrira ekarri nahi izan dute eta Galdakao izango da bultzada horren aurreneko udalerria.

Eguzkibegi Ikastolako eta Bengoetxe BHI ikastetxeko DBHko ikasleek -12 eta 16 urte bitartekoak- eta Galdakaoko Topaguneko gazteek bat egin dute lehiaketarekin. Parte hartu dutenek Galtzagorri Elkarteak proposatutako liburu bat irakurri eta liburuari buruzko iruzkin digital bat grabatu dute.

Galdakao eta galdakoztarrak aitzindariak izango dira mundu mailan sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno hau euskarara ekartzen”
Lore Agirrezabal
Galtzagorri Elkarteko Liburu Gazteako arduraduna

Booktuberik onenak bi ebook irabaziko ditu, egile bakoitzarentzat bana. Horrez gain, ikastetxe edo topagune bakoitzeko booktuberik onenak ere saria izango du: selfiak egiteko makila eta 30 euroko bonoa Galdakaoko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan gastatzeko.

FENOMENOA SORTZEN ETA INDARTZEN

Ipar eta Hego Amerikan oso zabalduta dagoen fenomenoa da eta Espainian ere hiruzpalau urte badira lehen booktuberrak sortu zirela. Gurera etorrita, “euskaraz ari den booktuberrik ez dugu ezagutzen eta gazteen artean hain erantzun ona duela ikusita geurera ekarri nahi izan dugu”, dio Lore Agirrezabalek.

Lehiaketa honen bidez Galdakaoko neska-mutilak izango dira euskarazko booktubeak sortzen lehenak: “Galdakao eta galdakoztarrak aitzindariak izango dira mundu mailan gazteen artean sekulako arrakasta izaten ari den fenomeno kulturala euskarara ekartzen”, dio Lore Agirrezabalek: “Litekeena da horietako zenbaitentzat booktuber mugimenduan sartzeko lehen urratsa izatea lehiaketa hau eta datorren urtean Euskal Herrian booktube fenomenoa sortzen eta indartzen hastea”.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak