→Galdakao

Usansoloren mugak zehazteko galdeketa azaroaren 11n izango da

galdakao ezohiko osoko bilkura 2018 usansolo galdeketa

Espainiako Gobernuari baimena eskatu behar dio orain Udalak galdeketa egin ahal izateko eta honek hiru hilabeteko epean erantzun beharko du.

Ezohiko osoko bilkura ospatu da otsailaren 6an herri galdeketaren inguruan eztabaidatzeko // Geuria

Espainiako Gobernuari baimena eskatu behar dio orain Udalak galdeketa egin ahal izateko eta honek hiru hilabeteko epean erantzun beharko du

Usansolorekin muga egiten duten herriguneetan egiteko galdeketa azaroaren 11n izango dela jakinarazi du Galdakaoko Udalak otsailaren 6an ospatu duen ezohiko osoko bilkuran. EAJren proposamen hau onartuta, Espainiako Gobernuari baimena eskatu behar dio Udalak. Erantzuna hiru hilabeteko epean eman beharko dute Madriletik. “Erantzunik ez balego, hau da, administrazioaren isiltasuna balego, baiezkotzat joko litzateke erantzuna“, argitu du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak. Orduan, Ministroen Kontseiluaren baimena jaso ondoren, kanpaina instituzionala martxan jarriko dute alderdi politikoek.

Zentzu horretan, herri-galdeketa bederatzi biziguneetan egingo litzateke, hiru multzotan banatuta: Gorosibai, Labea multzoa (Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labeaga) eta Arteta multzoa (Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso). Bertako auzotarrek ondorengo galderari erantzun beharko diote: “Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio-prozesuan sartzea?“.

Proposamen hau onartu egin da EAJ eta PSE udaltaldeen aldeko botoekin, eta EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta Galdakao Bizirik-Irabazi udaltaldeen aurkako botoekin. PPk abstentziora jo du.

Batzorde Paritarioko kideen artean, Usansoloko udalerri berriak izan beharko lukeen muga geografikoari buruzko akordiorik ez dagoenez, Galdakaoko auzo batzuen auzokideen iritzia ezagutzeko herri-galdeketa egitea planteatzen dugu, Usansoloko segregazio-prozesuan parte hartu gura duten jakiteko asmoz“, dio Uribek. Galdeketa honek beste edozein hauteskunde-mekanika bera izango du: 18 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, botoa pertsonala, egiaztatua eta sekretua izango da, eta talde politiko ezberdinen artekariak eta ahaldunak izango dira. Ordea, ez da posta bidezko botorik onartuko.

Galdeketaren emaitza ez da juridikoki loteslea izango. Hala ere, politikoki loteslea izango da parte-hartzea %35era heltzen bada.

Zazpi urteko borroka

UH plataformak zazpi urte darama Usansolori buruzko erabakitzeko eskubidearen alde. “Gure helburu nagusia da Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatea, beti legea errespetatuz. Izate-sentimentua dugu usansolotarrok eta horrek eraman gaitu Galdakaoko Udalean ordezkaritza izatera, gure helburua lortu ahal izateko“, dio Itxaso Gutierrez UHko ordezkariak: “Hala ere, bidean traba asko aurkitu ditugu eta orain EAJk proposatutakoa prozesua gero eta gehiago atzeratzea dakar. Herritarrok argi daukagu zeintzuk diren Usansoloren muga geografikoak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako legearen arabera, ez da beharrezkoa Madrilera jotzea kontsulta bat egiteko“.

Ildo berean, Bea Ilardia Galdakoko EH Bilduko ordezkariak dio, “ez da beharrezkoa Usansoloko herriguneetan galdeketarik egitea. Herritarrek badakite zer den Usansolo eta esaterako, Labeakoek badakite nora joan behar duten hileta batera edo Gorosibaikoek badakite non eskolarazi bertako umeak: Usansolon. Mugarriak era natural batean mugatuta daude Usansolon“. Galdakao Bizirik-Irabazi taldeko Luisma Txabes ere alderdi jeltzalearen proposamenaren kontra agertu da.

Galdakao Orain taldeak bere aldetik, beste proposamen bat luzatu du Usansoloko segregazio prozesurako, mozio eran (UHrekin bateratua): “Auzoguneetan galdeketa egiteak prozesua guztiz atzeratzen du. Guk zuzenean proposatzen dugu Batzorde Mistoa eratzea (Batzorde Parekideko kideez gain, Bizkaiko Foru Aldundiko bi funtzionari izango dira Batzorde Mistoan eta organo horren zeregina izango da mugak negoziatzea. Batzorde Mistorik hurrengoko urratsa izango litzateke behin betiko herri-galdeketa)”, dio Luis Angel Sanchez de Lachina zinegotziak. Mozioa ezestatua izan zen EAJ eta PSEren kontrako botoekin.

Mari Carmen Sanchez PPko zinegotziak bi proposamenetan abstentziora jo du esanez gai hau “alderdi politikoen borondatearen kontua delako eta gainera, Usansolok 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako herri berri bat eratzeko“. Erantzun horren aurrean UHk dio 5.000 biztanleen lege hori Espainiatik datorrela, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren legearen arabera onartu egiten direla populazio txikiagoko herriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak