→Galdakao

Emakumezkoen I. Bizkaia Torneoan jokatuko du Patri Espinar usansolotarrak

Aurreneko aldiz antolatuko dute emakumezkoen esku pilotako Bizkaia Torneoa. Txapelketa urriaren 26an hasi eta finala azaroaren 17an izango da.

Patri Espinar esku pilota partidu batean // Argazkia: Izan Fundazioa

Aurreneko aldiz antolatuko dute emakumezkoen esku pilotako Bizkaia Torneoa. Txapelketa urriaren 26an hasiko da eta guztira 12 pilotarik parte hartuko dute, sei bikotetan banatuta. Tartean, Patri Espinar usansolotarrak jokatuko du torneoa. Espinarrek Maddi Mendizabal zaldibiarra izango du bikotekide. Espinarrek eta Mendizabalek txapelketako bigarren jardunaldian hasiko dira lehiatzen, azaroaren 2an. Era berean, hilaren 9an jokatuko dute. Azaroaren 17an finalaurrekoa eta finala jokatuko dira Bizkaia Frontoian.

Torneoan parte hartuko duten gainontzeko bikoteak dira: Ainhoa Urien-Maider Mendizabal, Amaia Araiztegi-Maite Ruiz de Larramendi, Miren Larrarte-Mirian Arrillaga, Olatz Arrizabalaga-Olatz Ruiz de Larramendi, eta Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz.

“Emakumearen presentzia kirolean bultzatzea Aldundiaren erronketariko bat da, horregatik, aurten lehenengoz emakumeen Bizkaia Torneoa ere jokatuko da”, dio Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak: “Kalitatezko txapelketa bat egin nahi izan dugu, eta berme guztiekin. Eredu izan nahi dugu egunero jokalekuan beren onena emateko ahalegina egiten duten emakume pilotarien bultzadari dagokionez. Bestalde, gure pilotariak beste emakume eta neskentzako eredu izatea da gure xedea, beren urratsak jarraitu ditzaten eta emakumeen artean esku-pilotan jolasteko zaletasuna hazi dadin”, dio Bilbaok.

Esku-pilotako txapelketaz gain, paletako txapelketa ere jokatuko da abenduaren 8tik 28ra bitartean. Txapelketa bakoitzean, liga sistemaren bidez bi taldetan banatuko diren sei bikotek jokatuko dute eta talde bakoitzeko irabazlea pasako da finalera.

I. Bizkaia Torneoa, egunez egun

Urriak 26, ostirala
Ainhoa Urien-Maider Mendizabal vs Amaia Araiztegi-Maite Ruiz de Larramendi
Miren Larrarte-Mirian Arrillaga vs Olatz Arrizabalaga-Olatz Ruiz de Larramendi

Azaroak 2, ostirala
Patri Espinar-Maddi Mendizabal vs Amaia Araiztegi-Maite Ruiz de Larramendi
Miren Larrarte-Mirian Arrillaga vs Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz

Azaroak 9, ostirala
Patri Espinar-Maddi Mendizabal vs Ainhoa Urien-Maider Mendizabal
Olatz Arrizabalaga-Olatz Ruiz de Larramendi vs Eneritz Arrieta-Leire Etxaniz

Azaroak 17, larunbata
Finalaurrekoa
Finala

Txapelketako arauak

Txapelketari dagokionez, 3 bikotez osatutako 2 multzo egin dituzte, eta itzuli bakarreko Liga erara jokatuko dute multzo bakoitzeko bikoteen artean. Astero bi partidu jokatuko dira, partidu bat multzo bakoitzeko. Partidu bakoitzeko irabazleak (22 puntura) bi puntu irabaziko ditu eta galtzaileak bakarra.

Bikoteen arteko berdinketa gertatuz gero, haien arteko partiduetan tantu gehien egiten dituena sailkatuko da. Hala ere berdinketak jarraituko balu, bikote gazteena sailkatuko da. Multzo bakoitzeko lehena finalerako sailkatuko da, eta bigarrenek 3. eta 4. postuetarako jokatuko dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak