→Galdakao

Dispertsio-politika bertan behera uzteko eskatuko dio Udalak Espetxe Erakundeari

galdakao santakurtzak presoak 2015 manifestazioa

Presoen aldeko dokumentua onartu du Galdakaoko Udaleko bozeramaileen batzarrak, EH Bildu alderdiak proposatuta.

Udalak presoen aldeko dokumentu bat onartu du. Zehazki, euskal presoen aurkako urruntze espetxe-politika edo dispertsio-politikari dagokiona da dokumentuaren ardatza. “Presoei gain-zigorra suposatzeaz gain, euren senide eta lagunentzako ere zigor gehigarria da”, dio dokumentuak: “Izan ere, neurri horren erruz astero-astero milaka kilometro egitera behartzen baititu, horrek dakarren arriskuaz gain, giza-kostua eta kostu ekonomikoa itzela delarik”.

EH Bilduk proposatu du dokumentua eta Udaleko bozeramaileen batzarrak onartu du. Dokumentuak EH Bilduren, EAJren, Galdakao Orainen, UHren eta Irabaziren aldeko botoa izan du, eta alderdi sozialistak eta alderdi popularrak kontrak bozkatu dute.

Giza-eskubideen alde

Dokumentuak jasotzen dituen akordioen artean daude alde batetik, “giza-eskubideekiko begirune zorrotzarekin bat eginik, euskal preso guztiak euskal kartzeletara hurbil ditzatela eskatzea Espetxe Erakundeari”, eta bestetik, “Udalbatzak hartutako erabaki honen berri ematea Espainiako Espetxe Zuzendaritzari, Espainiako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoei eta Eusko Jaurlaritzaren Gogora erakundeari”.

Dispertsioaren eraginak

EH Bilduk aurkeztutako dokumentuaren arabera, “azaroaren 19an 1.110 kilometrora dagoen Huelvako kartzelatik bueltan zetozela Mirentxinen furgonetan (presoen senide eta lagunek egin beharreko bidaietan laguntzeko sortutako gidari taldea), zortzi senide-lagunek istripu larria izan zuten. Horien artean, Sergio Lopez Apeztegia galdakoztarra”. Guztira, euskal presoen 16 senide hil dira Espainiako errepideetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak