→Galdakao

Iñigo Hernando (EH Bildu) da Galdakaoko alkatea, Auzoakek ahalbidetuta

EH Bilduko Iñigo Hernando izango da Galdakaoko alkate berria. Hauteskundeetan izandako emaitza estuek negoziaketa politikorako tarte zabala ireki dute herrian eta azken unera arte luzatu dira alderdi politikoen arteko bilerak. Hernandoren aldeko botoa eman dute Auzoakeko lau ordezkariek, Usansolo Herriako bi ordezkariek eta Podemoseko ordezkari bakarrak. Gauzak horrela, aldeko 13 boto izan ditu Hernandok eta Fernando Izagirrek (EAJ) zortzi boto jaso ditu: EAJtik 6 boto eta PSEtik 2.

Bozketaren ondoren, alkatearen eserlekua hartu eta Iñigo Hernandok eskerrak eman dizkie alderdi politiko guztiei, eurengan konfiantza jarri dutenei eta “bidea denok elkarrekin egiteko” gonbidetea egin du. Saioa bukatu eta segituan, Fernando Izagirre hautagai jeltzaleak eskua eman dio Hernandori eta Ibon Uribek, azken bi legegintzaldietako alkateak, aginte-makila eman dio. Pozik, Iñigo Hernandok “eskerrik asko” xume batekin agurtu ditu bertaratuako guztiak.

Hauteskundeen ondorengo analisia

EAJren jaitsierak, EH Bilduren igoerak eta Auzoak talde berriaren sorpresak Galdakaoko udal gobernua alda dezakete, lehenengoz 1979. urtetik. Alderdi jeltzaleak nabarmen egin du behera, hiru zinegotzi eta 1.000 bototik gora galduta. Hala ere, alderdirik bozkatuena izan da. EH Bilduren emaitza onek baina, alkate izatera eraman dezakete Iñigo Hernando: 600 boto eta bi zinegotzi gehiago lortu ditu ezker koalizio soberanistak. Egoera berri honen aurrean, Auzoakek du gobernuaren giltza: talde berriak 2.500 bototik gora eta lau zinegotzi lortu ditu, eta ikusi beharko da bere ordezkariek zer erabaki hartzen duten larunbateko bozkaketan. EH Bildurekin akordiorik lortu ezean edota abstentzioaren alde egingo balute, litzatekeena da Fernando Izagirre jeltzalea alkate izatea, EAJ izan baita zerrendarik bozkatuena. Bilkuraren ordua: 09:00

#M26 Emaitza

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak