→Galdakao

Ibaizabalen uholdeak saihesteko lanak hasiko dituzte urte amaieran, Mercadillo eta Torrezabal zubien artean

URA agentziak jakinarazi duenez, urte amaieran hasiera emango diote Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko lanen hirugarren faseari. Hain zuzen ere, lanen lizitazioa abiarazi du URAk.

Ibaizabal ibaia, Mercadillo zubitik // Google Maps

URA agentziak jakinarazi duenez, urte amaieran hasiera emango diote Ibaizabal ibaian uholdeei aurre egiteko lanen hirugarren faseari. Hain zuzen ere, lanen lizitazioa abiarazi du URAk.

Bengoetxeko presatik eta Torrezabal zubiraino bitarteko zatian esku hartuko dute, eta ur hustuketarako ahalmen handiagoa lortzeko, harrizko ibai-ohea beheraraziko dute, ur gutxiko kanal bat sortuz. Ildo horretan, Mercadillo zubiaren gaitasuna handitu eta zubia bera birgaituko dute: zubi-begi berri bat exekutatuko dute, fabrika zaharraren egitura kontserbatzea ahalbidetuko duena, duen ondasun eta kultur balioa zainduz.

Hiru etxebizitza eraistea

Obra honek eragina izango du Ibaizabal ibaiaren bidean dauden zenbait etxebizitzetan. Izan ere, URAk jakinarazi duenez, hiru etxebizitza eraitsi beharko dituzte: Arkotxa auzoko 2. zenbakia (Zaratamo), eta Txomin Egileor kaleko 62. eta 64. zenbakiak (Galdakao). Aurrena, etxebizitzak eraitsi aurretik, desjabetu beharko dituzte.

“Ingurune horretan bizi diren herritarrentzat ur-goraldi errepikakorrak arrisku nabarmena suertatu dira, komunikazio- eta zerbitzu-azpiegituretan erasanak sor ditzakete, eta inguruan diren industria-jardueretan galerak sortzen dituzte”, diote URAtik. Era berean, Bengoetxeko presa eta jada erabiltzen ez den Formica lantegirako ur-hartunea ere eraitsiko dituzte.

Urtebeteko atzerapena

Hirugarren fase honen berri lehenengoz 2017ko martxoan eman zuen URA agentziak, bigarren faseko obrak behin amaituta. Orduan esan zutenaren arabera, hirugarren faseko obrak 2018 urte bukaeran hasiko ziren obrak. Hortaz, 2019ko ekainean lizitazioa aterata, urtebete geroago hasiko dira obrak. Hirugarren fase honek 12 milioi bat euroko lizitazio-aurrekontua izango zuela iragarri zuten aurrekoan.

Ibaizabalen ur-goraldiei aurre egiteko lanon III. Fasea da honakoa. Aurreko faseak izan dira: Nerbioi ibaian, Bandaseko Euskotrenen zubitik, Basauriko Arizeko zubira artekoa (I. Fasea) eta Ibaizabal eta Nerbioik bat egiten dutenetik Bengoetxeko presarainoko tartekoa (II. Fasea).

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak