→Galdakao

Janire Egaña: “Euskararen alde eta euskaraz aritzen garenok bide bera hartu behar dugu”

AEK Euskaltegiko irakaslea da Janire Egaña Galdakaon. Euskararen erabilera maila “oso baxua” dela dio Egañak (azken datuen arabera, % 10 ingurukoa).

Galdakaoko Barandiaran AEK Euskaltegiko irakaslea da Egaña / Geuria

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

Galdakaoko Barandiaran AEK Euskaltegian bildu gara Janire Egaña irakaslearekin (Galdakao, 1968). Bere lantokia, bere bigarren etxea ere izan daitekeena. Orduak eta orduak ematen ditu euskaltegian, bere ikasleek euren etxeetan, “eta batez ere kalean”, euskararen erabilera handitu dezaten. Euskararen erabilera maila “oso baxua” dela dio Egañak (azken datuen arabera, % 10 ingurukoa). Euskara normalizatzeko eta bultzatzearen bidean batera doaz AEK zein Geuria, eskualdeko ikuspegia duten bi proiektu. Geuriak bete dituen bost urte hauetan zehar bidelagun izan dugu Janire.

Aurten Geuriak bost urte beteko ditu. Geuria entzutean, zer da burura datorkizun lehenengo gauza?
Bai, poztekoa den berria, benetan! Nire ustez lorpen handia dago horren atzetik. Hori da burura datorkidan lehenengo gauza. Atzean lanketa izugarria egon da eta denbora pasatuta iraun izanak eta proiektuak indarra hartzea kristoren lorpena izan da.

AEKko irakaslea zara Galdakaon. Ikasleekin erabiltzen duzue Geuria?
Bai, ikasleekin erabiltzen dugu Geuria. Hezkuntza aldetik tresna bezala erabiltzen dugu, eta etekina ateratzen diogu aldizkariari eta bertan publikatzen diren albiste, erreportaje eta elkarrizketei. Barandiaran AEK Euskaltegian, adibidez, gaiaren arabera, eta momentuaren arabera, lanketak egiten ditugu, eta gero, hezkuntza arloari dagokionez ere, oso polita egiten zait umeentzako tartea ere badagoelako. Ez dira soilik albisteak, eta euskaraz jolasteko aukera ere badute txikienek -eta ez hain txikienek ere-. Nik uste, hezkuntzatik aparte ere tresna bezala erabili beharko genukeela Geuria. Zabaldu beharko genukeen zerbait da. Herritik sortua herriarentzako.

Hortaz ikasleek Geuria kontsumitu dezaten bultzatzen duzue.
Bai. AEK Euskaltegiko eskoletan zenbait ariketa egiten ditugu Geuria erabilita. Izan ahozkotasuna lantzeko, berridazketak egiteko edota hitz-gezidunak klasean bertan egiteko. Batez ere Geurian agertutako gaiak hartzen ditugu hizpide eta horri lotuta, hurbileko berriak direnez, besterik gabe, solasaldiak egiten ditugu.

Galdakaon euskarazko bi komunikabide daude…
Geuria eta Binke. Batak ez du bestea solapatzen, baina berez badirudi herrikoek hurbilagoa ikusten dutela bakarrik udalerrikoa den hori. Baliteke jendeak ustea euskarazko aldizkari bakarra existitzen dela, udalerrikoa, baina errealitatea da bi daudela: eskualdekoa eta herrikoa. Guk Euskaltegian biak zabaltzen ditugu, eta gure ikasleen artean batzuk eskualdekoak dira, ez dira galdakoztarrak bakarrik. Orduan, Galdakaokoak ez direnentzako, normala denez, baliagarriagoa eta erakargarriagoa da Geuria.

Uste duzu oztopo izan daitekeela Bizkaian bertako biztanleok ez garela eskualde bateko herritar sentitzen?
Izan daiteke. Momentuz Galdakaoko batek beti esango du galdakoztarra dela, eta berdin gertatzen da eskualdeko gainontzeko herrietan: Basauriko bat basauriarra da, Arrigorriagakoa arrigorriagarra eta abar. Galdakaoren kasuan, ez da inoiz lotura berezirik izan Basaurirekin edo Arrigorriagarekin edo Zaratamorekin. Eta Usansolok gehiago jo du Arratiarantz. Gaur egun gurean oso arraroa da herritar bat hegouribetarra dela entzutea. Baina horrek ez dauka garrantzia handirik. Herritarrok jakin behar dugu inguruko herrian zer ari den gertatzen. Askok badakite zer pasa den Estatu Batuetan edota Txinan, baina inguruko herrian ideiarik ere ez. Eskualdeko nortasuna gehiago trinkotu behar dela uste dut. AEKk zein bertan lanean ari garen guztiok beti izan dugu eskualdeko izaera oso trinkotua. Guk transmisio hori bai egiten diegu gure ikasleei edo gugana datozen bezeroei. Herri mailan, ez dakit zer pentsatzen duten herritarrek.

Eskualdeko ikuspuntua, beraz, AEKk eta Geuriak.
Hala da. Zentzu horretan, bi erakundeok bide bera jarraitzen dugu. Eta euskara sustatzearen alde egiten ari garen lanari bizitza eman eta sortzen diren aukera berriengana hurbiltzea ere oso garrantzitsua da. Esaterako, herrian apurka-apurka badoaz gauza berriak sortzen eta ekainean Bagabiz Euskara Elkartea eratu dute Galdakaon. Horrelako aukerak baliatu behar ditugu euskararen erabilera gurean bultzatzeko eta horrek ondo egingo lioke behintzat euskal komunitatea trinkotzeari begira. Euskara bultzatzeko ahaleginetan, euskararen alde eta euskaraz aritzen garenok bide bera hartzea ezinbestekoa dugu.

Euskararen erabilerari dagokionez, zein da egoera gaur egun?
Azken neurketen arabera, orain dela urte batzuk, % 10ean zegoen. Baina, 2018an azterketa soziolinguistiko batek azaleratu zuen euskararen erabilera % 3an zegoela (ez Galdakao herrikoa bereziki, baizik eta zonaldekoa). Oso datu baxuak, jakinda biztanle gehienek euskaraz ikasi dutela txikitatik. Erdiak baino gehiagok euskaraz badakigu. Dinamika berriak sortzen dira, baina nik uste dut etorkizunean dagoela gakoa, eta gazteengana zelan heldu aztertu behar dugu. Gazteek ez dute komunikaziotzat hartzen euskara, ezta euskarazko komunikabideak kontsumitzean ere, eta hori arazo handia da.

Lehen komentatu duzu: Bagabiz Euskara Elkartea eratu duzue zenbait herritarrek Galdakaon.
Bai. Euskararen erabilera eta presentzia handitzeko, Galdakaoko euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko, euskararen inguruan hausnartzeko, sektorearen elkarlana bultzatzeko, eta euskaraz ditugun jarrerak aldatzeko eratu dugu Euskara Elkartea. Galdakaora mugatuta dago, uste dugulako pauso txikiak emanez hasi behar dugula. Elkartea eratu berria da eta lehendabizi loratu behar da. Hori bai, nire iritziz, eskualdeko izaera izan beharko luke Euskara Elkarte batek, baina lehenengo txikitasunetik hasi behar handitasunera heltzeko. Lagungarria da ondoko herrikoekin elkarlanean aritzea, ikuspuntuak zabaltzeko, herrian soilik ez gelditzeko, noizean behin gauzak komunean egiteko. Eskualdean Euskara Elkarteak egon izan dira. Basaurin Euskarabila desagertu berri da eta Arrigorriagan Abarrak Elkartea dago.

Zer nabarmenduko zenuke Geuria komunikazio proiektutik?
Oso aldizkari ona da eta ez da inguruko gaztelaniazko aldizkarien antzekoa. Ohiko albiste instituzionalez gain, albiste propioak ere lantzen dituzue: elkarrizketak edota erreportajeak. Eta gainera, gure gizarte hurbilean gertatzen direnak kontatzen dituzue, edozein dela gaia. Hala ere, Geuria gehiago zabaldu daitekeelakoan nago. Bost urte iraun izanak –eta luzerako izan dadila– merezi du herritar gehiagorengana iristea.

Geuriak gizartean zertan laguntzen duen galdetuko banizu.
Informazioa euskaraz jasotzeko kristolako aukera da. Ikasle batzuek, esaterako, gazteleraz irakurri ohi dute, baina albisteak euskaraz ere irakurtzean, bi hizkuntzatan jasotzen dituzte eta hori aberasgarria da eurentzat. Nik gehienetan euskaraz irakurtzen ditut albisteak eta Geuria erabiltzen dut horretarako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak