→Galdakao

Usansoloko muga geografikoak zehazteko kontsulta gutun ziurtatu bidez egingo dute

usansolo galdeketa emaitzak 2014

Galdeketa Usansolo inguruko zazpi auzoetan izango da: Labeaga, Uraska, Gorozibai, Ordaine, Arteta, Lekubaso eta Lekue. Hautestontzirik ez da egongo eta gutun ziurtatu bidez egingo da.

2014an Usansolon egin zuten herri kontsulta // Argazkia: Geuria

Galdeketa Usansolo inguruko zazpi auzoetan izango da: Labeaga, Uraska, Gorozibai, Ordaine, Arteta, Lekubaso eta Lekue. Hautestontzirik ez da egongo eta gutun ziurtatu bidez egingo da. Parte hartzeko epea zabalik egongo da apirilaren 11ra arte, eta hilaren 12an hasiko dira zenbaketarekin

Usansoloko muga geografikoak zehazteko galdeketa egingo dute aurten. Iazko uztailean Espainiako Ministroen Kontseiluak 2018ko azaroaren 11n aurreikusita zegoen galdeketa ez zuen baimendu, baina Galdakaoko udal gobernu taldeak beste aukera bat bilatu du Usansoloren mugen inguruko galdeketa egin ahal izateko: kontsulta presentziala izan beharrean, posta ziurtatu bidezkoa izango da, alegia. Hau da, oraingoan ez dute hautestontzirik jarriko eta gutun ziurtatu bidez egingo da.

Galdeketa Usansolo inguruko zazpi auzoetako (Labeaga, Uraska, Gorozibai, Ordaine, Arteta, Lekubaso eta Lekue) herritarrei egongo da zuzenduta (18 urtetik gorakoei), eta kontsulta horretatik kanpo geratuko dira Usansolo erdiguneko biztanleak, hau da, Labea eta Puentelatorreko herritarrak. “Labea eta Puentelatorre auzoetan bizi direnek ez dute kontsulta honetan parte hartuko, galdeketa honen helburua mugak zehaztea baita, eta kasu horretan argi dago Usansolo erdigunea zein den”, dio Ibon Uribe alkateak: “Lehen urratsa Usansoloren mugak zehaztea da”. Iaz aurreikusita zegoen herri kontsulta bederatzi auzoetan izango zen azken bi auzo horiek barne hartuta. Galdetegia eta beharrezko dokumentazioa 580 etxebizitzetara bidaliko dute eta 927 herritarrei helduko zaio apirilaren 1a baino lehen: Mari Nieves Gallastegi kalekoei, Gorozibai auzokoei, Bidezabal kaleko 11 eta 13 zenbakikoei, Arteta auzokoei, Arteta bideakoei, Lekubaso kalekoei, Lekue auzokoei, Ordaine auzokoei, Labeaga auzokoei, Uraska auzokoei eta Bidezabal kaleko 1 eta 3 zenbakiei.

Posta bidez bidaliko kontsultak bi galdera izango ditu: ‘Zure auzoa, Usansoloko segregazio-prozesuaren testuinguruan, bereizi nahi den lurraldeko parte izan behar dela uste duzu?‘ eta ‘Zehaztu dezakezu labur-labur aukera bat edo beste hartzeko zein den arrazoi nagusiena?’. Galdetegiak entregatzeko hiru aukera egongo dira: ohiko posta bidez Posta-zerbitzuaren bulegoetan edo buzoietan utziz; Txapelenako funtzionarioari zuzenean entregatuz apirilaren 11a baino lehen.

Parte-hartzeko edo bozkatzeko epea behin amaituta, apirilaren 12an hasiko dira zenbaketarekin. Horretarako, ezohiko Bozeramaileen Batzordea deituko dute, bertara zazpi behatzaile joan ahal izateko, udaltalde bakoitzeko bana. Ondoren, kontsultaren emaitza herritar guztiei jakinaraziko diete.

Galdeketaren emaitza ez da juridikoki loteslea izango, baina bai ordea, udal gobernuarentzako. “Alkatetzari ahalmena emango dio ondorengoko erabakiak hartzeko”, dio Uribek: “Kontsultaren emaitza abiapuntua izango da segregazio-prozesuan urrats berriak emateko”. Eta gaineratu du: “Harrigarria da ekimen honi bermerik ez duela egozten diotenek Madrili planteatutakoaren aurka ere bozkatu zutela, berme gehiago zituenean. Beste behin, frogatzen da batzuek berba egiten dutenean, besteok egin egin dugula”.

Abstentzioak babesa eman

Galdakaoko udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin du gaur, martxoak 20, gaia eztabaidatzeko. Kontsulta posta ziurtatu bidez egitearen proposamena EAJk aurkeztu du eta berau jeltzaleen aldeko botoekin eta Usansolo Herria eta PSEren abstentzioarekin atera da aurrera. EH Bildu, Galdakao Orain eta PP udaltaldeek kontran bozkatu dute EAJren proposamena (Galdakao Irabaziko zinegotzia ez da osoko bilkuran izan), “inolako bermerik ez duelako ziurtatzen”.

EH Bildutik dioenez, “kontsulta hau berandu dator, hauteskundeen atarian. Gainera, zenbait zalantza sortzen dizkigu: Zein berme ditu? Zeintzuk dira epeak? Udal gobernuarentzako loteslea izateko, zelan hartuko da emaitza kontuan? Zein portzentajerekin?”. Era berean “bozka presentziala baino seguruagorik ez dagoela” gaineratu du Iñigo Hernando EH Bilduko bozeramaileak.

Galdakao Orain alderdiak prozesu hau “zentzugabea” dela dio, “zorroztasunik ez duelako eta galderak konplexuak direlako”. Olga Jimenez zinegotziak dioenez, “prozesuan parte hartuko duten herritarrei informazio zehatza helarazi behar zaie kontsulta egin aurretik. Adibidez, Gorozibaikoek erabakitzen badute Usansoloko mugetatik kanpo egotea, Galdakao erdigunera etorri beharko lirateke udal zerbitzuak erabiltzera? Hala nola, Urretako anbulategira edo kiroldegira etorri beharko lirateke?”, galdetu du.

Usansolo Herriak bere aldetik prozesua “legitimoa” dela dio eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera dutela diote. Horregatik ez dutela oztoporik jarriko adierazi dute. “Hala ere, ez dugu prozesuan lagunduko. Eskatzen duguna da herritarren hitza errespetatu dadila eta prozesuan zehar gardentasuna nagusi izatea”, dio Miren Itxaso Gutierrez zinegotziak. Usansolotarren hitza errespetatzearen harira 2014an egin zuten galdeketa eta 2017an bildu zituzten 2.000 sinadurak ekarri ditu Gutierrezek gogora.

PSEk adierazi du, “segregazioaren aurka daudela, urrats horrek auzune horietan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetuko ez duelako”. Halaber, Txema Larrazabal bozeramaileak kritikatu du, “trikimaina elektoralista hutsa” dela EAJren proposamena eta ez duela inolako adostasunik izan.

Azkenik, PPk adierazi du EAJren proposamena “tranpa” dela: “Jakin badakigu Usansolo ezin izango dela udalerri berria izan, 5.000 biztanle baino gutxiago baititu. Hain zuzen ere, Espainian indarrean dagoen araudiak hori dio: udalerri berri bat izendatzeko, horrek 5.000 biztanle baino gehiago izan behar ditu”, dio Mari Carmen Sanchez zinegoztiak: “Espektatiba batzuk ematen dira, gero ezerezean geratzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak