→Galdakao

[Sakonean] Harrobia hezten

usansolo umore ona 2017 entrenamendua

Usansoloko Umore Ona Kirol Elkarteak kirola eta kultura uztartzen ditu. Maiatzaren 27an eta 28an Espainia mailako txapelketa antolatuko du haurrentzako.

Usansoloko Umore Ona Kirol Elkarteak herriko kirol eta kultur arloko proiektuetan hartzen du parte. Maiatzaren 27an eta 28an Espainia mailako txapelketa antolatuko dute haurrentzako

1982. urtean hasi zen o zialki lehiatzen Usansoloko Umore Ona futbol taldea. Urte hartan talde federatua izatea erabaki zuten zuzendaritzakoek, federazioko lehiaketan parte hartu ahal izateko. Hala ere, denboran askoz atzerago egin behar da Umore Onaren inguruko historiaz ohartzeko.

1925ean, Laminako zelaietan, Usansolon bizi ziren lagun batzuek futbol talde bat egin zuten, “Moskorrak Beti” izenarekin. Geroago, 1931n, Umore Ona kirol elkartea sortuko da Kerixetako Gandarias tabernan. Garai hartako zuzendaritza taldea honako hauek osatzen zuten: Juan Sagarminaga, Luis Odiaga, Antonio Leniz, Juan Egiraun, Mariano Gandarias eta Begoña emakumea. Gerra zibila ate joka zebilela etenaldia izan zuten eta garai ilun horiek amaitutakoan lehiaketei ekin zieten berriro ere.

1982ko udaberrian erabaki zen talde federatua egitea Durangoko lehiaketa baten parte hartzeko eta 1982-83 denboraldian federazioko lehiaketan parte hartzen hasi zen. Gaur egunera arte. Taldea federatu zenetik 35 urte igaro dira.

ESKOLA TXIKITIK BETERANOETARA

Gaur egun ezagutzen dugun Umore Ona kirol elkarteak honako talde hauek ditu 2016-2017 denboraldian: Eskola Txiki, Eskola kirola -aurrebenjaminak bi talde, benjaminak bi talde, kimuak bi talde, haurrak bi talde-, kadeteen mailan bi talde, gazte talde bi eta talde bat erregional mailan. Era berean, beteranoen taldeak ere zenbait lehiaketetan parte hartzen du. Guztira 14 talde ditu Umore Onak eta 200 jokalari inguru, “gehien-gehienak usansolotarrak”, diote.

BOKAZIOA ETA HARROBIA

Umore Onak zerbitzu publikoaren bokazioa du Usansolon, eskola kirola eta gainerako talde federatuak kudeatzen dituena, “kirola gozatuz, ariketa sikoaren eta futbolaren bidez”, dio Kike Gojenola presidenteak.

Era berean, harrobiaren aldeko apustu sendoa egiten du Umore Onak. “Helburua klub moderno bat izatea da, balioak harrobitik bertatik lantzen dituena eta jokalariek kultur eta kirol arloko ekitaldietan parte hartzen dutena”, dio Antton Irusta Umore Onako zuzendaritza batzordeko kideak.

Balioei dagokienez, zerbitzuen bokazioa bera, errespetua, zintzotasuna eta zuzentasuna, gardentasuna, hurbiltasuna, motibazioa eta talde-lana dira entrenatzaileek zein zuzendaritza batzordeak ume eta gazteei irakatsi nahi dietena. Eta bere fruituak ematen ari da.

ESPAINIA MAILAKO TXAPELKETA

Maiatzaren 28an Espainia mailako futbol txapelketa antolatuko dute Usansoloko Meatzeta zelaian. Usansolo Cup da txapelketaren izena eta iaz Basauriko Basconia futbol eskolarekin antolatu zuten.

Aurtengo txapelketan ariko dira, besteak beste, Oviedo, Xixoiko Sporting, Eibar, Athletic Club, Danok Bat, Santander, Txantrea eta Oberena. “Bartzelonarekin harremanetan gaude talde katalanak ere gurean parte har dezan”, dio Irustak: “Ziurtatzea besterik ez da falta, baina litekeena da Bartzelona ere kartelean ager- tzea”.

SARE SOZIALETAN PRESENTZIA

Umore Ona kirol elkarteak, gaur egungo teknologia berrietara egokitzeko beharraz jakitun, iaz bideo bat argitaratu zuten Youtube atarian: ‘Umore Ona, indarra, sasoia eta zoriona’.

Bideoak 4 minutuko iraupena du eta Usansoloko herritarrak dira protagonistak. Klubaren nortasuna eta bere filosofia ezagutaratzen du bideoak, neska baten kontakizuna ardatz hartuta.


usansolo umore ona 2017 sakonean martxoa

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|