→Galdakao

Patri Espinarrek eta Athleticeko emakumeek jasoko dute Zirgari berdintasun saria

Patri Espinar usansolotarrak eta Athleticeko emakumeek (hiru jokalari Galdakaokoak dira) ‘Ahalduntzea eta balio aldaketa’ ataleko Zirgari Saria jasoko dute.

Patri Espinar usansolotarrak eta Athleticeko emakumeek (hiru jokalari Galdakaokoak dira) 'Ahalduntzea eta balio aldaketa' ataleko Zirgari Saria jasoko dute // Argazkiak: Izan Fundazioa + La Liga

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k Galdakaoko zenbait emakume sarituko ditu Zirgari sarietan. Hain zuzen ere, Patri Espinar (Usansolo) eta Athleticeko emakumeak (Ainhoa Alvarez, Jone Ibañez eta Marta Perea Galdakaokoak dira) jasoko dute saria. ‘Ahalduntzea eta balio aldaketa’ ataleko saria emango diete ex aequo Athletic Club-en emakume taldeari eta Patri Espinar pilotariari.

Zirgari sarien helburua da pertsona, entitate eta enpresek berdintasunaren alde egiten duten lana, ahaleginak, dedikazioa eta inplikazioa aitortzea. Ildo horretan, epaimahaiak Espinarren kirol-gaitasuna aintzatetsi nahi du (esku pilota, paleta, futbola, mendia, piraguismoa…), baita kirol maskulinizatuetan aurrera jarraitu duela ere. Athleticeko emakumeen kasuan, erreferente bihurtu direla aitortu nahi dute (San Mames bete zuten 48.000 ikuslerekin).

Era berean Zirgari saria jasoko dute Pilar Perez Fuentes historialariak (ohorezko saria), Emakume boluntarioen Tartekari Sareak (‘Emakumeek jasaten duten indarkeriaren kontra’ atalean) eta IZAR Cutting Tools enpresak (‘Erantzukidetza eta bateratzea’ kategorian). Epaimahaiak Bizkaiko herritarrek hilabetean parte hartu ahal izan duten prozesuan proposatutako hautagai-zerrenda batetik hautatu ditu pertsona, entitate eta enpresa saridunak.

Zirgari sarien banaketa gala martxoaren 6an ospatuko da, Bilboko BBK aretoan, Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoaren 8a) ospatzen den astean. Aurtengo edizioa laugarrena da. Ohorezkoa ez beste sari guztiak 6.000 eurokoak dira.

Aurtengo Zirgari saridunen berri eman dute gaur Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eta Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendariak. “Ikuspegi feminista, eskuzabala, justizia zalea eta gizartea eraldatzeko prest dagoena proposatzen dute Zirgari sariek”, dio Laespadak. Berea aldetik Sarasolak adierazi du, “BBK-k konpromiso bat bete behar duela eta buru-belarri lan egin dutela berdintasunaren alde langileen kontratazioan, prestakuntzan eta barne promozioan”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak