→Galdakao

Ibon Uribe: “Ez da amesten genuen Metroa, baina honako hau egin, egingo da”

galdakao udalbatza ibon uribe alkate 2015

Ez da berria Galdakao eta Metroaren arteko afera, baina lehen aldia da Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak, hiru administrazioek batera, proiektu amankomun bat aurkezten dutena.

Laster lau urte beteko dira Ibon Uribek alkate kargua bigarrenez hartu zuela / Geuria

“Orain nahi duguna da aurrez egin beharreko azterlanak arin egitea, obren hasiera 2021ean izan daitezen, finkatu den bezala; oraindik konpondu gabe dagoen gai honek atzera bueltarik izan ez dezan”. Ibon Uriberen hitzak dira, Galdakaoko alkatearenak. Zortzi urte egingo ditu herria zuzentzen eta kargua utzi aurretik bere herriarentzako Metroa ehuneko ehunean bermatu nahi du.

Ez da berria Galdakao eta Metroaren arteko afera, baina lehen aldia da Jaurlaritzak eta Aldundiak, bi administrazioak batera, proiektu komun bat aurkezten dutena. “Galdakao, Bilborekin eta Arratiarekin lotzeko tren-konexio honek argitzen dizkigu, lehenik, baliabide honen bitartez izango dugun mugikortasun mota, ziurgabetasunezko urte batzuen ondoren eta, kasu batzuetan, kontraesaneko berriak entzun direla. Orain badakigu, zehaztasunez eta epeekin, Galdakaoko udalerriari eskaintzen zaion konponbidea”, dio Ibon Uribe alkateak.

Baina hauteskundeetatik lau hilabetera heldu da proiektua eta horrek kritikak areagotu ditu. Batetik, EH Bilduk EAJri eskatu dio “oraingoan ez dezatela hitza jan aurrekoetan egin bezala eta proiektua egin dezatela. Baina Bengoetxe, Aperribai eta Sarratuko geltokiak barne“. Bestetik, Metroko 5. linearen aldeko plataformak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 24rako. Hain zuzen ere, Metroa Galdakaora heltzeko “3 urte luze” borrokan daudela adierazi dute: “2016an Galdakaora heltzekoa zen Metroa, 2015eko maiatzean onartu baitzuen Eusko Jaurlaritzak Metroaren 5. Linearen azterlana“.

Hala ere, Galdakaoko gobernu taldea bera ez dator proiektuarekin bat goitik behera, izan ere, “proposamenari dagokionez, esan behar dut proiektu hau ez dela amesten genuena, baina bai, posiblea dena“, adierazi du Uribek: “Konexio azkarra izango dugu eta maiztasun handikoa ospitalearekin zein Bilborekin. Fasetan izateak, gainera, bermatzen digu konexioa auzoetara hedatzeko konpromisoa ere badagoela“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak