→Galdakao

Koro Diaz, Hodei Egiluzen ama: “365 egun, bilatzen zaitut eta ez zaitut aurkitzen”

galdakao hodei egiluz gurasoak urria 2014

Joan den igandean urtebete egin zuen Galdakaoko gaztea Belgikan desagertu zela. Atzo, azkenengo kontzentrazioa burutu arren, ikerketek jarraitu behar dutela aldarrikatzen jarraituko da.

Urtebete igaro da Hodei Egiluz Anbereseko kaleetatik barrena desagertu zenetik. Horren harira, Koro Diaz, gaztearen amak gutun bat argitaratu du www.hodei-missing.com webgunean, sei hizkuntza ezberdinetan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, nederlanderaz, alemanez eta frantsesez. Bertan adierazten duenez, “beldur, estualdi, min eta goibeltasunez beteriko urtebetea” igaro du haren familiak: “365 egun, bilatzen zaitut eta ez zaitut aurkitzen“. “Nahiago nuke hau dena joko bat izango balitz, eta txikitan bezala zu aurkitzen bukatuko banu“, deitoratu egiten du Koro Diazek.

Hodei Egiluzen amak dioenez, “oraindik iruditzen zait hau ez dela egia“. Itxaropena da galtzen den azkeneko gauza. Hori da, behintzat esaten dena. Hala ere, Koro Diazek hainbat galdera ditu oraindik buruan. “Ez uste ez dizkiodanik egin poliziari, gobernatzaileei, abokatuei… baina emandako erantzun bat bera ere ez da baliozkoa“, damutzen da. “Edonon zaudela ere, ikus eta entzun banazakezu, jakin ez dudala atsedenik hartuko zu aurkitu arte“, amaitu du adierazten Hodei Egiluzen amak.

“IKERKETAK AURRERA DIRAU”

Nahiz eta atzo gaztearen aldeko azken kontzentrazioa egin zen, Hodei Bila elkarteko Koldo Ezkerrak horrela adierazi du: “Ikerketak aurrera dirau, gure aldarrikapenak aurrera dirau, eta lekuko berrien bilaketak ere aurrera dirau“. Pasa den asteburu honetan 50 bat pertsonek Anberesera bidaia egin zuten, Hodei Egiluzen aldeko hainbat ekitaldi egitera: kartelak jarri zituzten, elkarretaratzea egin zuten, eta Anberesko alkatearekin bilera  ere egin zuten, besteak beste.

Era berean, Jorge Fernández Díaz Barne Arazoetako Ministroak konpromisoa hartu du espainiar polizia judial talde bat Belgikara eramateko, eta horrela ikerketa lanetan parte hartzeko.

Gora