→Galdakao

Unai Etxezarraga: ”Usansoloko I. Mendi Duatloia maila guztietako partaideentzat egin dugu”

usansolo u113 triatloi taldea

U113 Triatloi Taldeak antolatu du I. Mendi Duatloia Usansolon. Inskripzioak zabalik daude azaroaren 7ra arte eta 100 parte hartzailetik gora espero dituzte. 22 kilometro ditu probak.

Aurreneko aldia da Usansolok Mendi Duatloia antolatuko duena. Hitzordua azaroaren 8an, igandez, 11:00etatik aurrera izango da eta “Usansolo inguruan ditugun mendietan barrena ibiliko dira partaideak”, dio Unai Etxezarragak, antolatzaileetako batek. Izena emateko epea azaroaren 7an 22:00etan bukatuko da eta antolatzaileek diotenez, 100 eta 150 lagun inguruko partaidetza espero dute.

Proba berri honen antolakuntza lanak U113 Traitloi Taldeak hartu ditu bere gain: “U113 taldea orain dela urtebete inguru sortu genuen. Gure helburua Usansoloko kirolariak talde batean batzea eta horrekin batera gure herrian proba berri bat sortzea zen. Taldeko hiru lagunek Euskal Herrian egiten den Mendiduatloi zirkuitua (EHMDZ) ezagutzen genuen lehendik eta zirkuitu horretako proba bat Usansolon ospatzea ideia ona zela pentsatu genuen”, dio Etxezarragak.

22 KILOMETRO INGURUKO PROBA

Usansoloko I. Mendi Duatloia hiru zatitan banatu dute: lehenengo zatia 5,54 kilometroko korrikako mendi lasterketa izango da, bigarren zatian parte hartzaileek 14 kilometro inguru egin beharko dituzte mendi bizikletan eta hirugarren zatian Usansolo herria bera zeharkatuko dute 3,10 kilometroz.

Unai Etxezarragak dioenez, “zirkuitu nahiko errazak dira, hau da, kirol maila handirik ez da behar proba amaitzeko. Hain zuzen ere, gure helburuetako bat maila desberdinetako jendea batzea da eta denok pozik amaitzea proba”.

Ibilbideari dagokionez, “gehiena pista zabala eta zailtasunik gabekoa izango da. Benetan ibilbide polita eta maila guztietako jendeak egiteko modukoa”, dio Etxezarragak. Zirkuituaren informazioa www.mendiduatloia.com webgunean dago.

IBILBIDEA TXUKUNTZEN

Urriaren hasieratik zirkuitu osoa txukuntzen aritu dira U113 Triatloi Taldeko hainbat kide: “Taldeak sortu genituen garbiketa lanak egiteko eta ibilbidea ahalik eta gehien txukuntzen aritu gara astero”, dio Etxezarragak: “Mendi garbiketak direla eta arazoren bat izan dugu pistak egoki edukitzeko, baina azaroaren 8an dena garbi egongo da”.

Era berean, proba gauzatu ahal izateko hainbat baimen eskatu behar izan dituzte: Bediako eta Galdakaoko Udalak, Gune Naturalen Departamentua, Osasun Zerbitzua, Bizkaiko Foru Aldundia eta Erantzukizun Zibila.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak