→Galdakao

Kepa Ajuria: “Euskal nortasuna indartzeko eta lantzeko militantzia galdu da”

1955. urtean sortu zen Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldea. 2015ean 60. urteurrena aprobetxatuz, GEURIA taldeko presidentearekin izan da.

Kepa Ajuria (Igorre, 1955) Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko presidentea da. Taldeak 2015ean 60 urte bete ditu -Ajuriak beste hainbeste- eta gaur egun berrehun bat kide ditu, nagusiak zein txikiak. Dantza ikasteaz gain, ikerketa taldeak, musikari taldeak, material taldeak (musika instrumentuak eta dantza materiala) eta indumentaria taldeak osatzen dute taldea. Ajuria 10 urte zituela sartu zen Andra Marin: “Zazpi nituela Igorretik etorri ginen Galdakaora bizitzera eta plaza inguruan dantza taldearen berri izan nuen eta animatuta sartu nintzen”, dio.

Egun, Andra Marik hiru jaialdi antolatzen ditu Galdakaon: Udaberriko Jaialdia, Folklore Bizian eta Estaturik gabeko herrialdeen musika jaialdia.

02.1963.Belen(Romualdaren alabea),Usansolon

1963ko argazkia, Usansolon :: Andra Mari

Zein testuingurutan sortu zen Andra Mari Dantza Taldea?

50. hamarkadaren amaieran gazte jendea elkartzen zen eliza inguruan eta euskal nortasunaren alde lan egin behar zela argudiatu zuten eta batzuek dantza ikastea erabaki zuten. Horien artean Kepa Artetxe zegoen, Andra Mariko fundadoreetako bat -gaur egun ere badabil-. Haztapenetan mutilak hasi ziren dantzak ikasten eta ondoren neskak ere sartu ziren taldera.

Francoren garaia zen hura. Arazorik izan al zuen taldeak?

Beti egoten ziren arazoak alkateekin eta Udalekin, gehienbat arropen koloreengatik eta abestiengatik. Baina, ondo atera genuen aurrera taldea garai haietan, indarrarekin eta gogoarekin. Hori bai, elizatik irten eta beste lonja bat bilatu behar izan genuen. Pontzi Zabala ezkertiarraren familiak leku bat utzi zigun eta eureri esker Andra Mari Dantza Taldeak bidea egiten jarraitu zuen.

Hirurogei urte hauetan, zertan aldatu da Andra Mari? 

Lehen, euskal nortasuna indartzeko eta lantzeko militantzia zegoen taldean. Gaur egun, ordea, esentzia hori galdu egin da: oso zaila da jendea elkartzea eta asteko bizpahiru egunetan entseguak egitea. Hau ez da bakarrik Andra Mariren gauza, inguruko dantza taldeetan ere berdin gertatu da.

12.1968.Dima Andra Mari Txikiegaz

1968an Diman, Andra Mari txikiekin :: Andra Mari

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gaur egungo egoera ez da batere ona eta, egia esan, etorkizuna beltz ikusten dut. Gaztetxoak behartuta datozela esango nuke. Inplikazio falta dago, gehienbat gurasoek bultzatuta. Adibidez, egun berean dantza erakusketaldia eta gurasoek bazkaria dutenean, lehenengo aukera baztertu egiten dute guztiz. Ez dago lehen zegoen inplikaziorik.

Taldeak egiten duen ikerketa-lana handia da.

Hala da. Hirurogei urte hauetan lan handia egin dugu Euskal Herriko dantzak eta testuingurua aztertzen. Esate baterako, Altsasuko inauteriak Andra Marik berriztu zituen: galduta egon ziren eta 1976an berreskuratzea lortu genuen, bertako pertsona zaharren laguntzarekin. Arratia mailan ere jota eta erromeria batzuk bereganatu ditugu.

Urte guztiotan pasarte bitxiren bat izango duzu kontatzeko.

Behin Hungariara autobusez joan ginela, Galdakaora itzuleran kide bat utzi genuen bertan, konturatu barik. Hogeita hamar kilometro egin ondoren ohartu ginen. Orduan, autobusa gelditu eta geunden geldiunean itxaron genion. Bera, auto-stopean etorri zen. Beti gogoratuko dugu pasarte hura!

TXAPELA BURUAN ETA IBILI MUNDUAN
Andra Mari Dantza Taldeak 54 bidaia egin ditu atzerrira. Lehenengo urteetan Ingalaterra inguruetarajoaten ziren Herrialdeen arteko dantza txapelketetan parte hartzeko. “Gaur egun, ez dago lehiaketarik, baina erakustaldiak egiten ditugu eta urtean
behin kanpora joaten gara”, dio Kepa Ajuria taldeko presidenteak: “Harreman asko egiten duzu atzerriko taldeekin eta hori oso aberatsa da talde batentzat”.

Hungariara hiru bider joan dira, baita Portugalera, Boisera, Holandara eta Belgikara ere: “Azken bi hauetan bertako familien etxera joaten gara, hoteletara joan beharrean”.
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak