Sareak

☉ Galdakao

Prebentziozko jarduketak burutu ahal izateko Babes Zibileko Plana berritu dute Galdakaon

|

galdakao esan bulegoa 2017 eskaerak
Esan bulegoa // Galdakaoko Udala

Babes Zibileko Udal Plana (BZUP) berritu du Galdakaoko Udalak, alerta edo larritasun naturalen edo artifizialen aurrean koordinatuta jardun ahal izateko, eta kasuz kasu, prebentziozko jarduketak burutu ahal izateko. Larrialdien kudeaketa-sistemako piramidearen oinarri diren auto-babes planetatik abiatuta, BZUPak ondoko helburu orokorrak ditu: herritarren mailan (pribatua) auto-babesa sustatzea, informatuz eta arriskuari buruzko prebentzio-kultura sortuz; arriskua sorrarazten duten jardueren titularrekin prebentzio-ekintzak koordinatzea, plan horiek alerta goiztiarreko sistemetan sartuz; eta larrialdien erantzuna antolatzea, jarduketa-prozedurak eta baliabide eta errekurtso mugigarriak prestatuz.

Plan honek Udalaren kudeaketa-arlo guztiak inplikatzen ditu, alkatetzatik koordinaturik, Arrisku kolektiboaren Prebentzioa eta Kudeaketa ezartzeak behar dituen ikuspegi orokorrekin eta integratzaileekin. Hain zuzen ere, Hirigintza, Kultura, Gizarte-zerbitzuak, Ingurumena edo Herritarren Segurtasun arloetako politika desberdinetan esku-hartuko du plan berriak. 20.000 biztanletik gorako udalerrien betebeharraretara egokitzen da plan hau.

Arriskuak eta ahuleziak aztergai
Babes Zibileko Udal Planak arriskuak eta ahuleziak aztertzen ditu. Era berean, gertakizunen aurreko prebentziozko jarduketak jorratzen ditu. Hala nola, herriguneko zein basoko suteak, uriolak, industriako jarduera arriskutsuak, istripuak, eguraldi txarra edota desagertutakoen bilaketa. Ondoren, Udal Jarduketa-plana antolatzeko protokoloa ezartzen da: Organigrama, Jarduketa-planaren Zuzendaritza, Krisi-mahaia, Koordinazio Zentroa, Informazio-kabinetea eta Aginte Postu Aurreratua.

Plan honek aurrekoa, 2000. urtekoa, ordezkatzen du. Lurralde-plangintzako tresnarik oinarrizkoena da, indarrean dagoen legerian aurreikusitako maila guztietan, Estatuko Administrazio Publikoan zein Euskal Autonomia Erkidegoan.

☉ Galdakao

Galdakaoko Erletxe eta Larrabetzu bidegorri bidez lotuko ditu Aldundiak

|

Erletxeseko eta Larrabetzuko industrialdeen arteko bidegorriak 3,4 kilometroko izango ditu // Bizkaiko Foru Aldundia

Erletxeko eta Larrabetzuko industrialdeak lotzeko bidegorria eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bidegorriak guztira 3,4 kilometro izango ditu eta Galdakaoko Artola auzoa ere zeharkatuko du.

Bizikleta-pista bi noranzkokoa izango da eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. Zirkulatzeko esparruaren zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat.

“Bidegorria zein oinezkoentzako bidea motordun trafikotik bereiziko dira erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, espazio irekiak, parkeak, lorategiak eta basoak zeharkatuz”, diote Aldundiko arduradunek.

Erletxe eta Larrabetzu arteko zatia eraikitzeko proiektua onartu du dagoeneko Aldundiak: 12 milioi euro inbertituko dituzte eta 18 hilabeteko epea ezarri dute obrak burutzeko, lizitazioa egin ostean.

“Ibilbide honek, kirol-aisialdirako aukera ez ezik, Galdakao eta Larrabetzu arteko mota guztietako joan-etorrietarako benetako alternatiba izan nahi du eta, aldi berean, bere eremu geografikoko garraio publikoko sareetara oinez eta bizikletaz sartzea erraztuko du (merkantzia-trenak, autobus-lineak…)”, diote.

Bizkaiko bidegorri sarea

Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da Erletxe-Larrabetzu bidegorria Erandioko Lutxanaraino luzatzea. “Ibilbidea Txorierriko Haranaren eta Mungialdearen arteko sare aurrekonfiguratuan kokatzen da”, diote. Era berean, Erletxe-Boroa ere lotu nahi dituzte.

Beste alde batetik, Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Abadiño, Berriz eta Zaldibar ere bidegorri bidez lotu nahi ditu Aldundiak. “Hori litzateke ardatz nagusia, eta bigarren ardatz nagusia, orain onartu dena, Erletxe eta Lutxana (Erandio) artekoa izango da”, diote foru ordezkariek, eta gaineratu dute: “Bigarren mailako ardatz bat ere egingo dugu, bizikleta bidezko mugikortasuna Mungiarantz eta bere eskualderantz artikulatzen duena”.

Bilboko Bolueta eta Basauriko Kareaga artean dagoeneko hasi da Aldundia bidegorria eraikitzen, eta aurreikuspenen arabera aurten bukatuko dute. Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du.

Gainera, Basauriko Udalak, bere aldetik, Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera. Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Programa / Bekeako jaiak 2024

|

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra // Geuria

Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra. Umeentzako jarduerak, esku pilota partidak, tortilla txapelketa, mendi ibilaldia, herri bazkaria eta bertso emanaldia eta erromeriak antolatu dituzte.

Era berean, maiatzaren 15ean San Isidro ospatuko dute eta hilaren 19an Txakoli Eguna antolatuko dute.

Egitaraua / Bekeako jaiak 2024

Maiatzak 10, ostirala
18:00 ‘Txipli-txapla-pum!’ kalejira eta jai hasiera. Andra Mari Txiki dantza-dantzari
18:30 Esku pilota partidak Adiskideren eskutik

Maiatzak 11, larunbara
11:00 II. Tortilla txapelketa
13:30 Auzokoen bazkaria
18:00 Lagun arteko esku pilota partidak: Atutxa-Larunbe vs Karregal-Kantxo
21:00 Dantzaldia: The Golden Trio

Maiatzak 12, igandea
09:00 Mendi-ibilaldia Ganguren MTren eskutik
12:00 Meza nagusia
12:30 Andra Mari Dantza Taldearen emanaldia
15:00 Herri bazkaria eta bertsolariak: Arkaitz Estiballes eta laguna. Jarraian erromeria Etxebarria Aita-Seme Trikitilarien eskutik
21:00 Jaien amaiera eta azken biribilketa

Maiatzak 15, asteazkena
20:00 Meza eta luntxa

Maiatzak 19, igandea
11:00 VIII. Euskal artzain txakurren lehiaketa
13:00 Eskerrak laguntzaileei eta Txakoli dastaketa

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta elkarretaratzea deitu dute larunbatean

|

Otsailean adingabeen kontrako sexu erasoen kontra egin zen elkarretatzea // Geuria

Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon. Horren berri eman du gaur goizean Udalak. Herriko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea deitu dute apirilaren 27an, larunbatez, 12:30ean Santi Brouard plazan.

Galdakaoko Udalak, udaltalde politiko guztien adostasunarekin, adierazi du “irmoki” arbuiatzen duela herrian gertatutako eraso matxista: “Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei”, adierazi dute.

Gertaeren berri izan orduko protokoloa aktibatu du Udalak eta premiazko bilera deitu du, “informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko”.

“Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela”, diote udal ordezkariek.

Ildo horretan, “behar diren neurriak” sustatuko dituela adierazi du Udalak, “edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin”.

Udalak babestu egiten du mugimendu feministako taldeek eta emakume taldeek deitu duten mobilizazioa, eta herritarrak gonbidatzen ditu gaitzespen ekintza guztietan parte hartzera.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an izango da

|

Galdakaoko Herri Krosa iaz // Geuria

Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an, igandez, izango da. Federatuta daiden korrikalariek zein federatu gabekoek parte har dezakete.

Herri Krosean izena emateko epea zabalik dago apirilaren 25era arte. Aldez aurretik izena emateagatik parte-hartzaileek 10 euro ordainduko dituzte eta lasterketaren egunean bertan, interesdunek 15 euro ordainduko dituzte.

Proba doakoa da 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaiotakoek) eta kategoria paraolinpikokoentzat baldin eta apirilaren 25a baino lehen izena ematen badute. Lasterketaren egunean bertan 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Galdakaoko Herri Krosa Galdakao Atletismo Taldeak eta Udalak antolatzen dute, eta Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegi ofizialaren barruan dago. Aurten hamabigarren edizioa da, eta urtero ehunka partaide biltzen ditu.

Galdakaoko XII. Herri Krosa 2024 – Apirilak 28

Kategoriak eta distantziak

11:00 Benjaminak (2014-2015 urte bitarteetan jaiotakoak)
600 metro, itzuli bat A zirkuituari

11:15 Kimuak (2012-2013 urte bitarteetan jaiotakoak)
1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari

11:30 Haurrak eta Kadeteak (2009-2011 urte bitarteetan jaiotakoak)
2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

11:45 Kategoria paralinpikoa
– Kategoria egokitua: 1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari
– Kirol trebetasuna: 2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari

12:00 Gazteak (2006-2007 urte bitarteetan jaiotakoak), Juniorrak (2004-2005 urte bitarteetan jaiotakoak), Seniorrak (34 urte arte) eta Beteranoak (35 urtetik gorakoak)
– Gazteak-Juniorrak: 3.854 metro, bi itzuli C zirkuituari
– Seniorrak-Beteranoak: 7.708 metro, lau itzuli C zirkuituari

Sariak

Galdakaoko XII. Herri Krosak hainbat sari banatuko ditu: Senior kategoriako irabazleei (lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa) garaikur bat eta txapel bat emango dizkiete, baita gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuko lehen hiru sailkatuentzat 150 euro, 90 euro eta 60 euro emango dizkiete, hurrenez hurren.

Kategoria absolutuan sailkatzen den Galdakaoko lehen gizonezkoarentzat eta lehen emakumezkoarentzat ere saria egongo da, eta baita garaikurrak lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean.

Dortsala jasotzean, parte-hartzaile guztiei probaren oroitzapenezko kamiseta bat oparituko diete, eta poltsa bat emango diote parte-hartzaile bakoitzari helmugara iritsi bezain laster, elikagaiekin eta freskagarriekin. Gainera, sarien zozketa egingo dute proba amaitzean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

#A21 / Emaitzak / Galdakao / EAJ garaile, baina inoizko lehia estuena EH Bildurekin

#A21 / Galdakao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri