→Galdakao

Saskibaloirik hoberenaz gozatzeko aukera eskainiko du Euskal Kopak

galdakao saskibaloia 2017 gdko ibaizabal

Irailaren 17an hasiko da Emakumeen Euskal Kopa Galdakaon eta hilaren 23an eta 24an jarraituko du. Ibaizabal Saskibaloi Taldea anfitrioi izango da.

GDKO Ibaizabaleko neskak taldearen aurkezpen egunean // Ibaizabal Saskibaloi Taldea

Ibaizabal Saskibaloi Taldeko zuzendaritza berriak saskibaloia herrira hurbildu nahi du eta gauzak horrela, aurten Emakumeen Euskal Kopa Galdakaon jokatuko da. “Euskal Federazioari aurrekanporaketa zein bukaera faseko partidak herrian antolatu eta jokatzeko gure proposamena helarazi genion eta zozketa bidez Galdakaoren izena irten zen. Itzelezko ilusioa egin digu Galdakao txapelketako egoitza izateak”, dio Gorka Paternina Ibaizabal S.T.-ko presidenteak.

Irailaren 17an, igandez, aurretiko faseari hasiera emango dio Ibaizabalek, Añares de Rioja Iraurgi talde gipuzkoarraren aurka jokatuz. Partida 17:30ean izango da, sarrera doan, Urretako kiroldegian. “Galdakaoko jaiei bukaera ezin hobea eman nahi diegu saskibaloirik hoberenaz gozatuz”, dio Paterninak.

Miren Agirregoikoa jokalariaren arabera, “denboraldia hasteko erronka motibagarria da Euskal Kopa”. Norgehiagoka “zailak” direla adierazi du Agirregoikoak, “are gehiago kontuan hartuta taldea sortzear dagoela eta oraindik ere elkar ezagutzen ari garela”. Izan ere, taldeak aurpegi berriak ditu aurtengo denboraldirako: Eider Elorriaga (harrobitik datorrena), Peyton Ferris, Maria Barneda, Maria España, Marta Bueso, Ane Arrien eta Gracia Alonso de Armiño. Miren Agirregoikoak, Jone Azkuek, Patricia Valientek eta Esther Blancok errepikatu egingo dute taldean.

Fase finala

Iraurgiren kontrako partida irabaziz gero, bukaerako fasean (irailaren 23an eta 24an) parte hartuko luke Galdakaoko taldeak: “Gernikaren aurka jokatuko genuke bukaera fase horretan eta badakigu beste maila batean daudela. Beraz, gure taldearen hobekuntzan baino ez gara zentratuko”, dio Agirregoikoak. Fase final horretako beste partida izango da Lacturale Araski (Araba) eta IDK Gipuzkoa taldeen artekoa.

Guretzat ohore bat da horrelako ekitaldi bat geurean ospatzea, eta galdakoztarrek horrela erantzutea espero dugu, Urretako kiroldegira hurbilduz, saskibaloiaz gozatuz eta bazkide izatera ere animatuz, denboraldi osoan elkarrekin helburuak lortu asmoz”, dio Paterninak.

Emakumeen Euskal Kopa – Egutegia

Irailak 17, igandea

17:30 GDKO Ibaizabal vs Añares Rioja ISB

Irailak 23, larunbata

17:00 1. finalaurrekoa: Lacturale Araski vs IDK Gipuzkoa

19:30 2. finalaurrekoa: Lointek Gernika Bizkaia vs (Irailaren 17ko irabazlea)

Irailak 24, igandea

11:30 Finala

13:30 3. eta 4. postuak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak