→Galdakao

[Sakonean] Afizioa ereitearen fruituak

galdakao 1980 kurtzea frontoia

Adiskide Pilota Elkarteak 40. urteurrena ospatzeko jaialdia egin berri du. Kluba eratu zenetik hainbat pilotari ezagun irten dira bertatik, tartean Larunbe, Elezkano eta Urrutikoetxea profesionalak

Adiskide Pilota Elkarteak 40. urteurrena ospatzeko jaialdia egin berri du. Kluba eratu zenetik hainbat pilotari ezagun irten dira bertatik, tartean Larunbe, Elezkano eta Urrutikoetxea profesionalak

1975. urtea zen Galdakaok eskupilota modu ofizialean zabaldu zuenean. Izan ere, denboraldi horretan Adiskide Pilota Elkartea sortu zuen “lagun talde batek”, dio Juan Luis Ibarretxek, gaur egungo zuzendaritza-batzordeko kideak eta kazetariak.

Klubak ez du datu zehatzik lehendabiziko denboraldiaz, baina honakoa ziurtatu du Ibarretxek: “1975. urtean bazegoen ohitura handia pilotan jokatzeko. Zuhatzu auzoan futbolean jokatzen omen zuten bertakoek eta Kurtzean, berriz, pilota omen zen nagusi”. 70eko hamarkadan bere kabuz jokatzen zuen pilotari asko zegoen Galdakaon, “baina ez zegoen egitura ofizial eta sendo bat. Horregatik Adiskide sortzeko ideia izan zuten”, dio Ibarretxek.

Horren harira, arazo batekin topo egin zuen lagun taldeak: denbora hartako udaletxeak gaztelaniaz jarri nahi izan zuen taldearen izena. Garai hartan Francoren diktadura amaitu berri zen eta Espainia Trantsizio garaian murgildu zen. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu zuen euskarak eta Trantsizioan ere ez zuen ofizialtasunik izan. Horregatik elkarte berrien sorreran euskarazko izenak jartzean trabak jartzen zituzten maiz.

Hala eta guztiz ere, Adiskide aurrera ateratzea lortu zuten eta “apurka-apurka umeak izena ematen hasi ziren klubean. Esate baterako, 80. hamarkadaren hasieran Eguzkibegi Ikastolan jokatzen zuten ume asko pasatu ziren Adiskide klubera”, dio Juan Luisek.

Taldearen filosofia

Gaur egun 61 pilotari daude Adiskide Pilota Elkartean, zazpi mailatan banatuta -aurre benjaminak, benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, gazteak eta nagusiak-. Galdakoztarrak dira gehiengoa, baina Zaratamoko, Basauriko zein Dimako pilotariak ere badaude taldean.

galdakao 1980 adiskide pilota elkartea

Galdakaoko XII Eskupilota Txapelketa 80. hamarkadan :: Adiskide Pilota Elkartea

Adiskideren helbururik garrantzitsuena da “afizioa sortzea eta umeek eskupilotaz gozatzea, emaitzak alde batera utzita”, dio Ibarretxek. Kirol guztietan bezala, hori da oinarririk hedatuena, baina ez da askotan urrunegi iristen. Juan Luis Ibarretxek dioenez, “gazteek zaletasun hori galdu egiten dute nerabezarora heltzen direnean. Askok eskupilotan jokatzeari uzten diote eta hori oso kezkagarria da. Txikitatik hasi bai, baina oso gutxik jarraitzen dute aurrera nagusien mailara iritsi arte”.

Hala ere, dena ez da ezkortasuna: “Adiskide Elkarteak senior arteko maila dauka, hau da, pertsona batek 40 edo 50 urte dituen arte joka dezake klubean, lasai-lasai”. Ibarretxek azaldu du orain dela urte batzuk beteranoen arteko txapelketak antolatzen zituela Adiskidek eta bertan 60 urtetik gorako pilotariak ere lehiatzen zirela.

Era berean, gaur egungo zuzendaritza-batzordeak asmo berria dauka buruan: neskak eta emakumeak pilota munduan barneratzea. “Orain dela urte batzuk neska bat izan genuen Adiskiden. Oso pilotari ona zen, baina 14 edo 15 urte zituela pilotan modu o zialen jokatzeari utzi zion. Izan ere, lehen ez zen nesken lehiaketarik antolatzen eta orain, zorionez, gauzak aldatu eta pixkanaka-pixkana genero berdintasunari aurre egiten ari zaio Federakuntza”. Hori dela eta, emakumeek izena eman dezaten deia zabaldu du Ibarretxek, “Galdakaon ere emakume txapeldunik egon daitekeelako, noski!”.

Pilotariez gain, Adiskidek bazkideak ere baditu. “Guztira, 300 bazkide inguru egongo dira gaur egun izena emanda eta partiduez disfrutatzeko aukera zabalagoa dute”, dio Ibarretxek. Bazkideek ere zaletasuna indartzen laguntzen dute eta pilotariak ez ezik, haiek ere garrantzitsuak direla adierazi du Juan Luisek.

Beharrezko diziplina

Teknika lantzeko eta eskupilotarenaganako zaletasun hori pizteko era askotako entrenamenduak egiten dituzte, kategoriaren arabera: “Ezberdina da umeekin entrenatzea edo gazteekin eta nagusiekin entrenatzea”, dio Ibarretxek: “Diziplina bat egon behar da, baina harrobiko umeekin gehien lantzen duguna heziketa da, ez lehiaketak. Ondo pasatzea da gakoa”. Federazioko Txapelketetan aritzen direnekin entrenamendu gogorragoak prestatzen dituzte eta horretan zer ikusia dute Oliden, Ariznabarreta eta Sainz entrenatzaileek.

Txapelketei dagokienez, Bizkaiko Txapelketa jokatzen dute denboraldi hasieran; Gabonak pasa eta gero, Euskal Liga hasten da eta bertan sailkatzerik ez dutenek Udaberriko Torneoa jokatzen dute. “Bestetik, pilotari batzuek –Kerman Galarzak, esaterako- Lezama, Mungia edo Zaldibarko Torneo pribatuetan hartzen dute parte, eta eskola-mailan Uribe-Kosta Torneoa jokatzen da urritik abendura bitartean”, dio Ibarretxek.

Adiskideren lorpenik nabarmenen artean aurki daitezke: Bizkaiko Herriarteko Txapelketak (2009an eta 2011n), Berria Txapelketa eta Euskal Herriko Txapelketa (2015ean). Era berean, Ander Elezkanok -Danel Elezkanoren anaiak- nagusi mailako Bizkaiko Buruz Buruko Txapelketa irabazi du aurten eta Karregal-Artola bikoteak Bizkaiko Txapelketako Gazte Mailako Binakako titulua lortu dute.

Pilotalekua, elkartzeko tokia

Kurtzea Frontoia da Adiskide Klubaren arima. “Leku aproposa da jendea erakartzeko eta elkartzeko”, dio Juan Luis Ibarretxek: “Izan ere, Euskal Herriko udalerri guztietan frontoia beti egon izan da udaletxe, plaza eta elizaren ondoan eta horrek herritarrak hurbiltzea eragiten zuen”.

Aitzinean estaligabea zen Galdakaoko frontoia eta jendea elizatik irten ondoren, pilotakadak entzun eta frontoira hurreratzen zen. “Gaur egun ohitura hori galdu egin den arren, frontoia estaltzea beharrezkoa zen: pilotazaleen artean aldaketa nabarmenena erosotasuna izan da. Ostiralero giro polita sortzen da Kurtzean eta herritarrak hurbildu egiten dira eskupilotaz gozatzera”.



galdakao adiskide 2016 6 pilotari
Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak