→Galdakao

[Sakonean] Gailendu da argitasuna

galdakao eguzkibegi ikastola 2017 50 urte

Eguzkibegi Ikastolak 50 urte bete ditu. Frankismoaren garai ilunetan hasi zuen ibilbidea 35 ikaslerekin eta gaur egun 700 ikasle inguru ditu.

Eguzkibegi Ikastolak 50 urte bete ditu. Frankismoaren garai ilunetan hasi zuen ibilbidea: 1967an 35 ikaslerekin eman zuten lehen eskola. Egun 700 ikasle inguru ditu

[ARGAZKIAK – Eguzkibegi Ikastolaren 50. urteurren-jaia]

60ko hamarkada zen Euskal Herriko hainbat txokotan ikastolak sortzen hasi zirenean. Baita Galdakaon ere. Haurrei euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskaintzeko helburuarekin, Galdakaoko guraso talde batek erabaki zuen 1966ko uztailean udalerrian ikastola sortzea. Eta, zenbait hilabeteren ostean, 1967ko urtarrilean, Zabaleako txalet ba- tean ikastolak bere lehen pausoak eman zituen.

Hasierako urte haietan bi irakasle baino ez zeuden ikastolan: Maribi Zamakola eta Itziar Barrenetxea. Eta euren ardurapean 35 ikasle.

60ko hamarkadako oztopoak

1960ko hamarkadan irakaskuntza euskaraz egitea debekatuta zegoen, eta Delegaritzak eta agintariek hainbat oztopo jartzen zituzten. Gainera, ikastolan ikasten zuten haurren etorkizuna ere ez zegoen batere argi garai haietan.

Ikastola legezkoa izateko baimena eskatu behar zitzaion Delegaritzari, baina legeztatze prozesu horretan beste oztopo bat izan zuten. Hain zuzen ere, 1.970eko “Ley general de Educación” delakoa. Lege horrek jartzen zituen baldintzei aurre egiteko eta ikastolaren hazkundeari erantzuteko, Kooperatiba bat sortzea erabaki zuten irakasleek eta gurasoek.

Kooperatibaren sorrera

1973ko urriaren 25eko Batzar Nagusian eratu zen Kooperatiba “Cooperativa de Enseñanza Galdácano” izenarekin.

Gurasoen ekarpen ekonomikoekin eta beste herritar batzuen laguntzarekin aurrera ateratzea lortu zuten Galdakaoko euskal hezkuntza sistema.

Eta hala, gaur egun kokatua dagoen lurra erosi zuten 1974an. Terrenoa erosteko dirua bazkideek eurek jarri zuten: bakoitzak 40.000 pezeta. Gauzak horrela, 1978an ikastola berria zabaldu zuten. Sasoi hartan 170 ikasle inguru zituen ikastolak.

Gerizpetik Eguzkibegire

Eguzkibegi Ikastolak 50 urte hauetan izan duen hazkundea nabaria da: gaur egun 700 ikasle inguru eta 55 irakasle ditu. Eskualde osoko ikasleak datoz Eguzkibegira, besteak beste, Arrigorriagatik, Basauritik, Etxebarritik, Larrabetzutik edota Usansolotik.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, denboraren gorabeheretara egokitzen joan da, kalitatea hobetzeko bidean. Zentzu horretan, 2009an Ibilaldia antolatu zuen Eguzkibegik ‘Gerizpetik Eguzkibegire’ lemapean.

Gaur egun Urtxintxa, Txanela eta Eki metodologiekin lan egiten dute (Ikastolen Elkartea).

Euskara ardatz nagusia izanik, hizkuntza aniztasuna eskaintzen du Eguzkibegik: Ingelesa 4 urtetik aurrera eta frantsesa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Aniztasuna eta parte-hartzea

Eguzkibegi ikastolak baloreetan oinarritutako hezkuntza bultzatzen du, aniztasuna errespetatuz eta hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bultzatuz.

Esate baterako, KiVa proiektua sartuko du aurten ikastolak. Finlandiatik datorren proiektua da, bullinga ekiditeko eta elkarbizitza bultzatzeko.

Era berean, badira urteak Eguzkibegi Ikastola Agenda 21 programan sartuta dagoela, ikastolaren kalitate eta jasangarritasunerako. Ikastolak erabiltzen duen energia elektrikoaren %98 energia berriztagarrietatik dator.

50. urteurrena

Zabaleako txaletean eman zituzten urratsak oroitzeko jaia antolatu zuen urtarrilean Ikastolak Torrezabal Kultur Etxean. Bertan izan ziren, besteak beste, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkaria, Gotzon Barandiaran kulturgilea, Arkaitz Estiballes bertsolaria, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea, ikastolako irakale zein ikasle ohiak eta etorkizuneko ikasleak.

Frankismoaren sasoi ilunetan sortutako ikastolak osasuntsu aurrera darrai. Urteen poderioz, Eguzkibegiak gailendu dira. Gailendu da argitasuna.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak