☉ Basauri
Asier eta Erika (Psicokide): “Gure esku dago itxialdia galera edo aukera gisa hartzea”

Asier Arrieta eta Erika Martínez Basauriko Psicokide umeei, gazteei eta nagusiei zuzendutako psikologoen zentroaren sortzaileak dira. Itxialdiak buruz indartsu izatera behartzen gaitu, ohitura berriei aurre egitera eta errealitateari gogor eustera. Horretan guztian norbanakoaren eta kolektiboaren psikologiak asko du esateko.
Lehenik eta behin, nola zaudete?
Danon antzera, egoera berri bat bizitzen, etengabe aldaketan dagoen egoera honetan. Garrantzitsua da gure burua okerrenean ez jartzea, baina arriskuaren jabe izan behar gara eta errealitatera ahalik eta gehien gerturatu.
Eta nola ari zarete kontsultan lanean?
Bada ezin dugu betiko martxan lan egin, eta gu ere moldatu behar izan gara. Umeen kontsultak gurasoekin egiten ditugu bideokonferentzia bidez. Gazteekin, ostera, eurekin egiten ditugu kontsultak bideo bidez, online. Eta nagusiekin ere egiten ditugu kontsultak. Hauen kasuan hiru aukera eskaini dizkiegu: kontsulta atzeratu, online egin edo, azken aukera gisa, kontsulta presentziala egin betiere higiene arauak betez bi aldeen aldetik. Hala ere, egia esan, beti eskaini izan dugu gurekin harremanetan online jartzeko aukera.
Lantaldean, zuon artean koordinatzen?
Psicokiden hiru gara: Erika Martínez -nagusien psikologian aditua-, Leire Elordi -psikologia perinatalean aditua-, eta ni -umeen eta gazteen psikologian aditua-. Koronabirusaren krisia heldu aurretik, egunero zazpi bat kontsulta egiten genituen. Orain, egoera berrira egokitu ditugu ordutegiak. Gainera, kasu presentzialetan, kontsulta eta kontsulta artean erabiltzen dugun material guztia desinfektatu egiten dugu.
Konfinamendu egoerak buruz indartsuak izatera behartuko gaitu.
Oraingoz ez dugu kontsulta berririk jaso, baina egia da konfinamenduk egoera zailak sortu ditzakela: gure eguneroko ohiturak aldatu ditugu, gizarte bizitza asko mugatu dugu, stressa gutxitzeko interesak eta afizioak agian ezingo ditugu aurrera eraman…
Antsietate eta depresio egoerak ikusiko ditugu?
Frustrazioak, beldurrak, nahasmena… Halakoak sortuko dira. Garrantzitsua da jakitea gauza batzuk ezin ditugula kontrolatu, baina beste asko gure esku daude: gure pentsamenduak eta gure jarrera. Egoerak gugan izaten ari den eragina ez dugu estali behar: gure emozioak agertu behar ditugu, gure artean zaindu, deskantsatu eta errealitateari neurria hartu. Hau ez da betiko hala izango, normaltasuna itzuliko da.
Eta zenbaiti indartsuago eragingo die egoera honek?
Esango genuke neurri handiago edo txikiagoan herritar guztioi eragingo digula Covid19ak. Oro har, adin tartearen araberakoa dela esan dezakegu: adineko pertsonek asko pairatuko dute itxialdia eta senideekin ez egotea (nahiz eta euren onerako izan); gurasoentzat gogorra izango da egungo lan bizitza eta familiartekoa uztartzea, eta horri hezkuntza gehitu behar zaio; langile eta enpresariei ere gogor eragingo die egoerak, etorkizun ekonomikoaren ezjakintasunagatik batez ere; umeei itxialdiak eta egoera bere osotasunean ez ulertzeak eragingo die; finean, egoera berri honek egungo gizartearen ikuspegia aldatuko digu, gure arteko harremanak ere bai, eta ikusi behar zein eragin dituen etorkizunean epe labur eta ertainean.
Lana aurrera ateratzen ari zarete, baina etorkizuna beltz dator?
Garai ilunak datozela ematen du, bai. Baina pentsatu nahi dugu, behin egoerak hobera egiten duenean, aurrera aterako garela, egoera gainditu eta berriro martxan hasi.
Zer aholku ematen dituzue konfirnamendua eramangarria izan dadin?
Egoera berria da, zalantzaz beteta eta ez dugu denborarik izan egokitzeko, ia-ia egun batetik besterako aldaketa izan da. Tentsioa kentzeko ohiturak sortzea gomendatzen dugu, esaterako, ariketa fisikoa, lasaitasun eta arnasketa uneak; eta horiek familiarekin eta lagunekin ditugun harremanekin uztartu danok dugun zama arintzeko; inoiz egin ezin ditugunak egiteko aprobetxatu, baita deskonekzio momentuak ere eduki behar ditugu.
Prest al gaude etxean 15 egun, hilabete edo bi pasatzeko?
Funtsezkoa da egoera ulertzea, erlatibizatzea eta mugatua izango dela jakitea. Gure orain arteko moduan erabat konektatuta egon da, birtualki eta presentzialki. Orain, konfinamendua definitzen gaituen horren guztiaren itxialdi eta galera gisa har dezakegu, edo egoerari buelta eman, aukera bezala ikusi eta kontrola hartu: ezin dugu gure eguneroko bizitza egin, hortaz gure alde berriak topa ditzagun. Ezinegonetan ere haz gaitezke.
Eta gurasoek jarrera bereziren bat hartu behar al dute umeen zaintzan?
Umeekin pazientzia eduki behar da. Nagusiok kostata ari bagara tentsioak eta stressak kudeatzen, pentsa umeak bizitasun handikoak direla eta ezin dutela beti bezala korrika eta salto egin, nekatu eta libre izan. Bai guretzat, bai eurentzat ohiturak sortzea garrantzitsua izango da, beti ere malgutasunez jokatuta. Ohiturek euren buruan ordena, estruktura eta segurtasuna sortzen dute: jolasak, ariketa fisikoa eta gorputzaren mugimendua, eskola lanak, irakurketa… Badakigu zaila dela, baina lana eta familia ahalik eta ondoen uztartu behar ditugu.
Umeek jakin behar dute zer gertatzen ari den. Adinaren arabera, mezua moldatu beharko dugu, baina kontatu behar diegu zer geratzen ari den, zintzotasunetik, eta zergatik ari garen egoera berri honetan. Ez badiegu behar bezala kontatzen eta ez badute erabat ulertzen, fantasiarekin beteko dituzte buruan duten istorioaren hutsuneak. Ez ditugu euren zalantzak eta beldurrak baztertu behar: zerbait galdetzen badute jakin behar dutelako da, seguru sentitu gura dutelako. Eta, bide batez, familia giroan disfrutatzeko aukera paregabea dugu. Aprobetxa dezagun.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.
☉ Basauri
Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak
Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.
Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.
Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.
☉ Basauri
Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko dituzte Basaurin Enplegu Planaren barruan
Gazteentzat bi lanpostu eta gainontzekoentzat beste 35 eskainiko ditu Udalak. Gainera, Lehentasunezko Arreta behar duten 40 kontratazio egingo ditu

Langabezian dauden 77 pertsona kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbidek sustatutako Enplegu Planaren barruan.
Hasteko, 16 eta 30 urte bitarteko bi gazte kontratatuko dituzte webmaster eta sistemen teknikari lanpostuetarako. Kontratazioak 12 hilabetekoak izango dira eta lan-jardunaldia % 100ekoa izango da.
“Euskadiko EGF+ programaren bitartez bi gazte kontratatuko ditugu. Helburua da gazte horiei lan-esperientzia bat eskaintzea, beren gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak indartzeko beharrezkoa izango dena”, dio Isabel Cadaval Basauriko Udaleko Enplegu arloko zinegotziak.
Beste alde batetik, beste 35 lanpostu eskainiko ditu Udalak ESTE Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako programaren barruan.
Lanpostu horiek dira: Udal Brigadarako biltegiko langilea (1), igeltsero laguntzailea (5), gidaria (1), eraikuntzako peoia (8), elektrikaria (2), eta elektrikari laguntzailea (1), administrari-laguntzailea (8), community managerra (1), Tokiko Osasun Sarearen dinamizatzailea (1), tokiko merkataritzaren alorreko prospekziogilea (1), ekintzailetzako teknikaria (1), mantentze-lanetako laguntzailea (1), ‘Merkataritza Euskaraz’ kanpainaren dinamizatzailea (1), katastroko agentea (1), humanitateetako erdi-mailako teknikaria (1), eta liburutegiko laguntzailea (1).
Kasu horietan, 3, 5 edo 9 hilabeteko kontratuak eskainiko dituzte, lan-jardunaldi desberdinekin.
Izena ematea
Basauriko Udalak bete beharreko lanpostuen ezaugarriak bidaliko ditu Lanbidera, eta han, gero, bilaketa bat egingo dute lana eskatzeko izena emanda daudenen artean, eta, gainera, eskaintzak argitaratuko ditu bere webgunean, interesa duten eta baldintzak betetzen dituztenek izena emateko aukera izan dezaten.
“Datozen egunetan zabalduko dute lanpostu horien eskaintza, eta, hartara, gomendatzen dugu datuak eguneratzea Lanbiden; bai lan-esperientziari dagokionez, baita eskuratutako titulu berriei dagokienez. Era berean, eskaintzetan izena ematera dei egiten dugu”, dio Asier Iragorri alkateak.
Izapideak Lanbideren webgunean egin ahalko dira, edo, aukeran, aurretiazko hitzordua eskatuta 945 160 600 zenbakira deituz.
“Hurrengo urratsa izango da Lanbidek hautatutako pertsonen zerrenda bidaltzea Udalari, eta hark hautaketa-prozesua egitea: teknikarien eta giza baliabidetako langileen talde espezifiko batek hautagaitzak ebaluatuko ditu, ordezkari politikoen parte-hartzerik gabe”, diote.
Beste 40 kontratazio
36 lanpostu horiez gain, beste 40 kontratazio burutuko ditu Udalak. Kasu honetan Lehentasunezko Arreta behar duten Kolektiboei daude zuzenduta lanpostuak, eta horiek dira: bankuak eta hiri-altzariak margotzea (8), eskola-orduetatik kanpo patioak dinamizatzea (Patioak Zabalik), agente zibikoa (12), eta kulturarteko horma-irudiak margotzea (8).
Programa hori Euskadiko hirugarren sektoreko entitateek kudeatuko dute. Seil hilabeteko kontratuak izango dira, lan-jardunaldiaren % 75ean, eta formakuntza eta lan-orientazioa ere eskainiko diete parte hartzen dutenei.
Basauriko Udalak deialdiaren berri emango du aurrerago, “izapidetze-fasea hasten denean”, diote.









