Sareak

Herriak

Geuria jaio da Basaurin, Hego Uribeko herri komunikabide berria

|

Geuria aldizkaria 2014 urria

Oraintxe esku artean daukazun GEURIA da Basaurin sortu den Hego Uribe eskualdeko aldizkari berria. Basauriko Euskara Aholku Batzordearen eskutik sortu da, Udalak diruz lagunduta. Hamaika elkartek eta norbanakok parte hartu dute aldizkariaren erredakzio bileretan. Izan ere, herri aldizkaria da. Horietan, edukiak eta emandako trataera erabakitzen dute, bi langile arduradun direlarik.

Hilero 10.000 ale kaleratuko dira eta horiek Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon, Etxebarrin eta Zaratamon banatuko dira. Herri guztietako udaletxeetan eskuragai izango da, baita Basauriko kultur etxe, eskola, euskaltegi eta abarretan ere. Basaurin jaio den arren, helburua honako hau da: gainontzeko herrietako informazioa jorratu, banaketa esparrua zabaldu eta jendearen parte hartzea handitzea. Horretarako, lehen pauso moduan, Hego Uribe eskualdeko euskaldunon datu basea sortzea du helburu GEURIAk, eta izena ematen dutenei etxera bidaliko zaie aldizkaria hilero. Interesatuek izen-abizenak, helbide elektronikoa, etxeko helbidea eta telefono zenbakia bidali beharko dituzte info@geuria.net helbidera.

Hasiera batean, lau atal izango ditu aldizkariak: albisteak jasoko dituen Herriak atala; Iritziak, herritarrek bidalitako gutunak eta kolaboratzaileen idatziak izango dituena; Agenda; eta Aisia. Era berean, erreportajeak eta elkarrizketak ere landuko dira.
Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute, bai albisteak edo gutunak bidalita, bai erredakzio bileretara etorrita. Erredakzio bileretan parte hartzeko, helbide elektroniko berdinera idatzi eta bileretan parte hartzeko asmoa agertzearekin nahikoa izango da deialdiak hilero jasotzeko. Komunikabidearen helburua jendearen parte hartzea sustatzea da. Izan ere, askotariko iritzi eta ekarpenekin hedabide aberatsagoa izango dugu eskuartean.

HEGO URIBEN IZANDAKO AURREKARIAK
1987. urtean Basauriko lehenengo aldizkaria plazaratu zen: El Social. Gaztelaniaz idazten zen, baina bederatzi urteren buruan, euskaraz eginiko gehigarria aurkeztu zuen, Berbaz izenekoa. Hiru urteko biziraupena besterik ez zuen izan (1996-1999). Izan ere, sortu zen urte berean Bost Axola aldizkariak argia ikusi zuen. Publikazio honek bi aldi izan zituen: lehenengoa, 1996ko martxotik azarora bitartekoa, eta bigarrena, 1997ko maiatzean hasi eta 1998ko apirilera artekoa.

Euskarazko hedabiderik gabeko bi urteko parentesiaren ondoren, 2000. urteko abenduan, Asier Lejarza El Social-eko arduradunak euskara hutsezko herri aldizkaria kaleratu zuen, bere aurrekarien alde positiboak eta negatiboak kontutan hartuta. 2004ko ekainean, ordea, betiko itxi zen El Social, Basauriko aldizkaria.

2003ko abenduan, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Ugao eta Zaratamori buruzko informazioa biltzen zuen Artandape hilabetekaria jaio zen. Arrigorriagako Abarrak Kultur Elkartea zen arduraduna eta 5.000 ale argitaratzen zituzten hilero. 2005eko martxoan, ordea, aldizkaria argitaratzeari utzi zion Abarrakek, uste baino diru gutxiago jaso zutelako erakundeengandik eta zor handia zutelako.

2010eko urrira arte, Basaurik ez zuen berriro euskarazko aldizkaririk izan. Garai hartan, Sustraiak Fundazioak aldizkari berria argitaratu zuen: Berbaz. Bizkaiera erabiltzen zuten euskara batuaren ordez. Hamabi zenbaki kaleratu eta gero, -2012ko urtarrilean, alegia- agur esan zuen. Hortaz, bost izan dira orain arte Hego Uribeko eskualdeak izan dituen euskarazko hedabideak.

☉ Basauri

Argazkiak / Basauritik Medellinera iritsi da Korrika Ane Ibarrola eta Aitor Aburto herritarren eskutik

Korrika, euskara eta euskal kultura zabaldu dute Ane Ibarrolak eta Aitor Aburtok Medellinen, Kolonbian. Bertako Euskadi ikastetxean daude lanean

|

Ane eta Aitor, behean eta eskuman, Medellingo Euskadi ikastetxeko Korrika Egunean // Aitor Aburto

Medellingo (Kolonbia) Euskadi ikastetxean lanean daude Ane Ibarrola eta Aitor Aburto basauriarrak. Global Training bekari esker heldu ziren urtarrilean eta uztailera bitartean izango dira bertan.

Ane psikologoa da eta Aitor musika eta euskal kulturako irakaslea da eta horretan dihardute ikastetxean.

“Ikastetxe oso txikia da, inklusio-ikastetxe bat da, eta beharrizan bereziak dituzten haur eta gaztetxoak daude, dibertsitate funtzionalekoak zein jokabidekoak”, adierazi digu Aitorrek.

Narciso Larrea López de Luzuriaga euskal misioilariak sortu zuen Euskadi ikastetxea Medellinen 1987an. “Hezkuntza ez da euskaraz ematen, eta normalean ez da euskara irakasgairik ematen. Orain bai, gu bertan gaudelako”, dio Aitorrek.

Anerekin eta Aitorrekin batera Eider Urkiola ormaiztegiarra ere badago bertan lanean. “Global Training bekarekin, duela hiru urtetik hona euskal herritarrak datoz ikastetxera lan egitera, eta euskara eta euskal kulturari buruzko eskolak emateko aprobetxatzen da”, dio Aitorrek.

Tipi tapa, Korrika!

Medellingo Euskadi ikastetxean euskara eta euskal kultura hedatzearekin batera, aurten Korrika ere antolatu dute hiru gazteek: “Medellingo Euskadi ikastetxean ospatzen duten hirugarren Korrika izan da”, dio Aitorrek.

Martxoaren 20an egin zuten Korrika: “Egun tematikoa izan zen: egun horretan ez zen eskolarik egon. Hainbat ekintza antolatu genituen: goizean ikasle batzuek Euskal Herriari buruzko gaiak azaldu zituzten, zazpi probintzietakoak, ikastetxe osoaren aurrean, eta gero Korrika egin genuen ikastetxeko ikasle guztiekin. Gainera, Herri Kirolak ere egin genituen, eta azkenean erromeria bat egin genuen dantza plaza batekin”.

“Oso egun polita izan zen. Umeek primeran pasa zuten, asko ikasi zuten euskal kulturari eta Korrikari buruz. Guretzat oso hunkigarria izan zen, egun tematikoa izan zenez, Korrika eta euskara landu genituelako. Gainera, ikasle eta irakasle horiek euskararen inguruan kontzientziatzea oso garrantzitsua izan zen”, dio Aitorrek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Areto futboleko emakumezkoen Kukuiagak liga txapelketa irabazi du lehen aldiz

17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea izan baita

|

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldea / Kukuiaga FS

Azken jardunaldiaren faltan garaikurra ziurtatu zuen Kukuiagaren emakumezkoen senior taldeak Bilboko Otxartabe taldeari 5-0 irabazi ondoren. Ez da halako emaitza ikusgarria lortzen duten lehen aldia, inondik inora, gol gehien sartu eta gutxien jaso dituen taldea izan baita etxebarritarra. 17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira.

Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Eskarmentu handiko entrenatzailea den arren, klubean hamarkada luzea darama, bere lehen esperientzia izan da emakumezkoen taldearekin, eta “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du basauriarrak.

Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoa eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatuko mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gastronomia jardunaldiek Michelin izarrez beteko dute Ugao

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio

|

Iazko gastronomia jardunaldiak / Geuria

Goi mailako sukaldaritza eta elkartasuna batuko ditu datorren apirilaren 22an Ugaon (18:00etatik 20:15etara Jane Jauregian) ospatuko den Sukaldaritza eta Gastronomia lehiaketaren hirugarren edizioak. Jon Gil herriko sukaldakariak eta Ekaintz Mentxaka alkateak aurkezpen prentsaurrekoan adierazi dutenaren arabera, “sorpresaz betetako” edizioa izango da aurtengoa.

Iazkoak etorkizuna izan bazuen ardatz, Euskadiko sukaldari gazteentzat erakusleiho bikaina izan baitzen, aurten Mitxelin izarrek eta estatu mailako sukaldari ospetsuek dir-dir egingo dute Ugaon: María Amundarain (Arzakeko partidaburua, hiru Michelin Izar), Carito Lourenço (Valentziako Fierro jatetxekoa, Michelin izar bat), Mariana María Sánchez eta Gonzalo Baquedano (Logroñoko Ajo Negro jatetxea, Michelin izar bat), Marcos Mistry (Asturiasko Marcos Jatetxea, Michelín Izar bat), Alatz Bilbao (Mungiako Bakea jatetxea, Repsol eguzki bat) eta Víctor Decastro (Mungiako Leku-Ona gozotegia).

Gilek berak azaldu du sukaldariak ez direla protagonista bakarrak izango:”Garrantzitsua da Euskadiko eta Estatu mailako talentu gazteen potentziala ikusarazten jarraitzea eta herriarekin elkarrekintzarako loturak edo esperientziak bilatzea. Horregatik, aurten ere, sukaldariak, ekoizleak, enologoak, mahastizainak eta nekazaritzaren munduko pertsonak elkartuko gara herritarrentzat interesgarriak diren hainbat ideia eta kontzeptu balioesteko”. Ez da jardunaldi honen helburu bakarra, ordea: Mota honetako ekimenek” borobildu du sukaldari ugaotarrak, “sukaldaritza lehiaketetara hurbiltzeko aukerarik ez duten pertsonei gure sukaldaritzak, gure kulturak eta hemengo profesionalak nola eboluzionatzen ari diren ikusteko aukera eskaintzen die”.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du “gastronomiak eta elkartasunak beti primeran uztartzen dutela”.

Lehiaketa plater-dastatze formatuan gauzatuko dute,  eta bertara hurbiltzen diren ugaotarrek, bere elaborazioaren sekretuak ezagutzeaz gain, prestatutako platerak dastatu ahal izango dituzte.

Hirugarren lehiaketa honetan parte hartu nahi duten 18 urtetik gorako ugaotarrak Jane Jauregira bertaratu beharko dira dagokion inskripzioa egiteko (ugaotarrek lehentasuna izango dute): 688 69 38 36.

Apirilaren 12an hasi eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik izena emateko epea. Presentzialki egin behar da, hurrengo ordutegian: goizez 10:00 14:00 eta arratsaldez 16:00 18:00.

Plazak mugatuak izango dira eta izen ematearen prezioa 20 eurokoa izango . Bildutako diru guztia Aspanovas Elkarteari emango zaio.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Tximeleta Ludoteka Ibaigane Kultur Etxera lekualdatuko dute urritik aurrera, Basaurin

Ludoteka Ibaiganeko KZGuneko prestakuntza-gelan egokituko du Udalak. Eta KZGuneko prestakuntza Arizko Dorretxean eskainiko dute maiatzetik aurrera

|

Agirre Lehendakaria kaleko lokala "kontserbazio-baldintza onenetan" ez dagoela adierazi du Udalak // Google Maps

Tximeleta Ludoteka Agirre Lehendakaria kaletik Ibaigane Kultur Etxera lekualdatuko du urritik aurrera Basauriko Udalak, “zentroko erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko”, diote udal ordezkariek.

“Agirre Lehendakaria kaleko lokala ez da Udalarena eta ez dago kontserbazio-baldintza onenetan”, zehaztu dute udal arduradunek: “Udal Brigadak konponketa txikiak egin baditu ere, ezin da obra handiagorik egin, ez baita Udalaren jabetzakoa”.

Gauzak horrela, hainbat kokalekuren egokitasuna aztertu eta ondorioztatu dute “baldintza guztiak betetzen dituen espazio bakarra” Ibaiganeko Kultur Etxea dela.

Ibaigane Kultur Etxean KZGuneko prestakuntza-gelan ezarriko dute Ludoteka, -1 solairuan eta haur liburutegiaren ondoan. “Horri esker, modu kordinatuan lan egin ahal izango da antolatzen diren jardueretan, bi zertbitzuak adin bereko erabiltzaileentzat izan baitaitezke”, diote.

KZGunea, Arizko Dorretxera

Lekualdaketa honek beste lekualdaketa bat dakar: KZGuneko prestakuntza-gela Arizko Dorretxera eramango du Udalak, Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso ostean.

“Maiatzaren 6tik aurrera Arizko Dorretxeko KZGuneak gaur egun Ibaiganen eskaintzen diren bi zerbitzuak izango ditu: prestakuntza eta nabigazioa”, diote Udaletik.

Herriko beste KZGunea Basozelaiko Gizarte Etxean dago.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Metroko tunelak egiteko zulatze-lanak Aste Santua ostean hasiko dituzte Galdakaon

|

Suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean // Geuria

Metroaren 5. Linea eraikitzeko lanak hasi dituzte Basaurin, Galdakaon eta Usansolon. Momentuz langileak lurra aztertzen eta prestaketa lanak egiten ari dira. Usansoloren kasuan, Puentelatorre Bidea erabat itxita egongo da lau urtez ibilgailuentzat eta oinezkoentzat, “Puentelatorre zubitik Unkinara arteko tartean”.

Galdakaon, tunelak egiteko lanak Aste Santuan hasiko dituztela adierazi du Udalak: “Orduan hasiko dira lurra zulatzen, bideak ixten eta kamioien joan-etorria handitzen”.

Hain zuzen ere, suhiltzaileen eraikina zenaren ondoan, Lapurdiko aparkalekuan eta Agirre Lehendakaria plazaren inguruan, Bengoetxeko Ostalaritza Eskolaren atzealdean, eta Olabarrietan izango du eragina obrak.

Suhiltzaileen eraikina zegoen gunea izango da lanerako eremu handietako bat, “baina, kasu honetan, ez du eragin handirik izango herritarrengan”, diote udal ordezkariek. Hasteko suhiltzaileen eraikina zena eraitsiko dute, eta tunelak egiteko makina bat bertan hasiko da lanean, “Usansoloko makinak egindako zuloarekin bat egin arte”.

Galdakao erdigunean, Lapurdiko aparkalekuan eragina izango dute lanek, eta baita Agirre Lehendakaria plazaren inguruan Metroak izango dituen bi sarreren guneetan ere: plazan bertan haurreskola ondoan, eta Euskadi kaleko etxe berrien ondoan.

“Eragin handiena, halere, Bengoetxen izango da. Metroak Ostalaritza Eskolaren atzealdean geltokia izango du eta beraz, eraikitze lanak nabarituko dira. Baita hortik gertu, Sixta Barrenetxea ondoko aparkalekuan ere, lanek irauten duten artean bertan egongo baitira obren beharretarako kasetak. Lurra ateratzea eta kamioien joan-etorria etengabea izango da inguru horretan zulatze lanak hasten direnean. Errail bat moztu egingo da kamioiak N-634tik sartu eta irten daitezen, herrira sartu barik, eta horrek asko txikituko ditu kalteak”, diote udal ordezkariek.

Aperribaiko geltokia Olabarrietan egongo da. Lanak egiten diren bitartean N-634 errepidera zuzenean joateko bidea moztuta egongo da eta oinezkoek altueran jarritako pasabide bat izango dute autobus geltokira joateko.

Osorik irakurri