→Galdakao

[Sakonean] 853 eguneko bilaketa

28 hilabete iraun du Hodei Egiluz galdakoztarraren bilaketak. Martxoaren 10ean omenduko dute azkenekoz Galdakaon, 20:00etan, udaletxe aurrean

2013ko urriaren 19a zen Hodei Egiluz gaztea azkenekoz ikusi zuten eguna. Ordutik hona, 853 egun igaro dira, 28 hilabetetik gora. Denbora tarte horretan galdakoztarraren bilaketek ez dute etenik izan, otsailaren 19an bere gorpua identi katu zuten arte. Bi urte luzeotan, senideek eta lagunek Egiluzen bilaketa lau haizeetara zabaldu dute: Galdakaon hasi, Euskal Herrian zabaldu eta Europan ere izan du oihartzuna. Familiak Hodeiren heriotzaren azalpen baten bila jarraituko duela esan du. Honako hau da Hodei Egiluzen desagerpenaren kronologia:

Lan-kontratua Belgikan

2013ko apirilean Hodei Egiluzek Belgika hartu zuen bizileku, Anberes hiriko Createlli enpresan ingeniari informatiko gisa praktikak egiteko. Urte bereko ekainean enpresa belgikarrak lan-kontratua eskaini zion eta bertan jarraitzea erabaki zuen gazte galdakoztarrak.

Desagerpena

2013ko urriaren 19ko goizaldean Hodeiren arrastoa galdu zen. Lagunekin Anberesera joan zen larunbat gauean eta 03:00etan agurtu zituen etxera itzultzeko. Alabaina, hiriko kaleetako bideokameretako irudiek berretsi zutenez, etxera abiatu beharrean, kontrako norabidea hartu zuen nonbait.

Hainbat komunikabidek argitaratu zutenaren arabera, Hodei azkenekoz ikusi zuten gau berean hainbat ezezagunek dirua atera zuten gaztearen kreditu txartela erabilita eta lapurreta jasan zuelako hipotesia zabaldu zuten urriaren 24an. Bost egun geroago, bi pertsona atxilotu zituen Belgikako Poliziak desagerpenarekin lotuta, eta azaroaren 4an beste bat. Azken hau adingabea eta Hodeiren sakeleko telefonoa eta kreditu txartela aurretik atxilotutako pertsonei eman zizkiena omen zela jakinarazi zuten Gazet Van Antwerpen eta Het Laatse Nieuws hedabideek.

Atxilotutako hiru lagunetatik aske utzi zuten susmagarrietako bat 2014ko maiatzaren 14an bermea ordaindu ostean eta gainontzeko biek zaintzapean jarraitu zuten 2014ko irailaren 2ra arte.

Lekukoak

2014ko maiatzaren 28an hiru lekukoren testigantzak azaleratu zituzten. Desagertu zen goizaldean, 04:30ak aldera, Hodeirekin egon zirela adierazi zuten eta “oso beldurtuta” zegoela antzeman zuten. Laguntza eskatu ziela esan zuten, antza, eraso egingo ziotela uste zuelako.

Ikerketaren norabidea

Belgikako Poliziak eta Anbereseko fiskaltzak gazte galdakoztarra bilatzeko eta kasua ikertzeko erantzukizuna hartu zuten. Alabaina, 2015eko urriaren 13an Anbereseko fiskaltzak itxi egin zuen Hodei Egiluzen desagerpenari buruzko ikerketa, eta ustezko erasotzaileak lapurreta egitea eta iruzur saiakera edo delituak estaltzea egotzita auzipetzea eskatu zion skaltzak epaileari. Hala ere, bilaketak jarraituko zuela adierazi zuen fiskaltzak.

Otsailaren 11n denbora luzez urpean zeraman gorpu bat aurkitu zuten Anbereseko errekan eta hilaren 19an autopsiak jakinarazi zuen Hodei Egiluzena zela gorpu hori.

Oihartzuna gizartean

2014ko otsailaren 28an Hodei Egiluz bilatzeko nazioarteko agindua igorri zuen Polizia Kriminalaren Nazioarteko Erakundeak, Interpolek, alegia.

Era berean, Hodei Bila Elkartea eratu zuten eta lehendabiziko manifestazioa deitu zuen Bruselan 2014ko martxoaren 16an, gazte galdakoztarraren bila jarrai zezatela eskatzeko. Ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte gurean, baita atzerrian ere. Esate baterako, 2014ko apirilaren 27an Galdakaoko Ganguren Mendi Taldeak irteera antolatu zuen Bizkaiko bost deiadar-mendietara (Kolitza, Ganekogor- ta, Gorbeia, Sollube eta Oiz) eta bertatik jo zuten adarra. Euskal Herriko 50 idazlek eta bertsolarik eskutitzak eta bertsoak bidali zizkieten Belgikako agintariei maiatzaren 29an, Hodeiren bila jarrai zezatela eskatzeko. Bestalde, Belgikako telebistak Hodei Egiluzi buruzko erreportajea emititu zuten.

Ekainaren 9an Deustuko Unibertsitateak Hodeiri buruzko webgunea sortu zuen, kasuaren inguruko informazio eta zabalkunde gune bihurtzeko asmoarekin. Egiluzek bertan egin zituen ikasketak eta horren harira, ikasle oiharen omenezko elkarretaratzeak deitu izan dituzte.

Kultura arloan ere ‘Zerura begira’ abestia grabatu zuten ekainaren 17an hainbat euskal musikarik: Jon (WAS), Txomin (The Fake Band), Cris (Belako), Josu (Hertzainak), Ager (Audience), Oier Artola, Miguel Moyano eta Gari musikariek parte hartu zuten, Hodeiren bilaketari babesa emateko.

Gazte galdakoztarraren desagerpenari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin, 2014ko abuztuan bizikleta martxa batek Belgika eta Herbehereak zeharkatu zituen hainbat egunez. Eta azaroan ‘Hodei Missing’ autokarabana solidarioa jarri zuten martxan. Frantzia, Alemania, Herbehereak eta Belgika zeharkatu zituen eta abenduaren 16an elkartasun karabana Galdakaora itzuli zen.

Urriaren 28an Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak Hodeiren gurasoak hartu zituen Madrilen eta hura bilatzeko “bitarteko guztiak” eskaini zizkien. Halaber, familiari elkartasuna adierazteko adierazpen instituzionala onartu zuen Senatuak. Hodeiren desagerpenaren bigarren urteurrenaren bezperatan, Hodei Bila Elkarteak bidaia antolatu zuen Belgikara,

Anbereseko Udalaren aurrean elkarretaratzea egiteko, baita Koolkai izeneko tokian ere, Hodei azkenekoz ikusi zuten gunean. 2015eko urriaren 18an, gazte galdakoztarraren senideak eta lagunak Belgikara joan ziren kartelak jartzera eta haren desagerpenari buruzko informazioa zabaltzera. Halaber, desagertutako pertsonei buruzko Europako protokoloa izenburupean Europako Parlamentuan egin zen jardunaldian parte hartu zuten urriaren 19an.

Udaletxe aurrekoak

2013ko azarotik 2014ko urrira bitartean hilero-hilero hamaika elkarretaratze antolatu dituzte Galdakaon. Lehendabizikoa 2013ko azaroaren 19an egin zuten, gaztea desagertu eta hilabetera. 2014ko urriaren 20an, Hodei desagertu zenetik urtebetera elkarretaratzea deitu zuten Galdakaoko udaletxe plazan. 1.000 herritarrek parte hartu zuten deialdian. Familiak eta Hodei Bila plataformak hala erabakita, azkenengo kontzentrazioa izan zen hura.

Galdakaoko Udalak Desagertutako Pertsonen Aldeko Martxoak 9 Saria jaso du, Hodei Egiluzen senideei emandako babesagatik. Desagertutako pertsonen QSDglobal fundazio europarrak entregatu dio saria. Ibon Uribe alkateak adierazi duenez, Udalaren, herri osoaren eta Hodei Bila taldearen lana aitortzen du sariak.


galdakao_hodei_egiluz_argazkitan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak