→Hego Uribe

Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberioko oinezkoentzako ibilbideak, mugikorrean

Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberio zeharkatzen dituzten bost ibilbide jaso ditu Aldundiak Kolesterolaren Ibilbidea mugikorreko aplikazioan.

Zaratamo-Arkotxa ibilbide naturala inauguratu zuten otsailean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak 10.000 biztanletik beherako Bizkaiko 92 udalerritako herritarrek egiten dituzten oinezkoentzako ibilbideak jaso ditu Kolesterolaren Ibilbidea aplikazioan. 160 ibilbide agertzen dira guztira, luzera eta zailtasun ezberdinekin: kilometro bat baino laburragoak direnak eta 13 kilometro artekoak. Hego Uribe eskualdean Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberio zeharkatzen dituzten bost ibilbide jaso dira.

Besteak beste, Ugaoko herriari itzulia (5,82km), Ugao-Nerbioi ibaia-Martiartu ibilbidea (2,57km), Ugao-Arrigorriaga ibilbidea (4,37km), Zeberio-Ermitabarri-Undurraga ibilbidea (3,78km) eta Zaratamo-Elexalde-Urdinbide ibilbidea (2,84km) jaso ditu aplikazioak.

Lorea Bilbao foru diputatuaren hitzetan, Kolesterolaren Ibilbidea webgunea herritar bakoitzaren interes eta beharretara ondoen egokitutako ibilbidea aukeratzeko tresna bihurtu du Aldundiak,  “herritarrek ibilaldia prestatu ahal izateko informazio guztia eskura izateko”.  Bilbaok gaineratu du “Aldundiko teknikariek zorrotz aztertu dituztela ibilbideak, besteak beste,  ibilbidea egiteko denbora, zailtasun maila, zeharkatzen duen ingurune mota, segurtasun maila, argiztapena, garraio publikoagaz dituen loturak…”.

Zirkuituen bilaketa irizpide edo iragazki batzuk erabiliz egin daitezke: eskualdea, udalerria (ibilbide batzuen kasuan udalerri bat baino gehiago  zeharkatzen da), ibilbidearen luzera, ibilbide-mota (zirkularra edo lineala), zailtasuna (altua, ertaina edo baxua), segurtasuna (altua, ertaina edo baxua) edo irisgarritasuna (altua, ertaina edo baxua) erabakita. Ibilbideak bilatzeko sakatu hemen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak