→Hego Uribe

Alazne Aiestaran: “Euskarazko kazetaritza produkzioaren zatirik handiena tokikoetan dago”

Kazetari ermuarra doktorea da komunikazio zientzietan eta hainbat ikerketa egin ditu euskarazko tokiko hedabideen inguruan.

Aiestaran irakaslea da EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean / Geuria

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

Alazne Aiestaran (Ermua, 1972) doktorea da komunikazio zientzietan eta irakaslea ere bada Euskal Herriko Unibertsitatean. Tokiko hedabideen esparrua ondo baino hobeto ezagutzen du: Ermua eta Mallabiko Drogeteniturri aldizkariko zuzendaria izan da urte luzez eta egun kolaboratzaile gisa ari da bertan. Bestetik, tokiko hedabideen irakasgaiko irakaslea da Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Bere doktorego tesia Deba-barreneko sei herri aldizkari aztertuta egin zuen. Ikerketa horretatik ateratako ondorioez eta tokikoek egun bizi duten panoramaz berba egin dugu berarekin.

Zer nolako garrantzia dute tokiko hedabideek euskal kazetaritzan?
Erabatekoa. Izan ere, euskarazko eguneroko nazio mailako prentsak ez du tokiko informazioaren esparrua nahi bezala betetzen. Berria da Euskal Herrian euskaraz daukagun egunkari bakarra eta ezinezkoa du tokian tokiko egunerokoa gertutik jarraitzea. Hutsune hori euskarazko tokiko hedabideek bete behar dute. Eta jakina betetzen dutela. Euskaraz sortutako informazio gehiena tokiko hedabideek sortzen dute. Bestetik, justizia kontu bat ere bada. Zergatik ez dugu ba euskaldunok gure inguruko informazioa euskaraz irakurtzeko eskubidea izango?

Zerk bereizten du tokiko hedabide bat?
Irakurleekiko gertutasunak, zalantzarik gabe. Informazioa milaka lekutik iristen zaigu egunero eta geroz eta zailagoa da edukien uholde horretan irakurleen arreta bereganatzea. Tokikoek aukera ederra dute hor: jendeak askoz ere errazago irakurriko du bere herrian gertatutako zerbait ehunka kilometrotara gertatutako zerbait baino. Gure ingurukoen nondik norakoak kontatzen dituzte tokiko hedabideek, ezagunek egin dutena, auzokoari gertatu zaiona, egunero ibiltzen zaren kaleetan bizi dena. Eta hori da benetan interesatzen zaiguna. Gainontzeko hedabideetan agertzen ez diren ahots horiei lekua egiten zaie tokikoetan eta herritarrek asko baloratzen dute hori.
Kazetariaren eta herritarren arteko lotura berezia sortzen du horrek.
Maila lokalean kazetariak erreferente bihurtzen dira herritarrekiko. Eduki bat sinatzen duen izenaz harago, irakurleak badaki egilea nor den. Kazetaria irisgarria da herritarrentzako eta herritarrak irisgarriak dira kazetariarentzako. Gertutasunak konfiantza sortzen du bi aldeen artean eta horrek izugarri aberasten du tokiko komunikabidea eta hedabidearen eragin eremua. Gaiak anitzagoak eta benetakoagoak dira, eta produktua erakargarriagoa da denontzat. Bi aldeen arteko konfiantza horri lotuta, uste dut kazetariak ere kontu handiagoarekin lantzen dituela gaiak.

Nolakoa da kazetariaren lana?
Lana zuzenean egin beharra dago. Hau da, oso gutxi dira tokiko informazioaren alorrean jasotzen diren prentsa oharrak. Informazioa kalean bilatu behar da, elkarrizketak aurrez aurre egin behar dira, eta hori oso jardun polita da kazetariarentzat. Lan handia da, baina oso atsegingarria da jendearekin kontaktu humano hori izatea. Maila nazionaleko gaiek geroz eta oztopo gehiago jartzen dituzte iturriengana heltzeko: bitartekariak, prentsa arduradunak, bozeramaileak… Tokiko hedabideek gertaeren protagonistekin hitz egiteko aukera izaten dute gehienetan, eta hori da, azken finean, benetako kazetaritza.

Eman dezake herri batek ez duela nahikoa eduki interesgarririk sortzen.
Jakina baietz! Zure herri inguruko egunerokoa gertutik jarraitzen hasten zarenean konturatzen zara auzokoek gauza harrigarri pila egiten dituztela, baina inork kontatzen ez dituenez, hiruzpalau kaletara bizi direnek ez dute ezagutzen. Istorio horiek informazio bihurtzen ditu tokiko hedabideak eta orduan bai, oihartzuna du herrian. Kasu askotan, maila nazionaleko hedabideen interesa pizten dute halako istorioek. Ohikoa da ETB bezalako hedabide batek tokiko erredakzioetara deitzea kontaktu eske. Eurak bestelako esfera batean daude eta kosta egiten zaie halako istorioetara heltzea.

Beste hedabideentzako informazio hornitzaileak bihurtzen gara orduan.
Euskarazko kazetaritza produkzioaren zatirik handiena hortxe dago, tokiko hedabideetan. Bigarren mailako produkziotzat jotzen dira askotan, baina errealitateak erakusten du herritarren artean eta hedabide handietan interes maila handia sortzen dutela. Nire ustez tokiko hedabideetan izugarrizko konplexuekin jokatu dugu orain arte. Gure txikitasunean aritu gara, bigarren mailakotzat hartu izan den informazio lantzen dugulako, baina ikerketen datuek erakusten dute ezetz, herritarrek uste baino hobeto baloratzen gaituztela.

Tokikoak politikoki lerrotuta daudela pentsatzen duenik egon daiteke, diru laguntzak direla eta ez direla.
Burututako ikerketek baina, ez dute errealitate hori adierazten. Tokiko hedabideen ardatza oinarri sozial zabala eta plurala duten elkarteak eta norbanakoak dira, eta hauen helburua herrigintza sustatzea eta euren aburuen berri ematea da. Gainera, tokikoek zabaltzen duten informazioa kontrastatzea oso erraza suerta dakioke irakurleari, beraz, nekez ibiliko da kazetaria sasi egietan. Jakina udalen diru laguntza jasotzen dutela tokikoek, eta hori ez da ezkutatu beharreko zerbait. Tamalez, toki gehienetan hala izan behar du euskarazko komunikazio proiektu batek iraun dezan eta nire ustez diru partida horiek bermatuak egon beharko lirateke beti. Errealitate linguistikoak hala eskatzen du. Dena den, eskualde bateko kolore politikoa oso bestelakoa izaten da herritik herrira eta, denboran zehar, aldakorra herrian bertan. Horrek ere orekatu dezake hedabidearen joera. Nire ustez Euskal Herriko hedabiderik zintzoenetakoak dira tokikoak.

Etorkizuneko kazetarien irakaslea zara. Zer mezu helarazten diezu ikasleei?
Gaur egun kazetaritza euskaraz ikasten dutenek, euren jardun profesionala euskaraz egin nahi dutenek, aukera gehien duten tokia tokiko hedabideak dira. Kuantitatiboki askoz ere gehiago dira sektore honetan aritzen diren hedabideak maila nazionalean aritzen direnak baino. Hedabide ‘txiki’ hauek, gainera, primerako eskola dira, bertan sartzen zaren momentutik denetik egitea tokatzen zaizu eta: informazio politikoaren jarraipena egin, kulturala, kirolak… Argazkiak eta bideoak egitea ere tokatuko zaizu, webgunea eguneratzea, sare sozialak kudeatzea eta egunkaria maketatzea. Konplexuekin bukatu beharra dago. Ikasleei galdetzen badiezu non egin nahi duten lan, EITB, RTVE, La Sexta eta halako hedabide erraldoiak aipatzen dituzte beti. Ez dago gaizki, inondik inora ere, baina argi izan behar dute tokiko hedabideen proiektu asko leku aproposak eta duinak direla kazetari gisa aritzeko eta ibilbide profesionala bertan garatzeko.

Bost urte bete ditu Geuriak. Zer iruditzen zaizu Hego Uriben garatu duen proiektua?
Izugarri pozgarria da Geuria bizi bizirik dagoela ikustea. Nik badakit zer den euskara nagusi ez den toki batean euskarazko kazetaritza egitea, eta Geuriak egin duen lanak meritu handia du. Duela bost urte sortu zen Geuria, eta ziur naiz denbora tarte honetan orain arte euskara arrastorik izan ez den etxeetan euskara sartu duela lehenengoz. Egiten duzuen aldizkaria erakargarria da euskaldunentzako eta baita erdaldunentzako ere. Erdaldun batek ez du Espainiako egoera politikoaren analisi bat irakurriko euskaraz, baina ziurrenik ahalegintxo bat egingo du auzokoa herriko egunkariko azalean ikusten duenean. Eta hori gertatzea hilero ahalbidetzen du Geuriak. Bestetik, txalotzekoa da ale bereziak sortzeko egiten duen ahalegina. Halako produktuek balio erantsia ematen diote tokiko komunikabideari eta kalitatearen berme argia dira.

Zer garrantzi du eskualdeko ereduak?
Bakarka egin ezin diren hainbat gauza eskualdeka bilduta erraz egin litezke. Eta informazio aldetik, zer esanik ez. Gaur egun hilabetekari direnak astekari izatera pasa litezke, herri bateko istorioak eskualde osoan irakurri ahal izango lirateke, horrek sortzen duen aberastasunarekin. Produktu osoagoak eskaini daitezke indarrak batuta, eta erabiltzen diren baliabideei etekin handiagoa atera. Baina noski, gertatzen da, eta normala da hala izatea, hedabideotan lanean ari den jendeak inplikazio handia duela eta proiektua bere egiten duela. Ondorioz, asko kostatzen da etapa bat itxi eta berri bat abiatzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak