→Galdakao

Ibon Uribe: “Datu batzuen estrapolazioa baino serioagoa da desanexioa”

galdakao ibon uribe usansolo ekonomia 2014

Usansolo desanexionatuko balitz, 4 milioiko diru-sarrerak eta 3,4 milioiko gastuak izango lituzkeela dio EHUko ikasle batek egindako azterketak.

Herri baten segregazioaren arlo ekonomikoaren garrantzia age­rikoa da. Kasu honetan, alderdi guztiek herritarren nahia alde batera utzi eta zenbakiak soilik begiratzen dituzte. Hamaika dira galderak: Udalak galduko lituz­keen diru-sarrerak, sortuko litza­tekeen herriko biztanleek izango lituzketen zerbitzuak eta ordain­du beharreko zergak, Udal berri baten sorrera, besteak beste.

Azken 25 urteotan, bidera­garritasun ekonomikoa “hitz po­toloa” dela dio Monika Menak, Usansolo Herria talde politikoko ordezkariak. Ibon Uribe Galda­kaoko alkateak “tentuz aztertu beharrekoa” dela dio, “horregatik proposatu dugu datorren urteko hasieran berme demokratikoak betetzen dituen bozketa egitea usansolotarren artean eta, emai­tza baiezkoa balitz, segregazioa­ren bideragarritasun sozioeko­nomikoa aztertu eta herrien arteko lurralde mugak zehaztuko dituen batzorde bat eratzea”.

Horiek horrela, Usansolo Herriak aurrera egin du azaroaren 23ko boz­ketarekin eta usansolotarrek, iritzia eman baino hiru aste lehenago, au­zoaren azterketa sozioekonomikoa aurkeztu dute. “Usansoloko bidega­rarritasun ekonomikoa” du izena An­der Bilbao EHUko ekonomia ikaslea­ren gradu amaierako proiektuak. Bi urte eman ditu txostena prestatzen. “Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio Usansoloren ekonomia kontrola­tzea, desanexio prozesua aurretiaz datorrelako. Hutsune hori zegoe­la esan zidaten irakasleek eta ho­rri ekin nion”, azaldu zuen Bilbaok bere lanaren aurkezpenean, urriaren 28an Bilboko Bizkaia aretoan.

Orain arte, hiru izan dira Usan­soloren segregazioa jorratu duten ikerketak. Guztiak 90eko hamarkada inguruan kaleratu ziren: 1988, 1989 eta 1991. urteetan hain zuzen ere. Horiez gain, Galdakaoko Udalaren azken hiru urteetako aurrekontuak ere izan ditu oinarri Bilbaok lana osatzerakoan. Azterketaren arabe­ra, Galdakaok 2011, 2012 eta 2013 urteetan izan dituen diru sarreren %14a usansolotarrek jarri dute, hau da, urtean lau milioi euro. Gas­tuei erreparatzeko, Lemoa hartu du eredu. Horrek 4.324 biztanle zituen 2013an eta Usansolok 3.533. He­rria handiagoa bada ere, auzoarekin antzekotasunak dituela dio Bilbaok: “Kiroldegia eta osasun zentroa dute biek, baita antzeko kultur etxeak eta garraioak ere”. Hortaz, Lemoako Udalak duen gastu bera aurreikus­ten du azterketak, hau da, 3,4 milioi euro. Galdakaok, ostera, 29 milioi euro gastatu zituen 2013an. Lemoa­ko datuetan oinarrituz berriz ere, Usansoloko balizko Udalak bedera­tzi funtzionario izango lituzkeela dio azterketak. Galdakaoko Udalak, be­rriz, 182 funtzionario ditu egun.

DATOZEN URRATSEI BEGIRA
Segregazio baten ostean etor dai­tezkeen egoerak aztertzeko ekono­mia, gizarte eta lege adituen iritzia behar-baherrezkoa da”, azaldu du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Azterketa “errespetu osoz” irakurri dute, baina “datu batzuen estrapo­lazio teoriko eta sinple bat baino askoz serioagoa da desanexio pro­zesu baten azterketa”, IBI, IRPF eta RGI bezalako aldagaiak aintzat hartu behar direla iritzi diote.

Bestalde, “lan serioa eta zorro­tza” dela dio EHUko Yolanda Jubeto irakasleak, azterketaren tutoreak. Are gehiago, Bizkaian izaera admi­nistratiboa falta zaion herri baka­rra Usansolo dela azpimarratu du Jubetok. Txostenak jasotzen dituen ondorioen arabera, Usansolo Arra­tia mankomunitatean sartzea litzate egokiena eta “eskualdeko gainon­tzeko herriek eskaintzen dituzten zerbitzuak bere egitea, baina hori herritarrek erabaki beharko dute”, dio Ander Bilbao ikasleak. Galdakao Hego Uribe eskualdean kokatuta dago, Basauri, Arrigorriaga, Etxeba­rri, Zaratamo, Ugao, Arrankudiaga eta Arakaldorekin batera. Arratia es­kualdea, ostera, honako herri hauek osatzen dute: Arantzazu, Areatza, Arteaga, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri.

 

_________________________

‘USANSOLOKO BIDERAGARRITASUN EKONOMIKOA’REN ONDORIOAK
ANDER BILBAO, EHUko ikaslea

1. Azken mendeetan Usansolo­ren eta Galdakaoren arteko aldea agerikoa da. Galdakaok lotura handiagoa du Bilbo Handiarekin eta Usansolok Arratiarekin. Usan­soloren historiak ez du Galda­kaorekiko menpekotasunik era­kusten. Are gehiago, Usansoloren nukleo izaera ikus dezakegu bere garrantzi ekonomikoa aztertuz.

2. Ikerketa guztiek agerian uzten dute desanexio prozesua aurrera joatearen beharra eta akordioetara heltzeko Galdakaoko Udalaren bo­rondate falta.

Bideragarritasun ekonomikoa­ri dagokionez, karga finantzaria­ren esleipenean ezadostasunak daude. Karga finantzario txikiagoa esleitzen dio Hiri Lurrek Usansolo­ri eta honek Usansolo bideragarria dela esaten du.

Karga finantzario handiagoa es­leitzen dioten ikerketek (IKEI eta Ri­cardo Sanz Cebrián eta Adolfo Saiz Coca abokatuena) bideragarria dela esaten dute, Usansoloren karga fi­nantzaria arintzeko Aldundiaren la­guntza beharrezkoa ikusten badute ere.

3. Azken hiru urteetako diru-sarre­rak eta gastuak alderatuz, desane­xio posible baten ostean Usansolo bideragarria izango litzakeela eta Galdakaok bere kaudimena eta funtzionamendua mantenduko lu­keela ondoriozta dezakegu.

4. Desanexio posible baten os­tean, beharrezkoa ikusten dugu Usansolo bezalako herri batek inguruko udalekin zerbitzuak mankomunatzea. Horregatik Arratiako mankomunitatearen garrantzia azpimarratzen dugu lanean zehar.

5. Beharrezkoa ikusten dugu 1988tik dirauen desanexio pro­zesua aurrera joatea eta Usan­soloko herritarrei hitza ematea. Bideragarritasun ekonomikoak ematen dien bermeaz aparte, herri batek bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubi­de osoa dauka.

Gora