→Hego Uribe

Sedentarismoaren kontrako Mugiment sarearekin bat egin dute Basaurik eta Etxebarrik

etxebarri mugiment sarea 2018 aurkezpena mugimenteus

Sedentarismoa ezabatzea eta kirol-jardun osasuntsua bultzatzea bilatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak Mugiment proiektuarekin.

Mugiment proiektuaren aurkezpena Etxebarrin // Mugiment

Sedentarismoa ezabatzea eta kirol-jardun osasuntsua bultzatzea bilatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak Mugiment proiektuarekin

Sedentarismoaren kontra egiteko eta herritarren bizitza aktiboa sustatzeko Mugiment sarea eratuko du Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Ekimena Bizkaiko udalerri guztietan aurkeztu dute eskualdeko bileren bidez eta Mugiment programan atxikitzeko kanpaina hasi dute. Dagoeneko Etxebarrik, Basaurik, Lemoak, Getxok, Berangok eta Txorierriko Mankomunitateak adierazi dute proiektuan parte hartu nahi dutela. Ildo horretatik, Hego Uribe eskualdeari dagokionez, Etxebarriko eta Basauriko Udalek bizi-ohitura osasuntsuak bultzatzeko sare propioak eratu dituzte: Etxebarri Martxan eta Basauri Sano Bizi markak, alegia.

Hain zuzen ere, udalerriek Mugiment programari atxikitzeko kontuan hartu beharreko ezaugarri garrantzitsuenetako bat sare-lana da. Hau da, udalerriko hainbat agente (anbulatorioko langileak, eskoletakoak edota elkarteetako kideak) lanean aritzea Mugiment proiektuko erakundeekin batera helburu jakin bat lortzeko: pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea.

Proba pilotua

Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzak hiru atal nagusi dauzka: aholkularitza tekniko berezitua udalerri bakoitzerako, prestakuntza teknikoa, eta ariketa fisikoa egitea eta kirolean ondo jardutea bultzatzen duten proiektu berriak sustatzea (udalerrian bertan aritzea, aire zabalean eta norbere kontura). Bizkaiko Foru Aldundiak bi hilabetez bultzatuko du jarduera eta ondoren Udal bakoitzak bere gain hartuko luke ekimena.

Udalerriko herritarren artean ariketa fisikoa bultzatzeko estrategiak ezartzeko proba pilotua egingo dute lau udalerrietan: Ermuan, Karrantzan, Lemoan eta Getxon 3 orduko 2 saio egingo dituzte urteko lehen seihilekoan. Urteko bigarren seihilekoan eskaintza zabalduko da.

Parke biosasungarriak

Aurreko bi urteetan bezala aurten ere Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko udalerri batzuetako herritarrei parke biosasungarriak ondo erabiltzen ikasteko aukera emango die, ariketa fisikoa bultzatzeko asmoarekin. Ekimen honen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak lortu nahi du Bizkaiko adineko pertsonek ikastea parke biosasungarriak tresna egokiak direla ariketa fisikoa egiteko eta, beraz, beren osasuna hobetzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak