→Galdakao

Espainiako Gobernu aldaketak atzeratu egin lezake Usansoloko auzoetarako galdeketako baimena

usansolo jaiak 2017 segregazioa manifestazioa
Iazko Usansoloko jaietan manifestazioa egin zuten // Utzitakoa

Madriletik baimena jaso behar du Galdakaok azaroan Usansoloko muga geografikoei buruzko galdeketa egin ahal izateko. Joan den otsailean eskaera egin zion Galdakaoko Udalak Espainiako Gobernuari galdeketa hori egin ahal izateko, baina oraindik ez du erantzunik jaso. “Baimen horren zain gaude. Espainiako Gobernu aldaketa gertatu denez euren erantzuna atzeratu daiteke, baina hala ere uste dugu udan emango digutela horren berri, hasierako aurreikuspenean espero bezala”, diote udal ordezkariek. “Erantzunik ez balego, hau da, administrazioaren isiltasuna balego, baiezkotzat joko litzateke erantzuna”, argitu zuen Ibon Uribe Galdakaoko alkateak otsailean.

Usansolo Herria plataformak (UH) agerraldia egin du uztailaren 11n Unkina plazan azken sei hilabeteetako balantzea egiteko. Plataformatik diotenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren arabera ez zaio baimenik eskatu behar Madrili galdeketa bat egiteko. Madrilera baimen eske joatea aitzia baino ez da prozesua luzatzeko eta hauteskunde kanpainarekin bat egiteko”, salatu du Monika Mena UHko ordezkariak: “Gainera, Madriletik emango duten erantzuna seguraski ezezkoa izango da Usansolok ez baititu 5.000 biztanle. Hori baitio Espainiako legeak. Eta hori EAJk badaki. Modu horretan, galdeketa egin ez izanagatik errua Madrili bota diezaioke Udalak”. EAJk bere aldetik dio Galdakaoko Udaleko Idazkari Nagusiaren txostenak dioena betetzen ari direla, hau da, Espainiako Gobernuari baimena eskatu.

Hain zuzen ere, Usansolo Herriak eutsi egiten dio aurtengo maiatzean Euskadiko Auzitegi Nagusiak eman duen sententzia Basauriko Udalari arrazoia ematen diona. Sententziaren arabera, auzo-komunitate bateri dagokion herri-kontsultek ez dute Estatuaren baimenik behar. Udal gobernu taldeak dioenez, “Basauriko galdeketa hirigintza proiektu baten ingurukoa zen. Ez da berdina auzo baten desanexioaz galdetzea edo hirigintza proiektu baten inguruan kontsultatzea. Usansoloren auzia Gobernu Batzordean eztabaidatu behar da”, diote Galdakaoko Udaletik: “Gainera, udaletxeko Idazkaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digute Madrilen galdetzeko, eta guk hala egin dugu”.

Galdeketa 9 auzunetan

Joan den otsailean Usansoloko mugak zehaztuko lituzkeen galdeketa azaroaren 11n egitea adostu zuen udalbatzak EAJ eta PSE udaltaldeen aldeko botoekin, eta EH Bildu, Galdakao Orain, Usansolo Herria eta Galdakao Bizirik-Irabazi udaltaldeen aurkako botoekin (PPk abstentziora jo zuen). Galdeketa Usansolo inguruko bederatzi auzotan egingo dute (Gorosibai; Labea, Puentelatorre, Uraska eta Labeaga; eta Arteta, Ordañe, Lekue eta Lekubaso) eta herritarrek galdera honi erantzun: “Gura dozu zure auzoa Usansoloko segregazio-prozesuan sartzea?“.

“Batzorde Paritarioko kideen artean, Usansoloko udalerri berriak izan beharko lukeen muga geografikoari buruzko akordiorik ez dagoenez, Galdakaoko auzo batzuen auzokideen iritzia ezagutzeko herri-galdeketa egitea planteatzen dugu, Usansoloko segregazio-prozesuan parte hartu gura duten jakiteko asmoz”, dio Uribek. Adierazpen horien aurrean Usansolo Herria plataformak honakoa dio: “Usansolo inguruko herritarrek dagoeneko adierazi dute zer diren eta nongoak nahi duten izan: Usansolokoak. Baieztapen horiek bermatzen dituzten hainbat adibide ditugu: 2014an egin genuen galdeketa eta 2017ko urrian egin genuen sinadura bilketa. Lekuz lekuz, etxez etxe, 2.000 sinadura bildu genituen eta %70ak adierazi zuen usansolotarrak direla eta desanexioaren alde daudela”, dio Menak: “Hala ere, EAJk ez die kasurik ere egin sinadura horiei eta argudiatzen dute galdeketa horiek ez dutelako inolako pisurik. Gure ustez, udal gobernu taldeak prozesua oztopatu nahi du”.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|