→Galdakao

Lau eta erdiko txapela eskuratzeko bidean da Patri Espinar usansolotarra

Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finala jokatuko du Patri Espinar usansolotarrak abenduaren 9an, Olatz Arrizabalaga gernikarraren aurka.

Lau eta erdiko buruz buruko txapelketako lau finalistak // Argazkia: Emakume Master Cup

Lau eta erdiko buruz buruko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalak jokatuko dira abenduaren 9an, igandez, Azkoitiako Gurea pilotalekuan. Aipatzekoa da finaletan arituko diren lau partaideak (Lehen maila eta Promozio maila) buruz buruko euren lehen txapelaren bila arituko direla. Lehen mailako finalean izango da Patri Espinar usansolotarra eta aurkari izango du Olatz Arrizabalaga gernikarra.

Finalerdiak Amezketan jokatu ziren abenduaren 2an. “Patri Espinar uste baino askoz errazago nagusitu zitzaion Maite Ruiz de Larramendi beasaindarrari, 22-6 irabazita. Usansolokoak lehen momentutik hartu zuen aurre markagailuan eta argi geratu da txapelketak aurrera egin ahala gora egin duen pilotaria dela. Finalean errebantxarako aukera izango du Espinarrek, binakako finalean garaitu baitzion Arrizabalagak”, diote. Izan ere, martxoan Eskuz Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finala ere jokatu zuen aurten Espinarrek eta txapelduorde izan zen Eneritz Arrieta azkoitiarrarekin batera. Finala Leire Etxaniz etxebarriatarrak eta Olatz Arrizabalaga gernikarrak irabazi zuten.

Lau eta erdiko buruz buruko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako Promozio mailako finala jokatuko dute Amaia Aldai dimoztarrak eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Finaleko partiduak ETB1en ikusi ahal izango dira zuzenean abenduaren 9an 12:00etatik aurrera.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak