☉ Galdakao
Sabin Bikandi: “Musika eta dantza bat dira, harremanik ez dago, gauza bera da eta izan da”
Euskal dantza eta musikaren munduan murgildu gara Sabin Bikandi musikari, musikagile eta dantza maisu galdakoztarrarekin.

Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) Filosofian eta Etnomusikologian doktorea da eta gaur egun Aiko taldeko kidea izateaz gain, Bilboko Udaleko danbolinteroa ere bada. Hainbat talde eta erakundetan aritu da 1980tik irakasle edota jotzaile moduan. Hala nola, Musikenen tradiziozko dantza irakasle aritu da eta Txistulari aldizkariko zuzendaria izan zen (1992-1995). Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musikaren inguruan hainbat musika-lan idatzi eta moldatu ditu. 2015ean ikuskizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria irabazi zuen. Agenda gainezka dauka Sabinek, baina bere bizitzaren ardatzak diren musika eta dantzari buruz hitz egiteko tartetxoa topatu du atsegin handiz. Bere jarduera profesionalaren errepasoa egin digu eta AIKO taldearen ibilbideaz eta helburuez mintzatu zaigu. Ahoan ilerik ez dauka eta titularrez beteriko elkarrizketa eskaini digu.
Nor da Sabin Bikandi? Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Galdakaoko danbolindari umila, musikoa. Musikaren bidea hartu zuena eta horren inguruan ikasten, irakasten eta hainbat kontu egiten ibili dena. Danborreroa.
Musikaria eta irakaslea zara. Zeinetan moldatzen zara ondoen?
Bietan ondo eta gustura. Musikaria eta musika irakaslea izatea tokatu zait eta lanari ekin diot. 14 urterekin hasi nintzen eskolak ematen, Maximo Moreno (Galdakaoko tradizio musikalaren aitzindaria) hil eta gero. Irakasle izateko ikasi beharra nuenez kontserbatorioan hasi nintzen. Eskola, kontserbatorio eta institutuetan irakatsi dut, baina lanbidea jotzea ere badenez ez diot inoiz jotzeari utzi. 24 urte nituela, eta neure egonkortasunaren alde, Bilboko Udal Txistulari Bandan sartu nintzen eta aurten 30 urte bete ditut bertan.
Harrokeriatzat har daiteke baina asko dakit, asko ikasi dut eta lekukoa ematearena garrantzitsua da niretzat, azkenaldian kezkatuta nabil horrekin. Gustatuko litzaidake dakidan guztia transmititzeko bideren bat topatzea. Halere, argi daukat hori egiteko gune egokiak behar direla, ez du edozein tokik balio. Zure galderari erantzunez, jotzea eta irakastea osagarriak direla uste dut.
Txikitatik duzu musikarekiko zaletasuna edo debozioa?
Bai. Gauzak berez datoz? Inguruak egiten ditu? Dohaina ote da? Sarritan genetikoak diren gauzak badaude baina askotan, konturatu barik, testuinguruak izugarrizko eragina dauka. Txikitan zortea izan nuen ikastolan nire lehenengo txirula oparitu zidatenean eta jotzen hasi nintzen. Ondoren txistua, akordeoia, pianoa… baina ez dut uste berezkoa denik. Inguruak modu positiboan babestu eta indartu ninduen eta nik sinetsi eta aurrera egin nuen.

Sabin Bikandi musika eta dantza eskoletan / AIKO Taldea
Zein da musika eta dantzaren arteko harremana?
Musika eta dantza bat dira, harremanik ez dago, gauza bera da eta izan da. Gu gara orain hori ulertzen ez dutenak, gure aitite-amamen garaian argi eta garbi baitzegoen. Kontzertuen errituala oso berria da. Dantza testuingurutik atera eta bere eginkizunak kendu genizkion. Prozesua korapilatsua izan da eta azkenean dantzariek alde batetik eta musikariek bestetik bukatu dute. Horregatik gabiltza batzuk hori berriro lotu nahian. Dantza gizakiaren mugimendua da, baina musikarekin batera. Egungo panorama garaikide honetan denak balio du; dantzarik gabeko musikak, musikarik gabeko dantzak… Gure tradizioan hori bat izan da, ulertezina da musika eta dantza bide ezberdinetatik joatea.
2015ean ikuskizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria jaso zenuen, ‘Gelajauziak’ lanagatik.
Bai, sorpresa izan zen, eta 50 urte bete nituen egunean gainera. Aurreko egunean erromeria izan genuen Durangon eta lagun batzuekin sari banaketaren ‘fake’a egin genuen, eta hara non egi bihurtu zen. Ez dut uste hori baino sari inportanteagorik jasoko dudanik eta pozik hartu nuen, egindako lanaz harro nagoelako eta polita izan zelako. Gozamena da Kukaikoekin lan egitea, eta Cesc Gelabert Kataluniako koreografoarekin asko ikasi nuen. Pozik sariagatik eta bidean ikasi nuenagatik. Egun handia izan zen.
Zer musika mota entzuten duzu etxean edo kotxean?
Ez dut ia musikarik entzuten. Eskolak ematen ditudanean edo eskolak prestatzeko bai, baina melomano alderdi hori galduta daukat. Egia esanda astirik ez daukat eta kontzertuetara joateko are gutxiago. Animatzen naizenean aspertu egiten naiz, berezia izan behar du.
Zein da zure bizitzaren soinu banda?
Ez dakit. Musika bat aukeratzekotan ‘Eusko Gudariak’, barregarriro euskaldunak garelako eta konnotazio asko dituelako. Hau esan eta hunkitu egiten naiz…
Nori edo zeri eskainiko zenioke abesti edo dantza bat?
Hasteko etxekoei, nire emazte eta alabari, hor daudelako beti, eta gero lagun askori. Nahiko txotxoloa naiz horretarako eta hainbat eskaintza egin ditut: emazteari pasodobletxu bat, Ane nire alabari balls bat, Itziar Villamandos AIKOko komunikazio arduradunari txotis bat egin nion, Miren Gabantxori beste pasodoble bat, Patxi Labordak ere badauka bere polka eta abar.

Sabin Bikandi / AIKO Taldea
AIKO taldearen fundatzailea zara.
Bai, musikari eta dantzari kuadrilla bat hasi ginen eta urte batzuk badira hor nagoela. Hainbat xederekin jaio zen AIKO: musikaren eta dantzaren arteko dibortzioari amaiera emateko, dantzaren transmisioan zeuden eta dauden zulo batzuk betetzeko, pertsona helduen dantza formazioa indartzeko, musika egokiak eta dantza egiteko gune berriak sortzeko eta abar. Tradiziozko dantzaren ikerketan gure harri-koskorra ekarri nahi genuen. Hutsunea ikusi eta, harrotasuna edo oharkabetasuna izango zen, baina ekarpenen bat egiteko gai ikusi genituen geure buruak. Hor hasi ginen eta hor jarraitzen dugu. AIKO taldeak nire gaur egungo txistulari moduari zentzua ematen dio.
Iaz ‘Garaikideak’ dantza kontzertua eskaintzen hasi zineten AIKO Taldean.
Bai, ilusio handiz hasi ginen, herriz herri eta plazaz plaza jarraitzeko asmoz. ‘Garaikideak’ lanak AIKO kontzertu formatuan eskaintzeko aukera ematen digu. Gure erromeriak oso produktu definituak bilakatu dira, dantzazale konkretuei zuzenduta daudela ematen du eta ‘Garaikideak’ gure filosofia eta dantza zabaltzeko formatu polita izan daitekeelakoan gaude. Ez da adituentzako erromeria bat.
‘Garaikideak’ izenaren hautuak, bestalde, pitin bat probokatzea du helburu. Askok uste dutenaren kontra, gure musika garaikidea da, sortu berria, freskoa eta inprobisatzailea. Gure musika tradizionalak badu oraindik zer esana, ez dago zertan beste hizkuntza bat sortu.
Zer dela eta egin zuen kale EHUn irakasteko proiektuak?
Nahiago nuke komentatuko ez banu, baina tira. Tristea da benetan gure unibertsitatearen panorama. Halako mastodonte bat izan eta oraindik ere dantza hortik at egoteak amorrua eta negargura ematen dit. Musikologia ikasi nuen eta nirean lan egiteko doktoretza eginda daukat. Nire lanbidea garatzeko eskaintzak izan ditut, baina guztiak hemendik kanpo, AEBetan, Ingalaterran…baina porrusalda gustatzen zaidanez hemen bizi naiz. Independentzia lortzea dugu sarritan jomuga, baina nik independentea izateko baino hezkuntza sistema osasuntsu eta on bat izateko borrokatuko nuke eta berdin lidake titulua Espainiako erregeak, Frantziakoak edo Trumpek emateak. Niri egokitu zaidana sistemaren inguruan, alboetan, lanean jarraitzea izan da, adabakiak ipintzen eta zuloak betetzen.
Unibertsitatean eskolak ematearenak ez zuen aurrera egin gizartea ez dagoelako horretarako prest. Urkulluk sei milioi euroko aurrekontua emango baligu ere ez luke funtzionatuko, aurretik dantza unibertsitateko irakasgai moduan balioan jartzeko eta prestigioa emateko kanpaina estrategikoa eta luzea egin beharko litzatekeelako. Etxea teilatutik hasi nahi izan zuten, baina ez dago lasterbiderik. Dantzaren munduan gauza zentzudunak egiteke daude oraindik ere.
AIKO TALDEA
Musikariak
Álvaro García – Gitarra
Txus Aranburu – Soinua
Amaiur Cajaraville – Kontrabaxua
Sabin Bikandi – Txistua eta danbolina
Dantza irakasleak
Patxi Laborda
Josu Garate
Katalin Zarate
Anartz Ormaza
Maitane Ruiz
☉ Galdakao
Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon
Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.
Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.
Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.
Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.
Haurren ideiak lehen lerrora
Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.
Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.
Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.
“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.
Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.
☉ Galdakao
Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran
Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.
Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.
“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.
“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.
PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.










