→Galdakao

Miriam Miranda: “Interesgarria da jantzien bitartez pertsonaiak sortzen laguntzea”

galdakao miriam miranda elkarrizketa 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia

Zinema eta telebista jantzien arduraduna da Miriam Miranda galdakoztarra. Hilabeteak daramatza gelditu gabe lanean Madrilen.

Miriam Miranda jantzien artean // Utzitakoa

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Hilabeteak daramatza gelditu gabe lanean, eta gorputza atseden pixka bat eskatzen hasi zaiola dio. Baina badaki bata bestearen atzetik sortzen ari zaizkion lan horietako bati ezezkoa esango balio, posible dela gero beste hainbeste hilabete geldirik egon behar izatea, egonkortasun oso gutxiko ofizioa baita berea. Zinema eta telebista jantzien arduraduna da Miriam Miranda (Galdakao, 1992), eta Madrildik erantzun die GEURIAren galderei.

Presunto culpable telesailean (Antena 3) aritu berri zara lanean, jantzitegiko laguntzaile gisa. Zein izan da zehazki burutu duzun lana?
Jantzitegiko laguntzaile gisa, honako zereginak nituen: nire nagusiak esaten zizkidan jantzi guztiak erostea, filmazio ordena jarraitu eta aktoreei euren kamerinoetara jantziak eramatea, behar zen kasuetan aktoreei eurei zein filmazioko jostunei laguntzea, jostundegia antolatzea edota figurazioko kideak janztea, beste hainbat zereginen artean.

Nola sartu zinen telesail horretan? Askotan esaten da sektore honetan lana lortzeko ahoz ahokoak garrantzi handia duela.
Halaxe da, ahoz ahokoaren bidez funtzionatzen du lanbide honek. Beste departamentu bateko kide batek jakin zuen jantzitegian norbait behar zutela, eta hari esker deitu zidaten.

Lan honek jaioterritik kanpora eraman zaitu: Madrilera, kasu honetan. Zer moduz daramazu hori?
Tira, esfortzu txiki bat egitea eskatu dit, azken finean zure familiarengandik eta lagunengandik urrun baitzaude. Baina ohitu egiten zara azkenerako.

Euskal Herrian ba al dago ogibide honetan lan egiteko aukerarik? Behar adina proiektu jartzen al da martxan? Edo beharrezkoa da kanpora irtetea?
Beharrezkoa da kanpora joatea, bai. Egia da azkenaldian proiektu dezente grabatzen ari direla Euskal Herrian, baina behin-behineko kontua da. Oso zaila iruditzen zait Euskal Herrian ofizio honetan lan egitea, %100ean behintzat.

Lanbide honek jende asko ezagutzeko aukera emango zizun, horietatik asko, ezagunak. Zer moduzko esperientzia izaten da hori? Askotan pantailan ikusten dugun jendearen inguruko ideia bat egina izaten dugu eta gero sorpresak hartuko dira.
Halaxe da, bai. Orokorrean, orain arte lanean ezagutu ditudan aktoreak oso atseginak izan dira, baina beste aldeko kasuren bat edo beste ere tokatu zait, lana zailtzen duen jendea, alegia.

Zer diozu lan egonkortasunari buruz?
Bada, ez dagoela halakorik. Esango nizuke aste batetik bestera zein ordutegi izango dudan ere ez dudala jakiten askotan. Ez da oso lan egonkorra. Martxan jartzera doazen proiektuei adi egon behar duzu etengabe, une jakin batean lanean diharduzun pelikula, telesaila edo dena delakoa amaitzen denean lan barik geratzen baitzara. Hilabeteak igaro ditzakezu geratu ere egin gabe, eta gero beste horrenbeste denbora egon zaitezke lanik gabe, ez zaizulako ezer sortzen. Ez da batere erraza.

Zer asmo dituzu datozen hilabeteetarako?
Oraintxe bertan TVE1 katerako telesail batean ari naiz lanean, uztailera arte, eta gero ikusi egin beharko dugu. Ez dizkiot kontuari buelta asko ematen, zorionez hilabete asko daramatzat geratu gabe telesail bat bestearen atzetik eginez, eta gorputzak atseden pixka bat ere eskatzen du tarteka…

Patroigintzako eta Modako Goi Mailako Teknikaria eta Irudi Pertsonalaren Aholkularitzako Goi Mailako Teknikaria zara. Betidanik izan al duzu garbi mundu hau zela zurea?
Betidanik gustatu izan zait moda. Txikitan lagun batek eta biok konjuntoak egitera jolasten genuen zapiekin, arropa zaharrekin edo harrapatzen genuenarekin. Batxilergoa amaitu nuenean Moda Diseinuko karrera egiteko aukera begiratzen aritu nintzen, baina azkenean Patroigintzako eta Modako Goi Mailako Gradua egitea erabaki nuen. Asko gustatu zitzaidan, jantziak egiten ikasi nuen, baina batez ere balio izan zidan konturatzeko nik ez nuela diseinatzaile izan nahi, estilista baizik. Zinemaren eta telebistaren mundua beti izan dut buruan. Oso zinemazalea izan naiz betidanik, eta beti pentsatu izan dut oso interesgarria behar zuela izan jantzien bitartez pertsonaiak sortzen laguntzeak. Horregatik, Irudi Aholkularitzako ikasketetako praktikak telesail batean egin nahi izan nituen, mundu hori bertatik bertara ezagutzeko. Eta hortxe jarraitzen dut.

Zein proiektutan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Gose-jokoak pelikulan edo Tim Burtonen filmetan erabiltzen dituzten jantziak bezalakoak dituen film batean lan egitea izugarri gustatuko litzaidake: fantasia hutsa da hori, sormena izugarria da.

Di-Da

Egun libre bat duzunean zer egiten duzu? Atseden hartu eta nire lagunekin egon

Bertute bat. Badakidala besteei entzuten

Akats bat. Nire buruarekin zorrotzegia naizela

Zein da egin duzun azken bidaia? Sevillara

Eta egin nahi zenukeena? Lehenago amaituko nuke nora ez dudan joan nahi esango banizu

Ikusten ari zaren telesaila. Peaky Blinders

Pelikula bat. Cisne negro

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|