→Galdakao

Jesus Eguzkiza: “Hizkuntzara ez da ezer pasatuko aurretiaz berbetan egosi ez bada”

galdakao-jesus-eguzkiza-eguzki-elkarrizketa-2018-geuria-043-ale-berezia-berba-eta-irudia

Dragoi Bolarekin hazi den edonori makina bat oroitzapen etorriko zaio burura Eguzkiri berba bi entzun orduko (Arrazola, 1946).

Jesus Eguzkiza 'Eguzki'rekin izan gara bere txoko ederrean // Argazkia: Geuria

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Dragoi Bolarekin hazi den edonori makina bat oroitzapen etorriko zaio burura Eguzkiri berba bi entzun orduko, berea baita marrazki bizidun haietan entzuten genuen narratzailearen ahotsa. Denboratxoa bada erretiroa hartu zuela: eguraldi ona bada, basora, mendira edo solora jotzen du; eta txarra bada, Galdakaoko bere etxeko ezkatzean mahaia zabaldu, liburu eta orriz inguratu, eta batetik eta bestetik hartutakoa beretzea du gogoko. Euskararen arnasari buruz hitz egin digu Jesus Eguzkizak (Arrazola, 1946), kilometro zeroko euskarari buruz eta antzinakoa den baina gaur egungo euskaran sekula baino presenteago dagoen iruzur klasikoari buruz.

Gaur egun Euskal Herrian bizkoiketarako martxan dagoen estudio bakarra, estudio potente bakarra esan gura dugu, Bilboko Mixer da, Edertrackel eta Irusoinek bat egindakoan sortu zeneko Mixer hura. Zer gertatu da?
Ez dagoela merkaturik. Ideia aldaketa bat egon zen, honakoa zioena: guk lortu behar duguna da bertan produzitutako produktua, bertakoa bultzatu eta hauspotu behar dugu. ETBren politiketako bat da hori, eta horretan dabil gaur egun ere. Bikoizketa munduan, ostera, errepikatu eta errepikatu. Orain egun batzuk ikusi nuen Merlí telesaila, eta ez nion itxura txarrik hartu, egia esan. Zati bat bakarrik ikusi dut eta ez dut gehiagorako aukerarik izan, baina itxura polita hartu nion. Ikusiko dugu zer ematen duen. ETBko zuzendaritzaren jarrera da produktua merke ateratzea, normala den moduan, eta horren ondorioz produktorak zein bikoizketa etxeak dabiltza guztiz estututa. Izan ere, bikoizketa bera garestia da. Lehenengo eta behin antena eskubideak erosi behar dituzu, eta eskubide horiek telebista kate txiki batentzat oso karuak dira. Ezberdina da kate handien kasuetan: erosketa handiak egiten dituzte eta beharbada erosketa handi horietatik produktu bi edo hiru izango dira lehen mailakoak edo onak, baina gero eskura dituzu beste zazpi mila produktu zure eskaintza betetzeko balio dizutenak. Lehen nioen errepikapen horien adibide modura aipa genitzake, esaterako, Oesteko pelikulak; irudia ere jausi egiten zaie honezkero, eta eman eta eman jarraitzen dute. Edo Doraemon, edo Dragoi Bola

Izan ere, Dragoi Bolako narratzailearen ahotsa zeurea da!
Baina pentsa ezazu noizkoa den hori! ETB3 katean gauez botatzen dute, ordurik onentsuenean. Ez dakit zenbat aldiz bota duten dagoeneko… Nik ez dakit konturatzen ote diren umeak ez direla tontoak, eta estetika ez dela berdina: gaur egungo estetika edo orain dela 40-50 urtekoa ezberdina da. Ni ez naiz horretan sartzen, baina uste dut oso luzaroan barrena jota ibili dela ETB, batez ere lehen katea. Horrez gain, gertatzen dena da euskarak ez daukala eragin politiko handirik, beraz, askoz errazagoa da gaztelaniazko katea pixka bat goratzea. Euskaraz nortasun gutxiko telebista egiten da, esan gura dizut: ken itzazu pilota partidak, ken itzazu aizkolariak, zer geratzen zaizu? Lehen programa polit bat egiten genuen, asko gustatzen zitzaidana, Euskal Herria: Lau haizeetara. Puntu berri bat ekarri zuen, goitik ateratako irudiekin, eta testuak ere nahiko polito landuta zeuden, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz. Ahalegin bat egin zen eta nik uste dut programa duina zela. Edo beste bat esatearren, Euskaldunak munduan. Saio interesgarriak ziren, baina zu hasten bazara horiek errepikatu eta errepikatu, orain egiten den moduan, jendea nazkatu egiten duzu.

Bikoizketetan erabili den euskarak ere eman du zeresana behin baino gehiagotan.
Zentzu horretan, neuk egindako ahaleginetariko bat behintzat izan da erabili beharreko euskara ez dadila izan hain garbia, hain gramatikala, eduki dezala arnas freskoa. Bere momentuan, bai K2000an eta bai Irusoinen nagusitu zen ideia zen euskararen kalitatea kontrolgaitza edo kontrola ezina zela, neurtu ezinezkoa-edo zela, kalifikatu ezinezkotzat-edo jotzen zen. Eta neuk proposatu nuen hori neurgarria zela. Puntuazio bat jarri genuen, baita lau arlo desberdindu ere. Lehenengo eta behin itzulpena bera egokia zen edo ez, hau da, originalak “goizeko 10etan” badio, euskaraz ez dadila izan “goizeko 8etan”. Beste arlo bat zen euskara bera, honelatsu definitu nuena: esateko idatzi behar da eta entzuteko esan behar da, alegia, joan-etorriko bide hori egin behar du. Gu ez gaude hemen irakurtzeko edo errezitatzeko, guk esangarritasunari emango diogu garrantzia, eta horretarako, idazten duzun horrek, hau da, gidoiak, esangarria izan behar du. Bestela, hor geratzen da iruzur klasikoaren munduan. Eta hori sarriegi gertatzen den arazo bat da. Eta zein da iruzur klasikoa? Iruzur klasikoa da idatzia dela esateko eredu, ahozkoaren eredu idatzia dela. Horixe da iruzur klasikoa, eta antzinakoa da, ez da gaurkoa, baina gaur euskaran inoiz baino gehiago gertatzen da. Besteetara behar luke, nire ideia beste bat da: hizkuntzara ez da ezer pasatuko aurretiaz berbetan egosi ez bada. Orduan, zein da araua? Araua ahozkoa da, eta ahozkotik dator idatzia. Landuago, zehatzago, garbiago, zeuk nahi duzuna. Baina ahozkotasunean egosita ez badago, horrek ez du balio. Guk ‘berbetie’ esaten dugu bizkaiko arauz, bada, berbetie da inportanteena.

Beraz, zure ustez ba al du oinarririk jendeak dioen horrek, alegia, pelikulak euskaraz ez dituela ikusten arrotzak egiten zaizkiolako?
Nik uste autopistak daukala horren erantzuna. Hau da, zu zeure etxe txokoan bizi bazara eta inorako irteerarik ez baduzu, zeure etxekoa izango duzu zeure; gero zeure herrikoa izango duzu zeure; gero zeure eskualdekoa; gero lurralde batekoa izango duzu zeure; eta gero beste lurralde batekoa. Baina eman beharreko pausoa joan beharko litzateke txikitik handira. Edozein tokitan daukazu euskara oso ona, berezkoa. Nik horri deitzen diot, gaur egungo terminologia erabilita, Euskara kilometro zero. Produktuetan kontzeptu hori saltzen badugu, zergatik ez dugu antzeko kontzepturen bat erabiliko geurea esateko? Herri hizkeratik euskara jagiago baterako pausoa onartzen da, mailaka noski; onartzen ez dena da pausuo kilometrikoa ematea. Nik gaur egun eragozpentxoa daukat xuberotarrekin elkar ulertzeko, batez ere Xuberoako baserritarekin. Baina baxenafartarrekin ez daukat inongo arazorik, nafarrekin ez daukat, giputxekin ez daukat, Lapurdikoa gutxiago ezagutzen dut baina ez daukat eragozpenik. Hau da, komunikazio katea ez da eteten katebegitik katebegira zoazenean. Noiz eteten da? Salto handiak ematen direnean. Zu hemengo katebegian bazaude eta bat-batean hango katebegira salto egiten baduzu, arazoak sortzen dira, normala den bezala. Baina gaur egun gero eta gutxiago. Zergatik? Autopistarengatik. Gaur egun askoz ere komunikatuago gaude. Edo beste modu batera esanda, kotxeagatik. Nik uste inportantea dela kilometro zeroko euskarari ematen zaiona baino garrantzi handiagoa ematea irakaskuntzan, komunikabideetan… ETB ikustean arazoak dituela euskaldungoak? Nik hainbeste ez nuke esango. Ohitura falta daukala? Bai. Ezjakintasuna dagoela? Bai. 50 urtetik gorakoen artean ez dago euskal ezagutzarik euren ahozkotasunetik aparte.

Horren aurrean, bikoizketak nondik jo behar du?
Bikoizketak izan behar du, zelanbait esateko, beste maila batekoa. Hau da, baserritarrak oso ondo ulertzen du frantziskotarraren sermoia, meza amaitu ostean, sermoi garratz ikaragarria entzun ostean egiten duen komentario generala baita, “sermoi ederra!”. “Zer esan dik, ba?”, “Esan, esan, ezer ez baina…”. Baina apaizaren sermoian euskararen arnasa dago, eta euskararen arnasa komuna da, generikoa da, nahiz eta azentuazioa sarritan desberdina izan. Edo gehiago gura baduzu, esaldiaren inflexioa. Gauza polit bat gertatu zitzaidan. ETBren hasieran zen, beltz bat bikoizten nuen batuaz, eta halako batean herritar batek esan zidan: “Aurpegie polito baltzitu dok, baina ezagutu haut!”. Nire hausnarketa izan zen: bere irudimenerako, aurpegi beltza neu nintzen, baina nondik ezagutu ninduen? Ahotsetik, berbakeratik, arnasetik. Orduan, horri emango bagenio daukan indarra, eta testu esangarri bat aurrean bagenu, eta ez testu deszifraezin eta zurrunegi bat… Ez dago txarto idatzitako testu bat ondo esaterik. Orain, ondo idatzitako testu bat txarto esan liteke. Hortxe dago lehen aipatutako joan-etorriko bidea. Neurtu liteke, beraz, kalitatea? Bai, noski. Bai gidoiarena, bai esatariarena. Ahotsa pertsonaiari ondo egokitzen al zaio? Ondo idatzirik dagoena ondo esaten al du? Ondo dramatizatuta al dago, alegia, keinuetara ondo egokitzen al da testua? Ondo egokituta al dago testua mugimenduetara? Ez du egon behar soilik ondo euskaraz, egokituta egon behar du, beraz, ez da itzulpen soila, ez da bakarrik ondo itzulitako testua. Testuak egon behar du ondo egokituta. Umetxoak zelan ikasten du? Zuk giltzak erakusten dizkiozu bere zaratatxoarekin, ikusi, entzun eta ahoskatzen duzuna jarraitzen du berak. Prozesuak pixka bat hortik joan beharko luke.

Horretarako itzultzaile onak baino zerbait gehiago beharko da, noski.
Alde batetik behar dituzu oso itzul-egokitzaile onak, eta bestetik oso esatari onak,  gauza benetan entzungarri, erraz, sinesgarria egiteko. Eta hori neurgarria da. Cirano de Bergerac gaztelaniazko bertsioan ikusten baduzu, kontxo, harritu egingo zara. Eta zerk harritzen zaitu? Hain ondo eginda egoteak. Euskaraz puntu hori lortuko bagenu, berbetan dauzkagun ezberdintasunak erraz gaindituko lirateke. Hain gauza gutxi dira bereizten eta aldentzen gaituztenak… Har dezagun adibide moduan Andoni Aizpuru, ETBko lehen katean eguraldia aurkezten duena, bere berba-jario errazarekin batu-gipuzkeraz egin arren, arnasa gipuzkoarra baitu. Gustatzen zait tarteka sartzen dituelako berba bi bakarra sartu beharrean: “Leku ospela da, anubia. Ospela erabiltzen ez den lekuan anubia erabiliko da. Noski, hori metodo bat da, eta niri hori gustatzen zait.

Gure amamak esaten zuen hori Aizpururen inguruan: “Eguraldiko gizonari ederki asko ulertzen diot, eta besteei ez”.
Noski! Arnasa dago hor. Arnasa gauza bizia da. Eta gero amets eragin behar duzu. Amets eragiteko gai ez bagara, frakasatu dugu. Eta zeintzuk dira gure eztaibaidak? Komunikatu bat ondarrutarrez idatzi daitekeen edo ez? Tira, tira… Heretikoen mailua larregi erabiltzen dugu. Nik ezin dut gipuzkeraz egin nahiz eta jakin. Zergatik? Gipuzkeraren arnasa falta zaidalako. Eta giputx batek ezin du bizkaierazko arnasarik ipini. Orduan, errespeta dezagun arnasa, eta errespeta dezagun kilometro zero, mesedez. Larregi erabili izan da heretikoen mailua, eta nik hori kritikatu egiten du. Orain ikusten duzu ahalegintzen direla, tarteka bizkaitarren bat sartzen… Horren ardura badute. Eta ardura hori nondik dator? Inkestetan argi ikusten delako euskaraz jakin askok dakitela, baina egin… Horrek ez du esan gura ETBn bizkaieraz egin behar denik, baina nahaste pixka bat sor dezakezu. Valdanok egiten duen gaztelania Valdanorena da eta inor ez da harritzen. Eta Mendibilbar euskaraz ari denean Berrizko euskara egiten du. Eta inor ez da harritzen. Eta Felipe Gonzalez ikusten duzu andaluzez berba egiten, Espainian presidente izandakoa, eta hori natural ikusten dugu. Eta beste gauza batzuk oraintsu arte ez ditugu hain natural ikusi izan.

Di-Da

Gordeta daukazun eta asko estimatzen duzun objektu bat. Lehengo arotzen bilduma polit bat, arotz tresneria

Egun libre bat duzunean, zer egiten duzu? Eguraldiaren arabera: kaxkarra bada etxean geratzen naiz, ezkatzean zabaldu mahaia, ipini hiruzpalau liburu eta folio, erdian orri zuri batzuk, eta batetik eta bestetik hartzen dudana neuretu eta idatzi. Ona bada, basora, mendira edo solora

Zure bertute bat. Apala eta baketsua naiz

Zure akats bat. Odolak irakin egiten didala sarritan neuk gura ez dudanean

Abesti bat. Goizian argia hastian

Pelikula bat. Akelarre

Besteengan miresten duzun bertutea. Irribarrea

Pertsonaia historiko bat. Altzoko Handia

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak