→Galdakao

Galdakaoko lanzaderak errefortzua izango du astelehenetik ostiralera goizeko lehen orduan

galdakao lanzadera metro

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdakaoko Udalak 07:15etik 08:15era lanzaderaren errefortzu bat ipintzea hitzartu dute. 2016ko urtarrilaren 5etik aurrera indartuko dute zerbitzua.

2016ko urtarrilaren 5etik hasita, Galdakaotik Metro Bilbaoraino doan autobus-lanzadera zerbitzua indartu egingo dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Galdakaoko Udalaren hitzarmenari esker. Akordio honen ondorioz, 07:15etik 08:15era arteko joan-etorrietan errefortzuko autobusa ipiniko dute, astelehenetik ostiralera, urte osoan zehar, abuztuan izan ezik.

Zerbitzu berri hau elkarren artean eta kopuru berdinean ordainduko dutela adierazi dute alde biek.

SATURAZIO-ARAZOAK PUNTAKO ORDUAN

Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, 07:15ak eta 08:15ak bitarteko zerbitzuak “saturazio-arazoak” ditu, “bidaiarien kopuru handiaren ondorioz“. Foru Aldundiaren datuen arabera, astelehenetik ostiralera puntako orduan bidaia bakoitzean 65 pertsonatik gora garraiatzen ditu lanzaderak, “eta kasu batzuetan pertsona batzuk kanpoan itxi behar izaten dira“.

Ibon Uribe  alkateak dioenez, “errefortzu honek lagunduko du emaitza oso onak eskaintzen dituen zerbitzua hobetzen, beti ere Metroaren 5. Linea Galdakaoraino eraikitzeko zain gauden bitartean. Izan be, berau da gure helburu nagusia Bilbo Handira doazen bidaiarien mugikortasunari buruz egiten doguzan kudeketa guztietan“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak